Gerrak guztia zipriztintzen du Sirian, baita lurrikara osteko giza laguntzaren banaketa ere. Bi lurrikara handiak gertatu eta lau egunera heldu da Siria ipar-mendebaldera giza laguntzarako lehen konboia. Tarte horretan, Ipar-Mendebaldeko Administrazio Autonomoa inoren laguntzarik gabe aritu da seismoek eragindako hondamena kudeatzen eta erreskate lanak antolatzen milaka errefuxiatu eta iheslari bizi diren eremuan. Siriako presidente Baxar al-Assadek gogorarazi du bere eskuetatik igaro behar duela nazioarteko laguntza orok «terroristengana edo talde armatuengana» iritsi ez dadin, hau da, oposizioak kontrolatutako eskualdeetara.
NBE Nazio Batuen Erakundeak bidalitako giza laguntza kritikatu dute eskualde kaltetuetan lanean ari diren gobernuz kanpoko zenbait erakundetako arduradunek. Rami Abdul Rahman Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren sortzaileak salatu duenez, ipar-mendebaldeko Siriara iritsi diren NBEren sei kamioiak lurrikara gertatu aurretik bidalitakoak dira, eta ez dute eraman hondamendiari aurre egiteko behar den materiala. «Hau adarjotze bat da. Kamioiek oso gauza gutxi dituzte». Eta gaineratu du heldu den materiala «kamioi bakar batean» sar zitekeela.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak atzo adierazi zuenez, erakundeko laguntza programetarako buru Martin Griffiths Turkian, Kurdistanen eta Sirian izango da aste honetan, lurrikararen ondorioak aztertzen. Guterresek nazioarteko laguntza areagotzera deitu du. «Errepideak hondatuta daude; jendea hiltzen ari da. Orain da garaia aukera guztiak aztertzeko eta laguntza kaltetutako eremuetara bidaltzeko. Herritarrak jarri behar ditugu aurretik».
Bien bitartean, Siria iparraldeko erietxeak kolapsatuta daude. Hiri askotan, boluntarioak ari dira zaurituak artatzen. Lehendik ere osasun sistema ahula zuen eskualde horrek, eta kolera kasuak ere agertzen hasiak ziren. Lurrikarak okerragotu egin du egoera. «Hondamena da, hitzaren zentzu guztietan. Zaurituak beren burua artatzen ari dira, medikurik eta erizainik ez dagoelako», esan dio Abu Muhammad Sakhurrek CNNri; boluntario lanetan aritu da Sakhur azken egunetan.
Gerra hasiz geroztik ez da azpiegiturarik berritu Siria iparraldean. Milaka lagunek hamar urte baino gehiago daramatzate behin-behineko kanpalekuetan bizitzen, giza laguntzaren menpe eta iturriko urik gabe. «98 kanpalekutan egiten dugu lan ura banatzen, ez dagoelako behar bezalako hoditeriarik», azaldu du Kieran Barnesek, Mercy Corps erakundeko kideak.
Gobernuak kontrolatutako eremuetara lehenago iritsi da laguntza. Besteak beste, Irakek, Errusiak, Txinak eta Saudi Arabiak bidali dituzte botikak eta elikagaiak. Damaskorentzat, baina, ez da nahikoa. Zigorrak kentzeko eskatzen du Siriako Gobernuak; izan ere, gerra hasi eta gutxira hainbat bahimendu ezarri zizkion Mendebaldeak Al-Assaden herrialdeari. Txinak babestu egin du Damaskoren eskaria, eta AEBei leporatu die «obsesio geopolitikoen arabera» jokatzea.
Hauteskundeak, kolokan
Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan seismoak kaltetutako eremuetan izan zen herenegun, eta gauza bera egin zuen atzo ere. Gaziantepen (Kurdistan) izan da goizean, eta han kritikak entzun behar izan ditu. Oposizioak eta alderdi kurduek leporatzen diote laguntza gobernuaren gertuko alderdiek kudeatutako udaletarako lehenetsi izana, eta besteak bazter utzi izana.
Turkiak larrialdi egoera ezarri du hiru hilabeterako, lurrikarak kaltetutako lurraldeetan. Erdoganek azaldu zuen bilaketa eta erreskate lanak azkartzeko erabakia dela. Konstituzioak neurri hori onartzeko aukera aitortzen dio parlamentuari, hondamendi naturalei erantzuteko bada, eta ganberak atzo onartu zuen.
Larrialdi egoerak maiatzaren 14rako deituta dauden bozak baino egun gutxi lehenagora arte iraungo du, printzipioz. Baina espero izatekoa da gobernuak hauteskundeetarako data hori atzeratzeko aukera aztertzea. Batetik, kontuan izan behar da bozak antolatzeko lan logistikoak izugarri zaildu direla lurrikarak kaltetu dituen eremu zabaletan —13 milioi lagun bizi dira eskualde horietan—. Bestetik, herritarrek Erdogani buruz duten iritziaren bilakaerari ere gertutik erreparatuko dio Ankarak. Erdoganen irudia higatzen hasita zegoen, oinarrizko ondasunen garestitzea eta lira dibisaren balio galera tarteko. Hondamendiaren kudeaketari buruzko kritikak gehitu behar dira orain, hain justu, bere hautagaitza aurkeztear zela.
Kontuan hartu beharrekoa da 1999ko lurrikararen ostean heldu zela Erdogan boterera. Orduko hondamendi hari —17.000 lagun hil ziren— gobernuak eman zion erantzunaren gaineko kritikek hauspotu zuten egungo presidentearen hauteskunde garaipena 2002. urtean.
Seismoaren biktimen zenbaketa ere aurrera doa, eta dagoeneko 20.000tik gora dira hildakoak, gehienak Kurdistanen. Oraindik ere jendea bizirik ateratzen ari dira hondakin artetik, nahiz eta gero eta gutxiago izan. Atzo bertan zortzi urteko haur bat erreskatatu ahal izan zuten Diyarbakirren. Kahramanmarasen (Kurdistan) dozenaka dira eroritako eraikinak; tartean, hotel oso bat. Erori zenean barruan 60 bat pertsona zeudela uste da. Ez dute inor aurkitu. Tentsio egoerak ere sortu ditu horrek; izan ere, badira ordu batzuk gorpuak besterik ateratzen ez dutela.
Erreskate taldeek hondakin artean bila jarraitu zuten atzo, nahiz eta jakin lurrikaratik hiru egunera asko apaldu dela jendea bizirik ateratzeko aukera.