KORSIKAKO HAUTESKUNDEAK

Lurralde Asanblearako bozak irabaztea espero dute abertzaleek

Unione Naziunalek alderdi autonomista txikien babesa ere jasotzeko aukera du igandean, bigarren txandan

BASTIA
2004ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Gaur dira Korsikako Lurralde Asanblearako bozak. Aurreneko txandara hemeretzi zerrenda aurkezten dira. Horietatik zazpi besterik ez dira pasatuko bigarren itzulira, Sofres erakundearen zundaketaren arabera. Bigarren buelta datorren igandean, hilaren 28an, egingo da. Aliantzak beharrezkotzat jotzen dira, beraz. Dena den, egiteko dago guztia eta dena da posible. Ikusmina handia da.

Corse-Matin uharteko egunkari bakarrak kontserbadorea joan den astelehenean argitara emandako inkestaren arabera, PRG Ezkerreko Alderdi Erradikala alderdiko Emile Zuccarellik bozen %18 eskuratuko ditu. Bastiako alkatea da Zuccarrelli egun, eta aurretik ministro izan da bitan eta diputatu beste bitan Paul Giacobbi ere zerrendaburua da. Porti-Vechjuko alkatea Camille de Rocca-Serrak, berriz, botoen %16 lortzeko bidean da. Egungo Lurralde Asanbleako presidente Jose Rossi ere zerrendaburua da UMP Herri Mugimenduaren Batasuna alderdian eta biek Frantziako Barne ministro Nicolas Sarkozyren babesa jasoko dute datorren asteartean, ministroak uhartera egingo duen hamabigarren bisitan. Inkestaren arabera, hirugarren zerrenda faboritoa, Edmon Simeonik eta Jean-Guy Talamonik zuzentzen duten Unione Naziunale izango da, hain zuzen ere, bozen %13,5 lortuta.Zerrendaburuek, aldiz, tentuz hartu dituzte datuok eta gaurko emaitzek bigarren itzulia baldintzatuko dutela iritzi diote. Edmond Simeoni abertzaleak inkesta hilaren 9an eta 10ean egin zela eta «azken egunotan» eurenganako sostengua handitu egin dela zehaztu zuen. Emile Zuccarellik, berriz, zundaketak zuhurtziaz hartu behar direla adierazi zuen. Herritarrek ere zalantzan jarri dituzte emaitzok Le Monde egunkarian zabal argitara eman dituzten arren. Hedabideak ere kezka horren lekuko dira: 1817. urtetik kaleratzen den Journal de la Corse astekariak «Inkesta baten ahanztura bitxia» titularra jarri zuen bere azken alean. Eta barruan, hainbat puntu kritikatu zituen: inkestak hautagai batzuk ez aipatzea, erreferenduma aintzat hartuko den galdetzea eta PRGk zerrendaburu ofizial bakarra ez izatea, Zuccarellirekin batera Giacobbi ere aurkezten baita. Hautagaiak orotara mila direla aintzat hartuz, inkesta soilik 700 herritarren artean egin dela zehazten zuen, halaber, zundaketaren sinesgarritasunaz nahikoa eszeptikoa den argitalpenak.

Abertzaleak aurkari nagusi



Zundaketaren ondorio hipotetikoak albo batera utzita, hauteskunde kanpainaren arreta abertzaleengan egon da; izan ere, ezker eta eskuineko taldeentzat aurkari nagusi dira, bereziki, Zuccarellirentzat. Joan den asteazkenean, 250 jarraitzaleren aurrean, Bastiako Antzokian egindako kanpainako azken agerraldian, alderdiaren lehentasuna zein zen berretsi zuen Bastiako alkateak: «Korsikak eragotzi egin behar du Asanblearen eraketan independentziazaleak egotea». Korsika Errepublikan egotearen alde lelopean, Zuccarellik ez du abantaila ezkutatzen, hain zuzen ere, iragan uztailean egin zen erreferendumaren emaitza herritarren %51 batasunaren kontra agertu zen. Eta uhartearen egonkortasun instituzionalaren «bermatzailetzat» jotzen du bere burua.

Logikaren irizpideei begira, aurkari nagusia eskuina ordezkatzen duen Rocca-Serra izango duela galdetu zioten berriki Zuccarelliri. «Ez» erantzun zuen: «Nire helburua Simeonik eta Talamonik zuzentzen duten alderdia aurreneko txandan zerrenda bozkatuena izatea eragoztea da». Aliantzen inguruan ez du, oraingoz, ezer zehaztu nahi: «Errepublikaren batasunaren printzipioak defendatzen dituztenekin soilik lortuko nuke adostasuna».

Erreferenduma, mintzagai



Unione Naziunale zerrendak iragan ostegun iluntzean amaitu zuen kanpaina Bastiako Lupino auzoan. Mila herritarren aurrean «agintea eskuratzeko prest» direla adierazi zuten hautagaiek. Simeonikerreferenduma izan zuen mintzagai: «Iruzurra izan zen eta orain ezin dira sen errepublikarraren inguruan ikasgaiak ematen hasi». Bakearen eta borrokaren aldeko mezuak bota ondoren, PNC Partitu di a Nazione Corsako idazkari nagusi Jean Christophe Angelinik hartu zuen hitza. Abertzaleen batasuna «mugimendu irekia eta bakea eraikitzeko aukera» dela adierazi zuen.

Halaber, preso politikoen aldeko aldarria egin zuten agintari abertzaleek.

-

BOZEN EMAITZAK



 

Abertzaleen garaipena onartu ezean, boikota egiteko prest





Independenza-Corsica Nazione alderdiko zerrenda buru Jean-Guy Talamonik bozen emaitzak errespetatzeko deia egin zuen joan den ostegunean. «Ezkerra eta eskuina fronte errepublikar bakar batean biltzen badira abertzaleen bidea eragozteko bozen emaitzak ukatuz, grebak eta manifestazioak egingo ditugu sistema blokeatu eta administrazioa gelditu bitartean». Hitzokin txalo zaparrada jaso zuen Talamonik.Buruzagi independentistaren arabera, «klandestinoakbatasuna lortzeko emandako pausoen erantzule dira». Aurkariak sistema errepublikar bateko kide ez eta sistema feudal bateko kideak direla adierazi zuen, halaber, Talamonik.Bere agerraldiaren bukaeran, «bakearekin konprometituak, baina borrokarako prest» daudela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.