Venezuelako oposizioa pozik dago. Primarioak egin ditu, eta garaipen moduko bat izan da, barne kontsulta bera egiteaz gain aspaldian izan ez duen batasun irudia helarazi baitu datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetara begira. Horren erakusgarri da garaileak bildu duen babesa: Maria Corina Machado Asanbleako diputatu ohiak (2011-2014) botoen %93 jaso ditu, behin-behineko emaitzen arabera. Baina, aldi berean, PUD Plataforma Unitario Demokratikoan elkartu diren alderdiek ziurgabetasun garai batean sartu dute beren burua, Machado inhabilitatuta baitago, eta, hortaz, ezin baita aurkeztu 2024ko bozetara.
Barne desadostasunak eta krisia protagonista dituen honetan, PUDek bidearen hasiera besterik ez du egin, eta hori bera aitortu zuen primarioen garaileak, atzoko ordu txikietan lehen emaitzen berri jakin eta gutxira: «Amaieraren hasiera da hau. Bide zaila dugu aurrean; hori badakigu». Nicolas Maduro herrialdeko presidentea «eta haren erregimena» boteretik botatzea jarri du helburutzat Machadok, eta argi utzi zuen ez duela amore emateko asmorik. «Agindu bat jaso dut, eta, venezuelarrekin batera, onartu egiten dut agindu hori garrantzitsua izatea».
PUDen presidentegaia VV Zatoz Venezuela alderdi antikomunistaren sortzaile eta koordinatzaile nazionala da, eta babes handia du herrialdeko oligarkiaren, goi mailako klaseen eta erbesteratuen artean. Muturreko jarrerengatik nabarmendu da hilabeteotan, eta Venezuelako presidente ohi Hugo Chavezen eta Maduroren aurkari sutsua da. Oposizioari ere egin dizkio kritikak; batez ere, kide moderatuagoei, gaur egungo presidentea boteretik kentzen saiatzeko erabili dituzten estrategiengatik.
Machadok geroz eta ospe handiagoa du oposizioko boto emaileen artean, baina, printzipioz, ezingo da lehiatu datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetan. Venezuelako Errepublikako Kontu Ikuskaritzak 2015ean ezarri zion lehen aldiz inhabilitazio zigorra —urtebetekoa—, bere ondasunen berri ematean ez zituelako bonu batzuk aipatu. Iragan ekainean, berriz, 2030era arte luzatu zuten zigor hori, «etika publikoaren, moral administratiboaren, zuzenbide estatuaren, bakearen eta Venezuelako Bolivartar Errepublikaren subiranotasunaren aurkako ekintzak» egiteagatik; zehazki, AEBek Venezuelari jarritako zigor ekonomikoen alde agertzeagatik.
Bermeen akordioa
Joan den astean, Venezuelako Gobernuak eta oposizioak presidentetzarako bozetarako bermeak adostu zituzten, eta zera jaso zuten hautagaitzen inguruan: hauteskundeetan parte hartu ahal izango dute «presidentegai guztiek, betiere legeak ezarritako baldintzak betetzen» baldin badituzte.
PUDen arabera, itun hori «bide bat» da inhabilitatuta dauden politikariek «beren eskubideak laster berreskuratzeko», eta, hortaz, 2024ko bozetan parte hartzeko. Jorge Rodriguez Venezuelako Asanbleako presidenteak, ordea, berehala eman zuen beste interpretazio bat, eta adierazi inor inhabilitatua izanez gero ezingo dela hautagai izan.
Printzipioz, agintean dagoen alderdiaren —PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren— eta PUDen artekoak izango dira datorren urteko presidentetzarako hauteskundeak; hori bai, Madurok oraindik ez du baieztatuPSUVen hautagai izango denik.
Machado garaile Venezuelako oposizioaren primarioetan
Asanbleako diputatu ohiak esan du Maduro boteretik botako duela 2024ko bozetan. Inhabilitatuta dago, eta ezingo da aurkeztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu