Herri indigenak

Lur indigenen aitortza mugatzen duen lege proiektu bat onartu du Brasilgo behe ganberak

Senatuak bozkatu behar du orain, eta, onartzen badu, Brasilgo presidente Luis Inacio da Silva 'Lula'-ren esku egongo da hori onartzea edo betoa jartzea. Legeak baimena emango luke lur indigenetan labore transgenikoak ereiteko.

Zenbait manifestari Brasilgo bandera eusten, odolez zikinduta, lege proiektuaren aurkako manifestazioan, Sao Paulon. ANDRE COELHO / EFE
maddi iztueta olano
2023ko maiatzaren 31
12:49
Entzun

Hauxe dio lege proiektuak: lur indigenak aitortzeko, han bizi diren komunitateek frogatu beharko dute han bizi zirela 1988ko urriaren 5a baino lehen ere —egun hartan sartu zen indarrean Brasilgo Konstituzioa—. Hori frogatzerik ez badute, «berehala» kanporatu ditzakete eremu horietatik. Zehazki, bi gauza frogatu beharko dituzte komunitate indigenek: eremu hori beren bizitoki iraunkorra zela, eta jarduera «produktiboak» egiteko erabiltzen zutela, ingurumen baliabideak zaintzeko «ezinbestekoak».

Behe ganberako ordezkariek hartu zuten erabakia, atzo. Lege proiektuaren alde bozkatu zuten 283 ordezkarik, aurka 155ek, eta abstentzioa eman zuten 62k. Halere, erabakia ez da behin betikoa. Testua senatuan bozkatu behar dute orain, eta, hor onartzen badute, Brasilgo presidente Luis Inacio da Silva Lula-ren esku egongo da lege proiektua onartu eta behin betiko lege bihurtzea, edo horri betoa jartzea.

Herrialdeko paisaia politikoan ez du harridura handia eragin behe ganberak lege proiektuaren alde bozkatu izanak. Ordezkaritza handia dute han landa eremuetako jabeek eta abeltzainek, eta, Herri Indigenen Ministerioaren arabera, haien «interesekoak» dira indigenen lur eremuak. Izan ere, lege proiektuak baimena emango luke lur indigenetan labore transgenikoak ereiteko, eta debekatu egingo luke aitortutako eremu indigenak hedatzea. Dena den, komunitate indigenei bakarrik ez, Herri Indigenen eta Ingurumen Ministerioei ere eragingo lieke lege proiektuak. Zenbait eskumen kenduko lizkieke, eta, beraz, zailtasunak izango lituzkete eremu horietan babes politikak aplikatzeko.

Horrenbestez, lege proiektua beta dezala eskatu dio Lulari Herri Indigenen ministro Sonia Guajajarak. «Proiektuak genozidio legeztatu bat islatzen du. Zuzenean eragingo die bakartuta dauden herri indigenei, eta baimena emango du gizartearekin eta beste herri indigena batzuekin harremanik izan ez duten komunitateen lurretara edonola sartzeko», ohartarazi du Herri Indigenen Ministerioak, prentsa ohar baten bidez. Halaber, esan dute lege proiektua zuzeneko mehatxua dela komunitate indigenen «iraupenerako».

Samina eta haserrea

Behe ganberak erabakia iragarri eta gutxira irten dira kalera komunitate indigenak eta herritarrak. Manifestazioak izan dira herrialdeko zenbait eremutan, eta manifestari batzuek hainbat errepide blokeatu dituzte. Poliziak negar gasa eta ur mahukak erabili ditu horien aurka.

Halere, indigenek «ez dute etsiko». Horixe esan dio Jaragua komunitateko buru Thiago Karaik Agencia Brasil albiste agentziari. «Indigenen lur eremuren bat eskuratzen saiatzen badira, hil egin beharko gaituzte».

Brasilgo lur eremu osoaren %13,7 hartzen dute komunitate indigenek. Herrialdean, 610 eremu indigena inguru daude, baina mugatuta daude horien erdiak baino gehiago —zehazki, 487—. Amazonian daude eremu indigena gehienak, eta ez dira gutxi azken urteotan izan dituzten arriskuak. Klimaren Behatzailearen arabera, Jair Bolsonaro ultraeskuindarra agintean egon zen urteetan (2019-2022), %200 ugaritu ziren lur indigenen okupazioak, eta %30, berriz, indigenen hilketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.