Portugalgo administrazioak Txinari Macao ofizialki itzuli zionetik mende laurdena bete den honetan, jokoaren munduko hiriburua hain azkar asimilatzeak kezka sortu die demokraziaren aldekoei eta giza eskubideen defendatzaileei. Beldur dira herrialde bat, bi sistema eredua ahultzen ari ote den Pekinek kontrol handiagoa izan dezan Macaon, Hong Kongen gertatzen ari den bezala, neurri handi batean.
Abenduaren 20an, eskualde administratibo berezi hartako gobernuak ekitaldi eta ospakizun handi batzuen bidez gogorarazi zuen 25 urte bete direla Macaoren gaineko boterea Txinari eskualdatu ziotenetik; hain zuzen ere, Erresuma Batuak Hong Kongekin gauza bera egin eta handik bi urte eta erdira. Horrenbestez, Europak jada ez du koloniarik Asian. Zeremonia horiek, mende laurden honetan lortutako aurrerapen ekonomiko eta sozialarekiko harrotasun ofiziala islatzeaz gain, herrialde bat, bi sistema ereduaren arrakastaren narratiba ofiziala inposatzeko ahalegina ere islatzen dute, noiz-eta tentsio politikoak eta askatasun indibidualen aurkako erasoak nabarmen areagotu direnean hego-ekialde kontinentalean.
Carlos Monjardinok —Fundaçao Orienteko presidentea eta 1986an eta 1987an Macaoko ordezko gobernari izandakoa— zera esan zuen Portugalgo agentziari emandako elkarrizketa batean: «badira zenbait arrazoi» Pekini prozesu hori bizkortu dezan «eragozteko», «horixe sinatu baitute, konpromiso horixe hartu baitute» 2049ko abendura arte. «Hasieran, gauzak ondo zihoazen, hau da, Portugalek eta Txinak adostutakoaren arabera. Bolada horren amaiera aldera, ordea, gauzak pixka bat aldatzen hasi ziren, eta —txinatarrek darabilten hitza erabiliz— agerian geratu zen bateratzeko prozesua bizkortu nahia: lehenik, Hong Kongen —prozesua ia-ia bukatua dago—; gero, Macaon, eta, azkenik, Taiwanen; azken horixe da garrantzitsuena», azaldu zuen Monjardinok.
«Agian jendeak ez zuen espero Txinako Herri Errepublikan erabat integratzeko prozesu historikoa bizkortzerik»
SERGIO DE ALMEIDA CORREIAAbokatua eta notarioa
Sergio de Almeida Correia abokatu eta notario portugaldarra da, oso sentsibilizatua giza eskubideen urraketekin, eta ibilbide nabarmena izan du Macaon: esparru publikoan eta pribatuan aritu izan da 80ko hamarkadaz geroztik. De Almeida Correia guztiz bat dator Monjardinorekin, eta adierazi du «naturala» zela prozesu hori «horrela gertatzea», nahiz eta «agian jendeak ez zuen espero Txinako Herri Errepublikan erabat integratzeko prozesu historikoa bizkortzerik». Gainera, azpimarratu du behinola kolonia izandako eremu horretan ez dela inoiz subiranotasun arazorik izan, Angolan eta Mozambiken ez bezala; izan ere, «1976ko konstituzioan, dagoeneko jasoa zegoen Portugalen administraziopeko Txinako lurraldea zela Macao».
«Administrazioa herritarren askatasuna mugatzen hasi zen —hala nola biltzeko askatasuna, manifestatzekoa, mobilizazioak egitekoa, Macaoko eskualde administratibo bereziko batzar legegileetan hautagaitzak formalizatzekoa—, oztopoen bidez eta botere politikoaren nahiarekin bat zetozen interpretazioen bidez», baieztatu du abokatuak. De Almeida Correia bat dator Monjardinorekin: gaur egungo Txinako agintari Xi Jinping iritsi eta finkatu zenean hasi zen Txinako agintariek amestutako «bateratzea», alegia, «umiliazioaren mendea» deitzen zaiona behin betiko amaitzeko prozesua.
«Politikari dagokionez, badirudi Xi Jinpingek bere agintaldian egin nahi duela bateratzea —edo bateratzea erabaki eta formalizatu behintzat—, eta, horretarako, zenbait urrats egin behar ditu», baieztatu zuen Monjardinok. «Baina gauza batzuek eragotzi egiten diote —edo eragotzi egin beharko liokete— bateratze hori egitea, horixe sinatu baita, eta konpromiso horixe hartu baitute». «Macaori dagokionez, 2049. urtean egitea hitzartu zuten, eta 2049ra arte herrialde bat, bi sistema egongo da indarrean», Monjardinoren ustez. Haren arabera, «Macaon ez da Hong Kongen bezainbeste nabaritzen» bizkortze hori: «Izan ere, gu [portugaldarrak eta Macaoko herritarrak] ez gara manifestatu Hong Kongeko herritarren moduan», esan zuen agintari ohiak, Hong Kongen 2019an izandako protestak gogora ekarriz.
«Erresuma Batua oso herrialde indartsua da; Portugal, berriz, nahiko ahula izan da beti»
AU KAM SANMacaoko legebiltzarkide ohia
Macaoko Legebiltzarrean, demokraziaren aldeko hiru politikarik ganberatik alde egin behar izan zuten 2021ean, behar bezain abertzaleak ez izateagatik. Haietako batek, Au Kam Sanek, adierazi du, oro har, Hong Kongekin konparatuta, arreta gutxiago jartzen zaiola Macaon gertatzen denari, Macaon ez dutelako «ezer lortu». «Erresuma Batua oso herrialde indartsua da; Portugal, berriz, nahiko ahula izan da beti. Hong Kongen zerbait gertatzen bada, Erresuma Batuak beti adierazten du egonezina, nola edo hala, baina Macaon zerbait gertatzen bada, portugaldarrak ez dira kexatzen».
Herritarrak ez daude «gustura»
Au Kam Sanen iritziz, Macaoko herritarrak «ez daude batere gustura gizartearekin, besteak beste zirkulazioarekin, etxebizitzarekin eta langabeziarekin lotutako arazoak direla-eta, baina ez da inoiz herri iraultzailea izan —ezta iraganean ere—, eta ez zaie gustatzen zenbait ekintza publiko egitea konforme ez daudela adierazteko». «Eta, orain, Nazio Segurtasunerako Legearen erreformaren ondorioz, asko murriztu da eztabaidarako eta gizarte zibilaren ekintzak egiteko lekua»; are gehiago, «esan daiteke gizarte zibil osoaren jarduera ia hutsaren parekoa dela». Horrez gain, demokraziaren aldeko politikariak gogoratu du garai batean, «oposizioa gogorra zenean, gobernuak neurriak hartzen» zituela.
Monjardino ados dago Au Kam Sanek dioenarekin, hau da, «Txinak errazago onartzen du gure jarrera, britainiarrena edo Hong Kongo herritarrena baino: beti izan gara ‘ikasle onak’ honen guztiaren erdian; horixe da gure bereizgarria, gure herrialdearena, gure zibilizazioarena», adierazi du gobernari ohiak. «Txinatarrek eurek onartu dute, buruan dute; horregatik, gurekin duten loturak ez du zerikusirik Hong Kong dela-eta britainiarrekin duten loturarekin», iradoki du. «Hong Kongen baino askoz hobeto doaz gauzak Macaon, ez dago zalantzarik», esan du ordezkari portugaldarrak.