Luzez gordetako altxorra

Orain arte argitaratu gabeko Che Guevararen eta Tamara Bunkerren hilotzen irudiak erakutsi ditu Imanol Arteagak. Mark Huttenek egindakoak direla dirudi.

Iker Tubia.
2014ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Mende erdia joan da kasik kubatar iraultzaren protagonista handia hil zutenetik. 1967. urtean Boliviako armadak herrialdearen hegoaldeko oihanean harrapatu zuen Ernesto Guevara Che. Hurrengo egunean tiro egin zioten La Higuerako herri txiki batean. Urriaren 9a zen. 47 urteren buruan, gertakari horiek gogora ekarri dituzten argazkiak agertu dira. Imanol Arteagaren eskuetan dira orain arte argitaratu gabeko zortzi irudi: Che Guevararen gorpua biltzen dute haietako seik, eta beste bietan Tamara Bunker Tania gerrillaria agertzen da. Batean bizirik —erretratu bat da—, bestean hilik.

Gipuzkoan sortua da Arteaga, baina aspaldi bizi da Aragoin (Espainia). Haren osaba Luis Cuartero misiolari ibili zen Bolivian Che Guevara eta gainerakoak borrokan ari ziren urteetan. Arteagak etxean aditu duenez, kazetari frantses batek eman zizkion argazkiak Cuarterori. Espainiara joatekoa zen, Arteagaren gurasoak ezkontzekoak baitziren. «Kazetari frantses batek eman zizkiola esan zidan amak. Garai hartan Mark Huttenek egin zituen argazkiak, eta nik ditudanen oso antzekoak dira», azaldu du.

Hutten France Press agentziarako lanean ari zen Che Guevararen hilotzari argazkiak egin zizkionean. Arteagak azaldu duenez, Boliviako armadarengandik babesteko-edo eman zizkion argazkiak Cuarterori.

Bi urte dira misiolaria zendu zela. Bera hil baino hilabete gutxi lehenago zendu zen Hutten bera ere. Beraz, hari galdetzea ezinezko zaio Arteagari. Osabarekin ere ezin zalantzak uxatu. «Solasaldi asko geratu zitzaizkigun egin gabe; hori ere bai». Hala ere, France Presseko teknikoak Arteagarekin bildu dira irudiak aztertzeko. Oraindik emaitzen berri eman ez dioten arren, Huttenek egindakoak direla pentsa litekeela aitortu du irudien jabeak.

Huttenek txirrika bat baino gehiago erabili zituen 1967ko hartan, baina France Pressek soilik bat zuen haren eskuetan. Hala azaldu du argazkien jabeak. Gainera, garai hartan argazkilari gehienek zuri-beltzeko irudiak ateratzen bazituzten ere, Huttenek koloretan egiten zituen. Halakoxeak dira France Pressek dituenak. «Argazki zaharretan aditua den argazkilari batek esan zidanez, nik ditudan argazkiak seguruenik kolorezko klixeetan eginak ziren, baina zuri-beltzean errebelatuak, azkar, ez zelako koloretan errebelatzeko materialik izanen». Argazkiak momentu ezberdinetan ateratakoak dira. Batzuetan gorpua ailegatu berria da La Higuerara, txaketa jantzita eta odoleztaturik ageri baita. Beste batzuetan gorpua garbi dago.

Arteaga harriturik gelditu da argazkiek izandako oihartzunarekin, nazioarteko hedabide asko jarri baitira harekin harremanetan. «Ikusi nituenean konturatu nintzen balio historiko garrantzitsua zutela, nahiz eta niretzat balio sentimentala handiagoa den», esan du.

Taniaren irudiak

Guevara ez zen Bolivian borrokan aritu zen bakarra. Harekin zegoen Bunker. Haren aurpegiaren irudi bat, eta hilotzaren beste bat ditu Arteagak. Horiek, baina, ez daki Huttenenak ote diren, edo argazkilari frantsesak eskuratutako irudiak baizik ez diren. Gerrillaria Rio Granden hil zuten, zelata batean. Urak gorpuan izan zuen eragina ikus liteke irudian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.