Ingurumena

Lurraren Altxamenduak mugimenduaren desegitea baliogabetu du Frantziako Estatu Kontseiluak

Frantziako Gobernuak erabaki zuen mugimendu ekologistaren legez kanporatzea, ekainean, iritzita indarkeria erabiltzen zuela; estatu kontseiluak bertan behera utzi du orain erabakia, behin-behinean, baina auziaren inguruko azken erabakia hartu behar du oraindik.

Lurraren Altxamenduen legez kanporatzea salatzeko Baionan egindako protesta bat. GUILLAUME FAUVEAU
2023ko abuztuaren 11
15:15
Entzun

Frantziako Gobernuak ekainaren 21ean agindu zuen Lurraren Altxamenduak (LSDLT) mugimendu ekologistaren desegitea, ohiko jardunean «indarkeriaren erabilera» sustatzen zuela egotzita. Gaur, Frantziako Estatu Kontseiluko epaileak baliogabetu egin du gobernuaren erabakia, auziari buruzko azken erabakia hartu bitartean. Epaileak ebatzi du «sakoneko zalantzak» daudela Frantziako Gobernuak taldeari egotzi dion asmoari, hau da, indarkeria sustatzeko helburuari dagokionez, eta horretan oinarrituta utzi du bertan behera desegiteko erabakia. Gobernuak horren frogarik ez duela aurkeztu ere ohartarazi du epaileak.

Ekainean, Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak prentsaurreko bat eman zuen legez kanporatzeko agindua azaltzeko, eta, orduan adierazi zuenez, «ondasunen eta pertsonen aurkako indarkeria» erabili izan du LSDLTk.

Legez kanporatzeko agindua emateko Barne Ministerioaren oharrean, arma gisa erabilitako objektuak edukitzea leporatu zieten; besteak beste, morteroak eta molotov koktelak. Funtsean, baina, mugimenduak sustatutako mobilizazioetan istiluak piztu zirenean Poliziari aurre egin izana besterik ezin zaie egotzi. Esate baterako, Sainte-Solinen (Frantzia) istilu gogorrak izan ziren, uraren pribatizazioa salatzeko deitutako mobilizazioetan. Istilu horietan poliziei molotov koktelak eta beste jaurti izana egotzi zieten manifestariei. Martxoan Sainte-Solinen izandako mobilizazio horietan abiarazi zuten mugimendua legez kanporatzeko prozedura.

Ekaineko erabakiaren ostean, mobilizazioak izan ziren Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Baionan, Ostia kolektiboak antolatuta egin zituzten protesta ekintzak. LSDLT mugimenduak garaipentzat jo du erabakia, eta estatu kontseiluaren erabakia baloratzeko oharra agindu du hurrengo orduetarako.

Frantziako Gobernuak agindu du aintzat hartu duela estatu kontseiluaren ebazpena, baina gogoratu du oraindik azken erabakia falta dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.