Astelehenean hartu zuen M23 Martxoak 23 gerrillak Kongoko Errepublika Demokratiko ekialdeko Goma hiria, herrialdeko armadaren aurkako borroken ostean. Bada, borroka horiek utzitako ondorioak azaleratzen hasi dira: 111 hildakoren gorpuak aurkitu dituzte hirian. Hala baieztatu dio gizarte zibileko Gomako presidente Mario Ngavhok EFE Espainiako albiste agentziari. Hark azaldu duenez, hildakoen artean zibilak, soldaduak eta milizianoak daude. Gurutze Gorriarekin batera ari dira lanean, eta, Ngavhok ohartarazi duenez, behin-behineko datua da 111 gorpuena; «askoz gehiago izan daitezke».
Bitartean, M23 herrialdeko eremu gehiago bereganatzen ari da. Atzo, erraterako, ekialdeko bi hiri hartu zituen: Kiniezire eta Mukwuida. Bertako iturriak aipatuz EFE berri agentziak gaur kaleratu duenez, «ia erresistentziarik gabe» zeuden bi hiriak. Lurrak hartu eta berehala, euren administrazioa aldi baterako instalatzea lortu zuten. FARDC Kongoko Errepublika Demokratikoko armada «bidea blokeatu» nahian ari da, matxinoek aitzinera egitea galarazteko.
M23k Goma hiria hartu zuenetik milaka lagunek egin dute ihes Ruanda mugakidera. Kongoko armadak ere Goma hiritik ihes egin zuen atzo, eta armadak alde egin ondotik abiatu ziren gerrillariak bertze hiriak hartzera.
Kongon gertatzen ari denaren harira, batzar bat egin zuen atzo Afrika Ekialdeko Erkidegoak. Ruandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteak ziren parte hartzekoak «larrialdiko goi bilera» horretan. Alabaina, Felix Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea ez zen bilerara joan, eta Paul Kagame Ruandako presidenteak Kongokoa kritikatu du gaur. Bertzeak bertze, adierazi du gatazka ez dela konponduko alderdi guztiak «prozesuaren parte» izan arte. Ruandako Gobernuak bileraren berri eman du bere X sare sozialean, eta han jakinarazi du Kagamek atzo errandakoa: «Orain ere, hizpide dugun herrialdeak ez dauka ordezkaririk eztabaidan; beraz, ez nago ziur zer-nolako eragina izango duen gure eztabaidak herrialde horrentzako irtenbide bat aurkitzeko prozesuan».
Kagamek erran zuen egoera «aurreikus» zitekeela, eta lehendik ere espero zuela gatazka hori piztea. «Ez nuen inor ikusten prozesuaren ardura hartzen». Hortaz, Afrika Ekialdeko Erkidegoko kideei eskatu zien beren interesak «asetzen» saia zitezela, gatazkaren testuingurua «behar bezala» atzeman dezaten eta Tshisekedik «gehiago manipulatu» ez ditzan.
Tshisekedik, baina, gaur jakinarazi du Kongoko armadak erantzun militar «indartsu eta koordinatua» emanen duela matxinoek hartutako lurraldeak berreskuratzeko. Horrez gain, presidenteak salatu du herrialdean «milaka soldadu ruandar» egonda ere nazioarteko komunitateak jarrera «pasiboa» erakutsi duela.
Bien bitartean, M23k hiri gehiago hartu nahi ditu, eta Nyabibwe herrirantz abiatu da orain. Zibilak etengabe ari dira herrialdeko hiri nagusietara joaten.