Luzapenerako atea, zabalik

Irango programa nuklearraren negoziazioak egun bat luzatzeko prest agertu da Etxe Zuria, «aurrerapenak» egin dituztelako.Iranek esan du gai guztiak adostu ezean ez dela akordiorik izango

Federica Mogherini EBko diplomazia burua eta Javad Zarif Irango Atzerri ministroa, atzo, Lausanan. B. SMIALOWSKI / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Irango programa nuklearrari buruzko negoziazioak azkeneraino eraman dituzte Laussanen, Suitzan. 5+1 Taldeak eta Iranek atzo gauerdira arteko epea zuten aurre akordio bat hitzartzeko, behin betiko ituna sinatzeko ekainaren 30 baino lehen. 2013. urte amaieran hasitako negoziazioak dagoeneko beste bitan luzatu dituzte, eta atzokoa zuten azken eguna auziari irtenbide diplomatikoa emateko. Lerrook idazterako, baina, sei potentzietako eta Irango Atzerri ministroek negoziatzen jarraitzen zuten, baina elkarrizketak 24 orduz luzatzeko atea zabalik utzi zuten.Etxe Zuriko bozeramaile Josh Earnestek atzo adierazi zuen epe muga luzatzeko prest leudekeela, «aurrerapen nabarmenak» egin dituztelako. Baina ohartarazi zuen «beste alternatibak» ere badituztela: «Irandarrak ez badaude bermerik emateko prest, negoziazio mahaia utziko dugu».

Gauerdia emateko ordu gutxiren faltan, Hamid Baidi Nejat Irango Atzerri Ministerioko goi kargu batek onartu zuen «gai batzuk» adosteke zituztela. Horiek adostu artean itunik ez dela egongo azaldu zuen. Jarritako epe muga gutxietsi zuen, halaber,Irango ordezkariak. «Guk ez dugu epe muga artifizialik. Goizeko zortziak, bederatziak... eman ditzakete». Mendebaldeko beste diplomazialariek ere nabarmendu zuten benetako epe muga ekainaren 30ekoa dela.

Azken egunetako adierazpen baikorrak apaltzen joan ziren epe mugaren ordua gerturatu ahala. Akordioa «ia egina» zegoela adierazia zuten mahaiaren bi aldeko ordezkariek. Falta ziren «erabaki zailek», baina, elkarrizketak trabatu zituzten. Albiste agentziekin hitz egindako negoziatzaileek adierazi zuten «elkarrizketa oso zailak» izan direla. «Oraindik oso goiz da erlojua gelditzen pentsatzeko, baina agian horrela eginbeharko dugu», esan zion Reuters agentziari Alemaniako diplomazialari batek.

Uranioa aberasteko prozesua, zigorrak altxatzeko abiadura eta itunaren luzera izan dira azken bi egunetako negoziazio amaigabeetan kamusten saiatu diren desadostasunak. Mendebaldeak hamar urteko akordioa nahi du—Frantziak hamabostekoa eskatu du—. Gainera, itunairaungitzen denerako, berme gehiago eskatu dituzte.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Lausanara itzuli zen atzo, eta horrek akordioa berehala lortzeko itxaropenak piztu zituen. Herenegun utzi zuen negoziazio mahaia, eta esan zuen akordioa lortzeko «benetako» aukera zegoenean bueltatuko zela. «Aukera handiak daude. Ez agian %100ekoak, baina ezer ez da erabat ziurra», esan zuen atzo Moskun, Lausanarako bidea hartu aurretik. 5+1 Taldean—AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Txina, Errusia eta Alemania— denek ez dute Iranekiko jarrera berbera. Mendebaldeakprograma nuklearraren aurka egin duen bitartean, Txinak eta Errusiak bitartekari lanak egin dituzte. Halere, azken bi horiek ere ez lukete egoki ikusiko Iranek arma atomikoak eskuratu ahal izatea.Baina zigorren auzian, Teheranen alde lerratu da Mosku. «Ituna lortzen den unean bertan, zigor guztiak bertan behera geratu beharko lirateke», adierazi zuen Lavrovek.

Frantzia zorrotzena

Mendebaldeko herrialdeen artean, berriz, Frantziak erakutsi du jarrera gogorrena. 2013an Genevako akordioa lortzeko AEBek proposatutako ebazpen bat errefusatu zuen, Iranekiko nahikoa «zorrotza» ez zelakoan. François Hollande Frantziako presidenteak atzo jarrera hori berretsi zuen: «Itun txar bat baino hobea da akordiorik ez egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.