Independentziaren aitzinetik eta independentziaren ondoren ere bakea ezagutu ez duen herrialdea da Kongoko Errepublika Demokratikoa. Belgikaren uztarripean pairatutako era guztietako gehiegikeriei independentziak bukaera emanen zien itxaropena sortu zen 1960ko hamarkadan, baina barrenetik eta kanpotik xaxatutako barne gatazkek odolustu dute munduko herrialde aberatsenetakoa. Urteotan Kivuko gatazka izan da Kinshasako gobernuaren buruhauste handienetakoa, baina konponbiderako urrats garrantzitsu bat egin da, M23 Martxoak 23 mugimenduak adierazi baitu matxinada utziko duela eta «eta bide politiko hutsei» ekinen diela. «Bukatu dela erran dezakegu, baina ezin da inoiz jakin», erran du Lambert Mende Informazio ministroak. Izan ere, azken hamarkadan M23ren aitzindari izan diren taldeek birritan ekin diote borrokari.
Joan den hilabetean galera handiak jasan ondoren hartu du M23k matxinada uzteko erabakia. 2012ko apirilean hasi zuen borroka, eta ordutik milaka lagun hil dira, eta 800.000 inguruk etxea utzi behar izan dute Kivun. Joan den igandean su-etena eman zuen, baina Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak atzo goizaldean bidali zituen matxinoak kontrolpean zeuzkaten azken bi gotorlekuetatik: Tshanzu eta Runyoni, ekialdeko Ipar Kivu probintzian. Baina gatazkaren garapen militarraz gain, itxura guztien arabera M23ren deklarazioak bide orri diplomatiko bati jarraitu dio. Izan ere, herenegun arratsean Kongoko Errepublika Demokratikoak eta Afrikako bertze hemeretzi estatuk adierazpen bat sinatu zuten Pretorian. Bertan, M23ri eskatu zioten jendaurreko adierazpen bat egiteko matxinadari uko eginen ziola adieraziz. Mende Informazio ministroak adierazi du M23k matxinada utzi duela «egiaztatu» eta bortz egunera sinatuko duela gobernuak bakea.
Nahiz eta garaipen militarra aldarrikatu, bakea ez dagoela ziurtatuta ohartarazi du Mendek, M23ko zenbait buruzagik ihes egin baitute. Desmobilizatzeko agindua Bertrand Bisimwak sinatu du. Ustez Ugandara edo Ruandara ihes egin dutenen artean dago Sultani Makenga buruzagi militarra. Menderen arabera, gerrilla operazioak zuzendu litzake iheslarien fakzioak.
Kivun gatazka behin betiko edo epe luzerako bukatzeko, ordea, oinarri sendodun aldaketak gauzatu beharko dira Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta inguruko herrialdeen eta nazioarteko bertze eragileen jarreran. 200 etniatan baino gehiagotan banatutako 75 milioi herritar bizi dira Europa mendebaldearen eremua duen herrialdean. Independentziaz geroztik, estatuak ez du lortu bere kontrola lurralde osoan ezartzea. 2003an Kongoko Bigarren Gerra bukatu zen, bortz urteren ondoren. Gatazkaren neurriagatik Afrikako Mundu Gerra deitu zioten; izan ere, Afrikako bederatzi herrialdek eta hogei talde armatuk parte hartu zuten. Herrialdea txikituta gelditu zen, eta Txinako gerra zibilaz geroztik (1946-1950) hildako gehien utzi duen gatazka izan da —bortz milioi inguru—. Nahiz eta Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarrak munduko pobreenetakoak diren, herrialdea aberatsenetakoa da baliabideei dagokienez. Munduko diamante meatzeen heren bat inguru dago han, eta koltan erreserben %70 inguru —gailu elektronikoak egiteko erabiltzen da koltana—. AEBetako eta Mendebaldeko multinazionalen eta Txinaren gutizia dira aberastasun horiek.
Osagai horiekin estatu ahul batek egonkortasuna lortzea lan nekeza da. Kivuko gatazka bera da horren adibide, 2003an gerra bukatu ondoren berpiztu baitzen, armadan integratutako matxino ohiek berriz ere gobernuaren aurka jotzea erabaki zutenean. CNDP Herriaren Defentsarako Batzar Nazionalak eta gobernuak 2009an sinatu zuten bake akordioa, eta, horri jarraikiz, matxinoak berriz ere armadara itzuli ziren. Iazko apirilean, ordea, CNDPko kide ohiek 2009ko akordioaren baldintzak urratzea leporatu zioten gobernuari, eta berriz matxinatu ziren, M23 sortuta.
Ruandak du hitza
Matxinadarik ez berpizteko, Ugandak baina gehienbat Ruandak edukiko dute zeresana. Izan ere, nahiz eta bi herrialdeek ukatu, haiei egotzi diete NBE Nazio Batuen Erakundeak, Kongoko Errepublika Demokratikoak eta nazioarteak, oro har, M23 eta haren aitzineko taldeei laguntzea. M23ko gerrillariak tutsiak dira nagusiki, Ruandan agintea duen etniakoak. Hutu etniako matxinoen aurka jotzea argudiatuta esku hartu izan du Ruandak Kongon, baina hori baliatuta aberastasun naturalak arpilatu dizkio urtetan. AEBen aliatu fidela izateak jardun hori erraztu dio Ruandari. Joan den udan, ordea, Washingtonek laguntza militarra eten zion Kigaliri, M23 babesteari uzteko presio neurri gisa.
M23 taldeak matxinada utzi du Kongoko Errepublika Demokratikoan
Armadak garaipen militarra aldarrikatu ondoren, Martxoak 23 mugimenduak adierazi du«bide politiko hutsei» ekinen dielaM23k iaz hasi zuen borroka ekialdean; 800.000 lagunek utzi behar izan dute etxea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu