M23k esan du su etena indarrean sartu dela Kongoko ekialdean

Gerrillak «zuzeneko elkarrizketa bide bat ireki» nahi du Kinshasarekin, bake itun bat adosteko

Kongoko Errepublika Demokratikoaren eta NBEren militar batzuk, Ipar Kivuko Nyiragongon, artxiboko irudi batean. EFE.
ander perez zala
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan izandako saiakerek huts egin dutenez, zalantza handiak daude Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialderako adostu duten azken su etenaren inguruan. Atzoko negoziatu zutenak, behintzat, izan du albiste esanguratsu bat: gatazka horren partaideetako batek, M23 Martxoak 23 Mugimendua gerrillak, atzo esan zuen menia horrekin bat egin duela, eta indarrean sartu dela.

M23ren helburua argia da, eta hala jakinarazi du. Kinshasarekin negoziatu nahi du bake akordio bat adosteko, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du su etena iragartzea; gerrillaren iritziz, horrek «zuzeneko elkarrizketa bide bat» irekiko baitu Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuarekin.

Kinshasak, ordea, orain arte esan du ez duela negoziatuko M23rekin. Halere, bada itxaropenerako tarterik, AB Afrikako Batasunaren bitartekari eta Angolako presidente Joao Lourençok ezinezkoa zirudiena lortu baitu: gerrako aldeek meniarekin bat egitea; neurri horrek arrakasta izaten badu, baliteke bakerako zirrikitu bat irekitzea. Batez ere, eskualdeko aliatuek presio egin diezaioketelako Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente Felix Tshisekediri.

Edonola ere, agertoki horretara iristeko, Lourençoren bitartekaritzari esker adosturikoa betetzea izango da lehen pausoa: hau da, besteak beste, talde armatuekKongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean kontrolpean dituzten eremuetatik alde egitea, beranduenez hilaren 30erako. Su etena ere errespetatu beharko dute; herrialdeko armadak salatu zuenez, gerrillak ez zuen hitza bete, eta adierazi zuen borrokak ez zirela eten atzo. Hildakoak ere izan zirela esan zuten militarrek.

Horren aurretik, ohar baten bidez bakea lortzeko konpromisoa helarazi zuen arren, M23k ohartarazpen bat ere egin zuen atzo, adierazi baitzuen bere burua defendatzeko «eskubidea gorde» duela badaezpada, eraso egiten baldin badiote: «Ahaleginak apaldu gabe defendatuko ditugu biztanleria zibila eta haren ondasunak». Halere, tentsioa baretzeko mezu gehiago ere jakinarazi zituen gerrillak, eskualdeko aliatuei eta Afrikatik kanpoko herrialdeei eskatu baitzien ez eteteko bakea lortzeko ahaleginak.

Gerrilla, Gomako ateetan

Atzoko su etena indarrean sartu aurretik, herenegun, borrokak izan ziren Kongoko Errepublika Demokratikoaren armadaren eta gerrillaren artean, Ipar Kivun, eta, horietan, gutxienez bi lagun hil ziren, herrialde horretako gobernuak jakinarazi zuenez. 2013ko abenduan, Kinshasak eta M23k bake itun bat adostu zuten, baina gerrillak hautsi egin zuen iazko martxoan, eta berriz ekin zion ofentsibari. Atzoko menia, berriz, une erabakigarrian iritsi da, gerrilla Gomako, Ipar Kivuko hiriburuko ateetan baitago.

Urteotan, Kongoko Errepublika Demokratikoak Kigaliri egotzi dio M23 babestea, eta hark Kinshasari leporatu dio Ruandako genozidioan parte hartu zuten gerrillariek osatutako Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoak talde armatu hutuari babesa ematea. Biek ala biek ukatu dituzte kolaborazio horiek, baina NBE Nazio Batuen Erakundeak kontrakoa adierazi du, eta frogatutzat jo ditu harremanak.

Horrek bi herrialdeen arteko tentsioa handitu du, eta harremana are gehiago okertu da hilabeteotan. Urtarrilean, esaterako, Kongoko Errepublika Demokratikoak «gerra ekintza bat» egitea egotzi zion Ruandari, bere hegazkin bati tiro egiteagatik; Kigalik argudiatu zuen «defentsa neurriak» hartu zituela, abioia beren aire eremuan sartu zitzaielakoan. Ez zen izan ez hildakorik ez zauriturik.

Testuinguru horretan, espero da atzo indarrean sartutako su etenak bi herrialde horien arteko harremana onbideratuko duela, eta zibilen egoera hobetzeko balioko duela. NBEren arabera, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko gatazkak gutxienez 600.000 desplazatu eragin ditu, eta 2.300 lagun hil dituzte iazko martxotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.