Lurraren altxamenduak, debekatuta

Lurraren Altxamenduak mugimendua legez kanpo utzi du Frantziak aste honetan. «Ekoterrorismoan» aritzea egotzi die Macronen gobernuak. Ahots ugari altxatu dira erabakiaren aurka.

Dozenaka protesta egin dituzte LSDLT mugimenduaren debekua salatzeko. Irudian, Montpellierrekoa. G.HORCAJUELO / EFE.
inaki petxarroman
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Ekainaren 21ean sinatutako dekretu baten bidez, Frantziako Gobernuak legez kanpo utzi du Lurraren Altxamenduak (LSDLT) erakundea. Bezperan, talde horretako kide izateaz akusatuta, 15 lagun atxilotu zituen Poliziak. Neurri horrek erreakzio soka luzea ekarri du Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, eta Emmanuel Macronen gobernuaren deriba «autoritarioa» salatu dute eragile askok, izan erakunde ekologistak, izan sindikatuak edo izan alderdiak. Gobernuak martxoan abiarazi zuen legez kanporatzeko prozedura, orain arte Macronek gauzatu dituen dozenaka horietan azkena. Oraingo honetan, baina, ezkerreko mugimendu baten aurka jo dute.

Zer da Lurraren Altxamenduak?

Mugimenduaren web orrian diotenez, 110.000 kidek eta tokiko 180 batzordek osatzen dute legez kanporatutako Lurraren Altxamenduak mugimendua. Haren helburua da nekazaritza ustiaketa ondasun komunalen gainetik lehenesten duen sistema ekonomikoa amaitzea, agroindustria nekazari txikien eta tokiko etxaldeen gainetik ezartzen duen sistemari aurre egitea. Partaideen artean, mugimendu ekologista historikoetan aritutakoak daude —Europa Ekologia-Berdeak alderdiko kideak batzuk—, baita klima aldaketaren aurkako ekintzaile gazteak eta laborariak ere. «Bizitza suntsitzeko armatzat» dauzkatenak izan dituzte jomugan lurraren altxamenduek, hau da, industria nekazaritza eta jarduera ekonomikoak —porlanaren industria, esaterako—, bizidunen aurkako «suntsiketa handiko armak» direlakoan.

Zer leporatu diete?

Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu zuenez, «azken asteotan, hainbatetan, ondasunen eta pertsonen aurkako indarkeria» erabili izana da LSDLTri egozten dioten akusazio nagusia. Azken asteotan, gobernuak behin baino gehiago erabili du, mugimenduari buruz ari zelarik, «ekoterrorista» hitza, eta «sabotajeak» eta «indarkeria» baliatzea egotzi diote.

Barne Ministerioak, legez kanporatzeko agindua emateko oharrean, arma gisa erabilitako objektuak edukitzea leporatu die; besteak beste, morteroak eta molotov koktelak. Funtsean, baina, mobilizazioetan izandako indarkeriari dagokionez, liskarretan Poliziari aurre egin izana besterik ezin zaie egotzi. Esate baterako, Sainte-Solinen (Frantzia) istilu gogorrak izan ziren, uraren pribatizazioa salatzeko deitutako mobilizazioetan. Manifestariei egotzi zieten istilu horietan poliziei molotov koktelak jaurti izana, besteak beste.

Zeren aurka egin dute?

Frantzia erdialdeko Sainte-Solineko agroindustriaren urtegien aurkako ekintzek egin zuten ezagun mugimendua, bereziki aurtengo martxoan jendarmeekin izandako liskarren ondorioz. Horrek indartu egin zuen mugimendua legez kanporatzeko gobernuaren asmoa. Ura pribatizatzearen aurkako beste hainbat ekintza egin dituzte, Sainte-Solinen bertan iazko urrian. Horrez gain, kalte materialak eragin dituzte beste hainbat sektore ekonomiko eta industrialetan. Ekainaren 10ean eta 11n, zenbait ekintza egin zituzten hormigoiaren industriaren aurka; hondarra ebatsi eta kaltea eragin zuten lorezaintza industrialeko berotegi batean;sabotaje ekintzak egin dituzte harrobietan; Monsantoren egoitzan sartzen eta okupazio bat egiten ahalegindu dira; eta manifestazioak egin dituzte Lyon eta Turin arteko abiadura handiko trenaren (AHT) proiektuaren aurka, Italiako Val di Susan aspaldi borrokan ari diren taldeekin bat eginez.

Zeresana eman zuen iazko abenduan berrehun bat ekintzailek Lafarge enpresaren Marseilla (Okzitania) inguruko zementu fabrikan egindako ekintzak ere. Lantegira sartu, eta «armagabetu» egin zuten. Adierazi zuten erraustegia eta gailu elektrikoa baliogabetu, kableak moztu eta hainbat makina hondatu zituztela. Iazko udazkenean, Lafargekaitortu zuen talde jihadistak diruz lagundu izana Sirian. Halaber, «kutsatzailerik eta CO2 ekoizlerik handiena» da, aktibisten hitzetan. Ekain hasieran, Frantziako Poliziak 15 pertsona atxilotu zituen ekintza harekin lotura zutelakoan, tartean bi euskal herritar.

Zenbat erakunde utzi dituzte legez kanpo Macronen agintaldian?

2017an Emmanuel Macronek presidente kargua hartu zuenetik, 30 bat erakunde legez kanporatzeko dekretuak onartu ditu gobernuak. Horietako gehienei talde islamistekin loturak izatea egotzi diete, eta gainerakoak eskuin muturreko alderdi edo mugimenduak ziren. Ezkerreko eremuan, Lyon talde antifaxista legez kanporatzeko agindu administratiboa eman zuen gobernuak 2022ko martxoan , baina, estatu kontseiluak bertan behera utzi zuen. Orain, Lurraren Altxamenduak debekatuta, ezkerreko beste mugimendu baten aurka jo du Macronek.

Nork azaldu die babesa?

Ezkerreko alderdiek, Frantzia Intsumisoa buru, babesa agertu diote legez kanporatutako mugimenduari, baita ekologistek eta bestelako herri mugimenduek ere: Greenpeacek, Amnesty Internationalek, Giza Eskubideen Ligak, Solidairesek, sindikatuek, Confederation Paysannek eta erreferentzia publiko diren hainbatek, hala nola Greta Thunbergek eta nekazarien altxamendua babesteagatik Indian atxilotu zuten Disha Ravi ekintzaileak. Europa Ekologia-Berdeak alderdiko idazkari nagusiak ere babesa azaldu dio LSDLTri.

Zer egingo dute orain?

LSDLTk jakinarazi du helegitea jarriko duela gobernuaren erabaki horren aurka, eta Frantziako justizian galduz gero Estrasburgoko Auzitegira joko duela. Adierazi du 2.000 erakundek eta lagunek babestu dutela horretan. Mugimenduaren webgunea eta sare sozialak blokeatuta geratuko direnez, komunikaziorako beste kanal batzuen berri helarazi diote gizarteari, eta errepresioari aurre egin ahal izateko gomendioak zabaldu dizkie tokiko batzordeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.