Ipar Kivuko gatazka

M23 gerrilla Gomako ateetan

Kongoko Errepublika Demokratikoko gerrillak Mushaki bereganatu du azken egunetan. Kinshasak Kigaliri egotzi dio M23koak babestea; Kigalik Kinshasari, berriz, Ruandako talde armatuei laguntzea

M23 gerrilla Gomako ateetan.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun

M23 gerrillak iazko martxoaren 27an eten zuen 2012an hitzartutako su etena. Akordioa urratu izana leporatu zioten Kongoko Errepublika Demokratikoari, baita Ipar Kivuko gutxiengo tutsiari eraso egitea ere, Ruandako genozidioan parte hartutako gerrillariek osatutako Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoak talde armatu hutuari babesa emanez. Geroztik, borrokak etengabeak izan dira, eta beste menia bat lortzeko elkarrizketak, berriz, hutsalak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, milioi erdi bat desplazatu baino gehiago eragin dituzte Ipar Kivun. Azken asteetan, gainera, M23 gerrilla Goma hiriburura gerturatuz joan da.

Ipar Kivuko gatazka izan zen Afrika Ekialdeko estatuburuen azken goi bilerako protagonista, eta proposamen bat ere egin zuten agintariek, zeinaren arabera M23 gerrilla okupatutako herrietatik erretiratuz joango den, eta haiek alde egin ahala eremu horiek Afrika Ekialdeko herrialdeetako armaden esku geratuko diren. Proposamenaren arabera, martxoaren 30erako hiri eta herrietatik kanpo beharko zuketen talde armatu guztiek. Baina egitasmoak ez du eraginik izan. Aitzitik, bizkortu egin du gerra makina.

Nazioarteak adostutakoaren arabera, talde armatuek gaur hasi behar lukete atzera egiten. Baina, azken egunetan, M23koek aurrera egin dute Masisiko autobidean, eta Kitshangatik Mushakira iritsi dira. Mushaki hartuta, gerrilla are gehiago gerturatu da Ipar Kivuko hiriburura. Rubayako meategietatik oso gertu dago orain, eta Mushakitik hegoaldera dagoen Sake herrira iristea da haien hurrengo helburua, hura baita Gomara iristeko gainditu beharreko azken bidegurutzea. Gerrilla heldu artean, ordea, zibilek ihes egin dute.

Ruandak M23 gerrilla babesten eta laguntzen duela egiaztatu ondoren, Kongoko Gobernuak eta gizarte zibilak nazioarteari eskatu diote Kigali zigortzeko. Baina, oraingoz, ez dute erantzunik jaso. Ruandak, berriz, ez du jarrera aldatu; izan ere, badu interes berezirik gatazka horretan. Mende amaierarako, Kivuko koltanaren esportatzaile nagusia bihurtu zen Ruanda, eta horri esker garatu ditu urtez urte industria, armada eta nazioarteko harremanak.

Iaz, urtarriletik azarora bitartean, 683 milioi dolar eskuratu zituen esportazioekin, TheNew Times egunkariak argitaratutako datuen arabera; aurreko urtean baino %52 gehiago. Baina mineralak ziurtatzeaz gain, Ruandak bere dentsitate demografiko gero eta handiagoaren arazoari aurre egin behar dio. Hain zuzen ere, M23 gerrilla baliatuta lur horietako aberastasunak bereganatu eta eremua zeharka bada ere Kigaliren kontrolpean jarri nahi izatea leporatzen dio Kinshasak Ruandako Gobernuari.

Aldi berean, Kongoko Errepublika Demokratikoan hauteskundeak egin behar dituzte aurten. Felix Tshisekedi presidenteak, eraso militarra garaitzeko gaitasunik ez badu ere, uko egin dio orain arte M23ko buruekin negoziatzeari erretiratzen ez diren bitartean, eta badirudi jarrera horrek mesede egingo diola bozetan, batez ere Mendebaldean.

Hori da Ruandako presidente Paul Kagamek aste honetan bertan salatu duena, gerra Ruandara eraman nahi izatea. Kagameren esanetan, Kinshasako erregimenak «arma berriak» eman dizkie Ruandako talde armatuei, «herrialdea bonbardatu eta zibil errugabeak hiltzeko». Estatuburuak ohartarazi du «herrialdearen osotasuna bermatzea» dela gobernuaren lehentasuna, eta euren esku dagoen guztia egingo dutela hori lortzeko.

Zibilen aurkako erasoak

Bi aldeetako gerrillek eta armadek aurrera egin ahala, handitu egin da sarraskia. Human Rights Watch erakundeak salatu duenez, kritikoak direnak exekutatzen eta zibilak indarrez errekrutatzen ari dira M23koak Ipar Kivun. Kongoko armadak, berriz, Ruandako gobernuaren aurkako talde armatuen babesa bilatu du M23 gerrillari aurre egiteko.

Iazko urritik aurtengo urtarrilera bitartean, gatazkatik ihesean joandako 48 pertsona elkarrizketatu zituen nazioarteko erakunde horrek, eta guztiek salatu zituzten giza eskubideen urraketak. Kishishen, esaterako, gutxienez 22 zibil hil zituzten M23ko kideek iazko azaroan. Kishiseko 38 urteko emakumezko batek honela azaldu zien elkarrizketatzaileei: «Indarrez eraman zituzten senarra eta semea kanpora, eta esan zidaten hiltzea nahi ez banuen etxean geratzeko». Emakumearen senarra bizirik irten zen, baina larri; 25 urteko semea hil egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.