Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Suitzari egotzi zion, apirilaren 9an, klima larrialdiaren aurkako neurriak hartzeko orduan ez dela behar beste egiten ari. Epaia Giza Eskubideen Konbentzioa kontuan hartuta eman zuen Estrasburgok; bertan, politika egokiak egiteko «obligazioa» ezartzen zaie sinatzaileei. Europako beste herrialdeei eragin diezaieke, eta, EB Europako Batasuneko kideei dagokienez, ez doaz bide onetik. Izan ere, EBrentzako erreferente zientifikoa da Klima Aldaketari Buruzko Europako Aholkularitza Batzorde Zientifikoa, eta, horren arabera, EBko politikak «ez dira nahikoa aurrera egiten ari klima aldaketak eragindako arriskuei erantzuteko».
Urte eta erdi eman du aholkularitza batzordeak EBk egindako politikak aztertzen —batasuneko 27 kideek beren kabuz egindakoak ikertzeko adina denbora ez duela izan adierazi du—, eta aurreneko Europako Klima Arriskuen Ebaluazioa argitaratu zuen martxoan. «Europan klimarekiko adaptazioarekin lotutako zer politika diren lehentasunezkoak identifikatzen laguntzea» da txostenaren helburua. Bertan ondorioztatu dutenez, klima aldaketak eragindako arriskuek EBren politikak «gainditu» dituzte; hau da, arriskuak azkarrago agertzen dira EBk haiei erantzuteko garatzen dituen tresnak baino. Tresna horiek aurreikuspenetan oinarrituta garatzen direla azpimarratu du batzordeak.
Aurreikuspen horiek arbuiatu dituzte, ez dituztelako behar bezala islatzen luze gabe izango diren kalteak, eta ohartarazi dute «Europako gobernuentzako geroz eta garrantzitsuagoa izan behar den afera» dela klima arriskuekiko atzean ez geratzea. «EBren politika esparru gehienak» arrisku klimatikoak pairatuko dituzte. Hori dela eta, batzorde zientifikoak gomendio zehatz zein orokorrak plazaratu ditu txostenaren bitartez. Baina, orokorrean, politika «denak» berrikustea gomendatzen du txostenak.
1Galerak, bilioi eurotan. Uholdeek Europako Batasunean bilioi bateko diru galerak eragiten dituzte urtero.
EBko politika gehienak «erdibideko» denboran eragiteko eginak daudela diote txostenaren egileek. Gauzak horrela, luzera begira klima aldaketak izan ditzakeen eraginak baztertzen dituztela leporatu diote Bruselari. Hortaz, politikak denbora tarte labur eta erdibidekoan eragiteko beharrezkoa dela esan arren, horien barruan luzarora izan ditzakeen eraginak aurreikusteko eta ekiteko tresnak txertatzeko eskatu dute.
Txostenaren egileek beharraren arabera identifikatu dituzte 27ko taldearen politikak. Politika horiek sei ataletan sailkatu dituzte: ekosistemak, janaria, osasuna, azpiegiturak, ekonomia eta finantzak eta EBko eskualde ultraperiferikoak —Kanaria uharteak eta Guyana Frantsesa, esaterako—. Bakoitzean arrisku gehien izan dezaketen esparruen berri eman dute. Atal ekonomikoan, esaterako, azpimarratzekoa da Europako elkartasun tresnak funtsari buruz jasotakoa. Laguntasun funts horiek jada «egoera kritikoan» daudela adierazi dute, aurreikusi baino «erabilera handiagoa» eman zaiolako azken urteetan klima larrialdiak eragindako arazoak konpondu ahal izateko.
lehenbailehen ekitea beharrezkoa duten esparruak
Kostako ekosistemak.
Itsasoetako ekosistemak.
Suteengatik biodibertsitatea galtzea eta metatutako karbonoa askatzea.
Laborantza.
Estres termikoa.
Populazioari eta eraikitako inguruneei suteek egindako kalteak.
Euriak edo ibaiek gainezka egiteagatik eragindako uholdeak.
Europako elkartasun tresnak.
Eskualde ultraperiferikoetan itsas ekosistemen galera itsasoaren tenperatura igoeragatik.
Eskualde ultraperiferikoetan ekosistemen eta eraikitako inguruneen galera itsasoaren mailaren igoeragatik.
Sail hartan lehenbailehen ekiteko beharra duen esparru bakarra da. Esparruok EBk ekiteko beharraren arabera eta «arriskuaren larritasunaren arabera» sailkatu dituzte. Elkartasun tresnez gain, beste bederatzi esparrutan lehenbailehen ekin behar dela ohartarazi du aholkularitza batzordeak; itsasertzeko ekosistemetan, adibidez.
Larritasunaren araberako sailkapenari erreparatuz gero, esparru bakarra dago «egun hondamenezko egoera batean»: eskualde ultraperiferikoetan ekosistemen eta urbanizatutako inguruneen galera itsasoaren mailaren igoeragatik. Egutegiko orriak mende erdira arte kenduz gero, beste esparru bat sartuko litzateke hondamenezko egoera horretan: estres termikoa.
Gomendioak, atalka
Baina, txostenaren xedea ez denez arazoen identifikazio soila, EBko politika horiek bideratzeko gomendioak aurkezten ditu txostenak. Aholkularien ustez, gomendio horiek luze gabe martxan jarri beharko lirateke, haien datuen arabera 2022ko udan egindako beroak 60.000 eta 70.000 lagun hil baitzituen EBn.
Izan ere, klima aldaketak eragindako kalteak ez datoz bakarrik; «ur-jauzi» efektua ekartzen dute haiekin, normalean. Beraz, klima aldaketak janaria hondatuko balu, osasunean eragingo luke, eta, era berean, ekonomian, «lan egiteko osasuntsu dauden herritar gutxiago egongo liratekeelako», besteak beste. Eragin hori txikitzeko, aholkulariak —gizarteko talde guztiei «elikagai hazkurritsuak» ziurtatzeaz gain— «garapen iraunkorreko nekazaritza motak» sustatzearen beharraz mintzo dira. «Nekazaritza birsortzailea» gomendatzen dute. Nekazaritza mota hori hedatzea «garrantzitsua da etorkizun jasangarriago batera egokitzeko», lurraren «kalitatea eta osasuna» zaintzen baititu.
Osasunari dagokionez, txostenak argi uzten du EBk ekiteko helduleku gutxi dituela afera horri dagozkien politikak herrialdeek egiten dituztelako. Hala ere, EBk haren «agintaritza legegilea» erabil dezala eskatu dio aholkularitza batzordeak «muturreko bero egoeretan» kalean lan egiten duten herritarrak babestu ditzan. Gainera, herrialdeek «elkarren artean ikasteko planak» egin ditzaten sustatzea gomendatzen du.