Carles Puigdemont. Kataluniako presidente ohia

«Lurraldearen kontrola prestatzeko gai izan behar dugu»

Liburu batean bildu ditu Puigdemontek Generalitateko presidente izendatu zutenetik erbestera jo zuen arte bizi izandakoak, eta gogoeta egin du joandakoaz eta datorkeenaz.

OLIVIER HOSLET / EFE.
Vilaweb
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
2017ko azarotik Belgikan erbesteratuta dago Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea, eta urte hartako urrian Katalunian izandako gertakarien inguruko azalpen bat argitaratu du M'explico. De la investidura a l'exili liburua (Nire azalpena. Inbestiduratik erbestera). Uste du Kataluniako egoeraren AMIA matrize on bat (ahulgune, mehatxu, indargune eta aukerak) egin behar dela, «Espainiak Kataluniarentzat prest daukan horma horren aurrean egongo garen hurrengo aldian irabazteko». Vilaweb atariak elkarrizketatu du, eta Nos Diario-k eta BERRIAk elkarlanean argitaratu dute.

Zer espero duzu liburuak ulertzen laguntzea?

Erbestera jotzeko erabakia eta [Katalunian] geratzekoa aurrez aurre jartzeko saio bat egon da. Eta erbestea oso modu lausoan azaltzekoa, traizioa izan balitz bezala. Beharra nuen defendatzeko nik nola bizi izan ditudan gauzak.

Oriol Junquerasekin goiz galdu zenuen konfiantza, esan ez zizuenean Pedro Sanchezekin bildu zela. Azaldu duzu ez duzula konektatzen Junquerasekin.

Azaldu dut oso leial izan behar dugula geure buruarekin, eta nabaritu dut ez dudala gauza bera jasotzen. Eta kezkatzen nau. Baina izan nuen konfiantza interesatzen zitzaidana zen; Urriaren 1ekoa. Gainerako desadostasunak azaldu egin behar dira, baina ez dira erabakigarriak.

Inoiz berreskuratuko duzu Junquerasenganako konfiantza?

Konfiantza politikoa beti izan behar da. Bestela, ez genuke politikarik egingo. Ez zait interesatzen bueltaka ibiltzea Junquerasekin zer dugun konpontzeko, baizik eta ez oztopatzea helburu orokorra. Ez da kontu pertsonala.

Irailaren 13an aurreikusi zenuten lehen aldiz Espainiako Estatuak erreferenduma geldiarazteko hipotesia. Berandu, ezta?

Gure eginbeharra zen planteatzea zer gertatuko zen operatiboa mozten bazuten. Urduritasun eta espekulazio asko bazeuden ere, ziur geunden egingo genuela.

2017ko urrian zalantzati ageri zara liburuan. Batzuetan «zuri» diozu, beste batzuetan «beltz». Adibidez, hauteskundeak justifikatzen dituzu, Urriaren 1ean %50ek baino gutxiagok eman zutelako botoa...

Neure buruarekin leiala izan behar dut. Ez dut egin nahi izan memoria moldatu bat, zimur hau edo beste ukitzeko. Ez. Gizakiak gara, ahultasunak dauzkaten pertsonak. Hori esanda, ez da kontraesana; izan ere, estatua prestatzen ari zitzaigun konfrontazioa ez zen aurre egin ahal izateko guk prestatu genuena. Argi genuen nola gara zitekeen errepublika jarrerei eusteko giro batean, konfrontazio biolentorik gabe. Baina Espainiako Estatua indarkeriazko konfrontazio batera zihoan. Eta horrek beste erantzukizun bat exijitzen zigun erabakiak hartzen genituenoi.

Bigarrenik: nazioarteko komunitatearentzat, agerikoa da gabezia bat zela botoa ematera ez joan izana hautesleen %90 edo %50. Niretzat ez du baliogabetzen; brexit-aren, Kataluniako Estatutuaren, Espainia NATOn sartzearen edo Europako Batasuneko Konstituzioaren inguruan zer portzentajek parte hartu zuten begiratuta, Urriaren 1ekoa baino apalagoak izan ziren. Baina eutsi behar bagenion gurekin indarkeriaren bidez konfrontazioan aritu behar zuen estatu bati, ez zen gauza bera. Orain hausnarketa horiek entzuten dizkiet orduan erabat kontra agertu ziren batzuei.

Gatazkaren beldurra. Hilak izateko beldurra. Konfrontazioaren beldurra. Nola gaindi liteke?

Beldurra normala da. Hildakoak eragin ditzakeen gatazka batera beldurrik gabe doana arduragabe bat da. Gaur esan dezakegu osorik dugula Urriaren 1eko ondarea eta independentziaren alde guztia saiatu izanaren arrazoia —biktimaz betetako motxila bat edukiko bagenu agian ez genukeena, eta leku berera iristeko: espetxera eta erbestera—. Independentzia prozesurako ez da gauza bera.

Arerioak indarkeria erabili zuen Urriaren 1ean. Espero zenuten?

Bai. Horregatik nago Belgikan. Rubalcaba ekarriko dut gogora: «Behar den prezioa ordainduko dugu». Bai, estatuak izan dezake indarkeria baliatzeko tentazioa, baina ahultasun tentazioa da, alferkeria intelektuala, irtenbide konplexurik ez irudikatzeagatik. Horrek abantaila ematen digu.

Urri hartan, jendea zegoen, kito; ez zegoen mossorik.

Eta ez ditugu izango. Hori da liburuan azaltzen dudan gauzetako bat: inoiz ez genien eskatu. Gehien haserretu nauten gauzetako bat da: Mossos D'Esquadra auzipetu nahi izatea eskumenak hartzeagatik. Ez dago inolako oinarririk pentsatzeko estatuaren aurka ari zirela. Baina XXI. mendean, Polizia baino tresna boteretsuago bat izanik [sakelakoa erakutsi du], Polizia tentsioan jarri behar dugu lurraldearen kontrola izateko? Gai izan behar dugu lurraldearen kontrola prestatzeko, Espainiak jarria duen hormaren aurrean berriro gaudenerako.

Eta zer egin behar da orain?

Ez dut aurreratuko. Baina gomendatuko dut, Errepublikaren aldeko Kontseiluaren Preparem-nos [presta gaitezen] agiria agertzen denean, hura irakurtzea. Izan ere, Katalunia estatu independente izateko eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko Espainiak ezartzen digun bide bakarra baldin bada Espainiako Estatuarekin gatazka bat kudeatzea, 2017ko urriaren ikasgaiak oso erabilgarriak dira. Argi dugu konpromiso etiko bat: guk ez dugu jarri behar indarkeria. Eta indarkeria eta erresistentzia aktiboa oso gauza ezberdinak dira.

Zer lezio ikasi duzu 2017tik?

2017ko lezioa da Espainiako Estatuak negoziazioaz hitz egiten duenean, ez dugula sinetsi behar.

Liburuan diozu Espainiako erregeak hasieran Rajoyk baino irekiago zirudiela.

Tratua izan nuenetan, erregeak garden eta informazioarekin hitz egiten zuen, eta baita Mariano Rajoyk baino interes handiagoarekin ere. Urriaren 3ra arte, uste nuen monarkia parlamentario batean, eta krisi konstituzional batean, erregeak epaile lana egin behar zuela. Esperantza hori urtu egin zen. Dezepzio izugarria izan zen. Bere aita militarrez jantzia irten zen diskurtso zibil bat egitera, eta bera zibileko jantzita irten zen diskurtso militar bat egitera.

Liburuan, nekatuta eta aspertuta antzematen zaizu PDeCAT barruko tentsioekin. Eta Marta Pascalekiko desadostasunekin.

Horren muturreko testuinguru batean ez dela tentsiorik egongo pentsatzea inozoa izatea da. Beti egongo dira tentsioak. Garrantzitsua ez da tentsioak ez egotea, horiek gainditzea baizik. Eta burua lasai mantentzea erabaki zuzenak hartzeko, horiek baitira azal daitezkeenak okerrak izan arren.

Artur Mas ageri da zure konfiantzako gizonetako baten gisa.

Konfiantza handia diot, erakutsi didalako. Nire alboan egon zen une gogorretan. Eskertzen dut.

Orain, Masek ez du jarrerarik hartu Junts alderdi berriari buruz. Nola interpretatzen duzu?

Mas eta ni saiatzen gara 1974ko Convergencia hark ordezkatzen duena mantentzen; demokrata-kristauak, sozialdemokratak, PSUCekoak eta baita frankismoko batzuk ere biltzeko gai zen hura. Isiltasunak interpretatu behar dira, ez garelako gauzak apurtzekoak, batzekoak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.