Kolonbiako bake negoziazioak. Pablo Beltran. ELNko komandantea

«Lurren jabetza demokratizatzea oinarrizkoa da gatazka amaitzeko»

Bake negoziazioek arrakasta izateko, herritarren parte hartzea beharrezkotzat jo du Pablo Beltran gerrillariak, baita aldebiko su eten baterako «baldintza errealak» ezartzea ere.

ISAAC ESQUIVEL / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Habanako bake elkarrizketak hasi bezperan erantzun ditu BERRIAren galderak Pablo Beltran komandanteak —Israel Ramirez Pineda du berezko izena—. Hiru hamarkada daramatza Beltranek (San Gil, Kolonbia, 1953) ELN Nazioa Askatzeko Armadan, eta tarte horretan negoziazio mahai batean baino gehiagotan hartu du parte. Aurrekoetan ez bezala, ordea, oraingoan gobernu progresista bat dute aurrez aurre.

Ikusi gehiago:Aldebiko su etena helburu

Zer espero duzue negoziazio mahaitik?

Bigarren bilera sailean, hainbat gai eztabaidatzeko konpromisoa hartu genuen. Haietatik lehena da adostea akordio bat herritarren parte hartzea bermatuko duena. Hori da ziklo honetan egitea espero dugun urratsik handiena. Horrez gain, aldebiko behin-behineko su etena adostera ere konprometitu ginen. Uste dugu hori beharrezkoa dela Kolonbiako herritarrei lasaitasuna emateko eta herritarren parte hartzea bermatzeko. Bada hirugarren puntu bat ere, zeinetan aurreikusten den aurrez adostutako akordio humanitarioak bideratzea eta beste batzuk aztertzea. Mahai honen helburua ere bada akordio humanitario horiek indarrean sartuz joatea, herritarrak ez daitezen negoziazioak amaitu zain egon horien ondorioak ezagutzeko.

Herritarrek prozesuan parte hartu behar dutela diozunean, zeri buruz ari zara zehazki?

Herritarren parte hartzearena hemen Kolonbian bazter batean utzi izan den kontzeptu bat da. Hau da, askotan galdetzen zaio jendeari zer irtenbide nahiko lukeen, baina gero ez zaio kontuan hartzen. Horregatik saiatzen gara historikoki kanpoan geratu diren komunitate horien parte hartzea bermatzen —Kolonbiaren kasuan, herritarren gehiengoa dira horiek—, eta, horrez gain, lortu nahi dugu parte hartze hori benetan loteslea izatea.

Guretzat lehentasuna da jendeak esatea zeintzuk diren Kolonbiak behar dituen aldaketak, eta prozesua haiekin konprometitzea, baita 2026ra arte agintean egongo den gobernuak bere gain hartzea ere herrialdeak behar dituen aldaketa horietako batzuk egiteko konpromisoa. Baina parte hartzeak ez du gobernu honetara mugatu behar; herritarrek epe ertaineko eta luzerako planak ere egin behar dituzte, eta alderdiek lan egin behar dute eskatutako hori betearazteko, gobernu honek egin dezakeenaz harago.

Baina epeak laburrak dira, eta prozesua, luzea. Ez al da erlojuaren aurka aritzearen pareko?

Bai, noski. Baina logika horretan ari gara lanean. Adibide bat emango dizut. Kolonbiak trantsizio energetikorako urrats bat egin nahi badu, eta bestelako produkzio eredu batera bideratu, hainbat hamarkada beharko ditu. Baina hura diseinatzen orain hasi liteke, helburua zein den argi edukita; horrek lagundu egiten du epe luzerako lanak antolatzen, eta argi izaten zer bide hartu behar duen prozesuak. Orain egiten denak epe ertainean eta luzean egingo denaren oinarria behar du izan. Horregatik, gure asmoa da aldaketaren aldeko aliantza handi bat sortzea, gobernu honek izan ditzakeen indarretatik harago joango dena.

Hasieran aipatu dituzun gaietako bat izan da su etena, baina zer baldintzatan onartuko luke ELNk menia bat?

Kolonbiako gizartearen aldarrikapen bat da su etena. Guk badugu esperientziarik horretan: Franzisko aita santuaren bisita batean aldebiko behin-behineko su eten nazional bat egin genuen ehun egunez, eta, orokorrean, arrakasta izan zuen. Gure asmoa da esperientzia hura oinarri hartuta gobernu honekin pausoak ematea. Guk dagoeneko aurreratu dugu erasoak etengo ditugula, baina ez geure burua defendatzeko egindako operazioak. Horregatik, balizko su eten hau oso argi geratzea nahi dugu, inork zalantzarik izan ez dezan zein diren bere konpromisoak eta betebeharrak.

Su eten honen oinarrizko helburuak behar du herritarrek arindua hartzea. Helburu amankomunak baldin baditugu, posible izango da behin-behineko su eten bat adostea; horri baldintza gehiegi jartzen bazaizkio, oso zaila izango da betetzea; baina gutxienekoak adosten baditugu ere, ez du balioko. Alde bakoitzak esan beharko du zer egiteko prest dagoen, eta horretan oinarritu beharko dugu.

Aipatu duzun su eten hori, hala ere, soilik gobernuarekin litzateke? Edo paramilitarrekin ere bai?

Erabateko bakea proiektuan, gobernuak baditu beste elkarrizketa ildo batzuk, bai gerrillariekin, baita paramilitarrekin ere. Negoziazio horietan, meniak adosten saiatu da; batzuetan lortu du, eta besteetan ez. Guk errespetatzen dugu hori, baina gure asmoa da Habanako prozesu hau ahalik eta ondoen bideratzea.

ELN barruan ere izan dituzue kritikak negoziazio mahaian esertzeagatik.

Taldearen barruan bitan elkartu gara prozesu honetaz aritzeko. Lehen bilera hartan gure helburuak ezarri genituen, eta bigarrenean ordezkaritza bat zehaztu genuen gizartearen parte hartzeaz aritzeko. Bilera horietan eztabaida asko izan genituen, eta hartu ziren erabakiak ia aho batez hartu genituen. Horrekin esan nahi dut guk demokratikoki hartzen ditugula erabakiak.

Zuen aldarrikapen nagusietako bat lurren banaketa berrikustea da, bere garaian FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek ere eskatu zutena, baina blokeatuta dagoena. Zein da oztopoa aurrera egin ez dezan?

Kolonbian erreformak eta kontrarreformak egin dira lurren jabetzaren inguruan, lurrak gutxi batzuen esku daudelako. Azken 70 urteetan, lurren eskualdatze gehienak ankerkeriaz egin dira, eta milaka nekazari desplazatu utzi dituzte. Ondorioz, lurraren jabetza lortzeko borroka izan da Kolonbiako barne gatazkaren oinarrietako bat; jabetza demokratizatzea oinarrizkoa da gatazka amaitzeko.

Baina bada beste eztabaida bat ere, lurraren erabilerarena: nekazaritzarako baliatu behar da? Abeltzaintzarako? Nork eta nola kudeatu behar ditu ur iturriak? Alegia, arazoa ez dela soilik jabetzarena, baita Kolonbiako gizarteak lur horiekin zer egin nahi duen erabakitzea ere.

Horregatik diogu behar-beharrezkoa dela alor guztietako herritarren parte hartzea; soilik horrela emango diogula 180 graduko itzuli bat Kolonbiako barne gatazkaren motorretako bat izan denari.

Uste duzu Gustavo Petro presidentearekin errazagoa izango dela korapilo hori askatzea?

Erronka zaila da hori. Azken hilabetean, Kongresuan ordezkaritza duten alderdiek ez diote utzi presidenteari estatuaren diruarekin lurrak erosten, eta aukera bakarra utzi diote: indarrez desjabetzea. Eskuinak bazekien horrek gobernu progresistaren eta lur jabe handien arteko tentsioa areagotuko zuela, eta, ondorioz, baita gatazka okerragotu ere. Hau da, eskuinak ez du urratsik egin nahi bide horretan; beraz, aurrera egiteko modu bakarra gizarteak bultzatuta aurrera egitea da.

Beraz, zailagoa izango da lurren auzia argitzea luzerako su eten bat adostea baino?

Bai. Gainera, ez gara ari nekazaritza lurrez bakarrik; hor ditugu erreserba natural behar luketenak ere, eta atzerriko enpresek ustiatu nahi dituztenak: Amazoniakoa, kasurako. Jabetza amankomun horiek ere babestu behar ditugu.

ELNren beste eskari bat da gobernuak ez duela gerrilla talde armatu antolatu gisa zerrendatu behar. Zergatik? Zer aldatuko luke horrek?

Gatazkaren adarretako bat da gerra mediatikoa; hor, komunikabideak arduratzen dira beste aldea satanizatzeaz. Horren ondorio da ez gaituztela matxino gisa hartzen, eta matxinada terrorismo delitutzat jotzen dutela. Kriminalizazio prozesu hori guztia oso aurreratua dago Kolonbiako egitura politiko judizialean, eta duela bost bat urte lege bat onartu zuten zeinaren arabera droga trafikoan aritzen diren beste hainbat talderen parekoa zen ELN, hau da, talde armatu antolatu bat, besteak bezalakoa.

Ondorioz, ELNren preso politikoei ez zaizkie eskubide politikoak aitortzen, eta zaildu egiten du elkarrizketa prozesu politiko bat abiatzea ere. Gobernuak aitortu behar du erakunde matxino batekin ari dela hitz egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.