Etxea atzean uzteak eragindako mina hainbestekoa zen, non 30 orduko bidaia «tximista baten abiadan» igaro zitzaion. Iazko irailaren 30ean egin zuen ihes Armen Mangasarianek bere jaioterri Karabakh Garaitik Erevanera, Armeniako hiriburura. Azerbaijan eta Armenia banatzen dituen Hakari ibaiaren gaineko zubia zeharkatzerakoan, «deprimituta» sentitu zen Mangasarian, Artsakheko Errepublikako —hala deitzen zioten armeniarrek Karabakh Garaiko errepublikari— Gizarte Garapen eta Migrazio ministro izandakoa (2023ko urtarrila-apirila): «Alde batetik, ez nuen nire aberria, nire etxea utzi nahi; bestetik, banekien utzi beharra neukala». Hark bezala, Karabakh Garaian bizi ziren 100.000 armeniarrek baino gehiagok utzi zuten bizilekua 2023ko iraileko azken astean eta urriko lehenengoetan.
Irailaren 19an, urte bat bete zen Azerbaijanek Karabakh Garaian egun bateko operazio militarra egin zuenetik; militarrek 200 bat lagun hil zituzten, eta Artsakheko agintariak behartu zituzten haren desegitea sinatzera. Gehiengo armeniar ia erabatekoa zuen (%99) Karabakh Garaiak, eta de facto Azerbaijan barruko errepublika independente bat izan zen 1991tik —Sobietar Batasunaren parte izan zen hura desegin arte—, nahiz eta nazioartean ez zuen aitortzarik. Aurtengo urtarrilaren 1ean, errepublika ofizialki deseginda geratu zen. Ordurako, baina, ez zen ia-ia armeniarrik geratzen Karabakh Garaian. «Ez zen inor geratu; ofizialki, hamar bat lagun baino ez», zehaztu du Lilit Xahverdian kazetariak.
Stepanakerten jaio zen Xahverdian, Karabakh Garaiko hiriburuan. Azaroan beteko dira bi urte azkenengoz bere jaioterrian izan zenetik. Erevanera joan zen, ikastera, eta Armeniako hiriburuan zegoen iazko iraileko erasoaldia gertatu zenean: «Kezkatuta egon nintzen, nire familia han zegoen [Stepanakerten]. Ez zegoen konexiorik, eta ezin nien deitu. Soilik aitaren eta ahizparen mezu labur batzuk jaso nituen. ‘Onik gaude, bizirik gaude’, esaten zidaten». Mangasarian lekuko zuzena izan zen; posta elektronikoz kontatu ditu egun hartan bizitakoak: «Lanetik atera berria nintzen, eta lagun baten etxera nindoan bazkaltzera. Atean nengoela entzun nuen lehen tiro hotsa. Hasia zela konprenitu nuen».
Azken hiru hamarkadetan gatazka iturri izan da Karabakh Garaia. Iaz bertan, operazio militarraren aurretik, Azerbaijango Gobernuak blokeatuta eduki zuen lurralde hori bederatzi hilabetez, Karabakh Garaia eta Armenia lotzen dituen errepide bakarra —Latxingo korridorea— itxita. Garai hartan izan zen Artsakheko ministro Mangasarian: «Egun gogorrak izan ziren; ez zegoen apenas jatekorik». Egun, We Are Our Mountains garapen agentzian —egoitza Erevanen du— egin du lan, eta laguntza eskaintzen die berak bezala Karabakh Garaia utzi dutenei.
Armenia ez zegoen prest
Ministro izandakoa Erevanen bizi dira orain, baita Xahverdianen familiako kideak ere. Hango biztanleek oso harrera ona egin dietela jakinarazi du Mangasarianek; halere, gaineratu du errefuxiatuak baldintza «oso txarretan» bizi direla: «Guztia galdu dute, eta orain egoera sozial eta psikologiko zailean daude». Xahverdianek baldintza horien adibide bat eman du: «Zenbaitetan, etxe berean jende ugari bizi da; bizpahiru logelako etxe batean, hamar lagun baino gehiago bizi daitezke».
Zailtasun ekonomikoak pairatzen ari dira Karabakh Garaitik ihes egin behar izan zuten armeniar asko. Beren ondasun gehienak atzean utzi zituzten, eta, gainera, askok ez dute lanik lortzen. «Iritsiera espero gabea izan zen; Armeniak 100.000 pertsona hartu zituen egun batetik bestera. Ez zegoen guztientzako lanik», argitu du Xahverdianek, telefonoz. Egun, Parisen bizi da.
«Iritsiera espero gabea izan zen; Armeniak 100.000 pertsona hartu zituen egun batetik bestera. Ez zegoen guztientzako lanik»
LILIT XAHVERDIANKazetaria
Armeniako Gobernua lagundu nahian ari dela argitu du ministro ohiak, baina ez du uste aski denik: «Ez dago lanik, eta etxebizitza programa ez da egokia». Programa horren baliagarritasunik ezaren isla moduan, jakinarazi du soilik Karabakh Garaiko 30 bat familiak eskatu dutela hartan parte hartzea. Kazetariarentzat ere, Erevanen jarduna ez da nahikoa: «Armeniako Gobernuak 150 euro inguruko laguntza ematen die hilean, baina hori ez da nahikoa». Horregatik, zenbaitek Armenia uzteko hautua ere egin dute: «Asko Errusiara joan dira, eta beste zenbait, Europara», zehaztu du kazetariak. Armeniako Segurtasun Zerbitzu Nazionalaren arabera, Karabakh Garaiko ia 12.000 errefuxiatu joan dira Armeniatik kanpora, eta ez dira itzuli.
Bake akordioa, «traizio»
Armeniako Gobernuak errefuxiatuei laguntza nahikoa ez emateak arrangura sortzen die Karabakh Garaiko herritarrei, baina are eta gehiago sumintzen ditu beste jokabide batek. Azken hilabeteetan, Armenia eta Azerbaijan bake hitzarmen bat sinatzeko negoziazioetan dabiltza. Bada, itun horren edukia ez dute begi onez ikusten Xahverdianek eta Mangasarianek.
Kazetariak jakinarazi du ez dutela kontuan hartzen «armeniarrek Karabakh Garaian duten lekua, ezta Azerbaijan han gauzatzen ari den suntsiketa sistematikoa ere». Baku Karabakh Garaira biztanle berriak eraman nahian ari dela azaldu du Xahverdianek: «Unibertsitate bat ireki dute; baita ikasleentzako egoitza bat ere, aurrez armeniarrek eraikitako etxebizitzak zeuden guneetan. Armeniarron balio kulturalak eta jabetzak bereganatzen ari dira». Horregatik, bake akordioa armeniarrentzat «traizio» baten modukoa izango dela dio.
«Nazioarteak bermatu beharra dauka autodeterminaziorako daukagun eskubidea, eta Azerbaijango tropek okupatutako lurraldea utzi behar dute»
ARMEN MANGASARIANKarabakh Garaiko ministro ohia
Bake itunak errefuxiatuei etxera itzultzeko modua eman behar diela uste du Mangasarianek: «Nazioarteak bermatu beharra dauka autodeterminaziorako daukagun eskubidea, eta Azerbaijango tropek okupatutako lurraldea utzi behar dute». Gainontzean, «erabateko bakea» lortzea ezinezkoa izango dela uste du Artsakheko ministro ohiak. «Izan ere, lehenago edo beranduago, gure seme-alabek, gure ilobek eta Artsakheko etorkizuneko belaunaldiek berriz aldarrikatuko dute justizia historikoa».