M23ak ez du parte hartuko bake negoziazioetan

Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Martxoak 23 matxino taldea bihar ziren akordio bat negoziatzen hastekoak. Matxinoen buruzagiei EBk jarritako zigorren ondorioz hartu du erabakia M23 taldeak.

Martxoak 23 matxino taldeko kideak auto batean, Bukavun, otsailaren 22an. MARIE JEANNE MUNYERENKANA / EFE
Martxoak 23 matxino taldeko kideak auto batean, Bukavun, otsailaren 22an. MARIE JEANNE MUNYERENKANA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko martxoaren 17a
20:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean gerran jarraitzen dute herrialdeko armadak eta M23 Martxoak 23 matxino mugimenduak. Ostegunean, ordea, gatazka eten zitekeela ohartarazi zuten bi aldeek, iragarri baitzuten bake akordio bat negoziatzen hasiko zirela. Bihar ziren eztabaida hastekoak, baina M23 Mugimenduak jakinarazi du ez dela bertaratuko.

Matxino taldeak gaur kaleratu duen ohar batean adierazi duenez, EB Europako Batasunak taldeko zenbait goi karguduni ezarritako zigorrei erantzuteko hartu du erabakia. M23ko buruzagi politiko Bertrand Bisimwa da zigortuetako bat.

Bruselaren erabakia, hala ere, ez da M23 taldeak negoziazioetan parte ez hartzeko arrazoi bakarra. Gaurko oharrean azpimarratu dutenez, matxinoek Kongoko Errepublika Demokratikoaren armadari leporatzen diote azken orduetan erasoan jarraitzea. Izan ere, Angolako presidenteak —bitartekari lanetan ari da, eta bihar herrialde hartako hiriburuan ziren bilera egitekoak— bi aldeei eskatu zien atzo indarrean sartuko zen su eten bat abiarazteko. M23 taldeak Kongori egotzi dio hori ez betetzea: «Baldintza horietan, ezinezkoa da elkarrizketarik abiaraztea. Beraz, gure erakundeak ezin du parte hartu negoziazioetan».

Matxinoek urtarrilaren 27an hartu zuten Ipar Kivu eskualdeko hiriburua, hainbat urtez bi aldeen arteko egoera bare egon ostean. Ordutik, herrialdeko armadaren eta matxino taldearen arteko gatazka areagotu egin da, eta M23 taldeak, Gomaren kontrola eskuratzeaz gain, Hego Kivuko hiriburua hartu du. Kongoko Errepublika Demokratikoaren datuen arabera, urtarriletik 8.500 lagun hil dira borroketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.