Ukraina ekialdeko gatazka. Urtebete gerran (II)

Lur azpian bizitzera behartuak

Donetskeko Petrovski barrutian gerratik ihes egin ezin eta, etxea utzita, sotoetan bilatu du babesa eta bizitokia herritar ugarik.Kalera irteteko beldurrez bizi da Volonov familia

Haurrak dira Volonov familia bizi den soto umel eta tristeari alaitasun apur bat ematen diotenak, Donetskeko Petrovski auzoan. MIKEL ARREGI.
Donetsk
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Guda batean ez duela inork irabazten esan ohi da, eta gudaren alderik latzena zibilek pairatzen dutela agerikoa da. Donbasseko eskualdean duten gudaren isla argiena, hain zuzen, zibilek pairatzen duten egoerak erakusten du. NBEren datuen arabera, ia milioi bat errefuxiatu —Bigarren Mundu gerraz gero Europan izandako kopuru handiena— eragin ditu jada joan den maiatzean Kievek abian jarritako erasoaldiak. Gatazka guztietan badira kaltetuak izan diren zibilen istorioak, publiko orokorrarentzat ikusezinak.

Ehunka zibil hil dira Donetsk hirian Ukrainako Gobernuak «operazio antiterrorista» hasi zuenetik. Beste asko, ordea, etxea uztera derrigortu dituzte, ezkutuan bizitza berri bat hastera behartu.

Petrovski barrutia Donetskeko mendebaldean dago. Azken hiletan Ukrainako armadaren bonbardaketek hondatutako eraikinak ikusita, azkar uler daiteke auzoak pairatu duen sarraskia. Kalean oso jende gutxi dabil, eta auzoak lehengo bizitasuna galdu du. Gerraren gordintasunak «bizimodu berri bat» eragin du auzo horretan: lurpean bizitza aukera berri bat piztu da, gerratik ihes egiteko modurik ez dutenentzat. Horixe da zibil askoren aukera bakarra, bonbetatik ihesean aurkitutako babeslekua.

Zortzi hilabete bunkerrean

Volonov familiaren kasuan, orain dela zortzi hiletik hona, lur azpian bizitzera kondenatu ditu gerrak, beste jende batekin konpartitzen duten 100 metro koadroko gela umel batean. Familia «ziur» sentitzen dela dio Ilianak, familiako buruak. Kalean ez duten segurtasuna aurkitu dute sotoan, eta kanpoan egin beharreko bizitza edota erosketak, beldurra dela medio, gertuko saltokietan egiten dituzte. «Duela hile pare bat kalera irten nintzen, eta han eman nuen denbora gutxian Ukrainako armadaren eraso batek harrapatu ninduen», dio Ilianak.

Petrovski barrutiak ukrainarren supean eman ditu hil asko.Etxea uztea beste aukerarik ez zuen ikusi Volonov familiak: «Gure etxeak ez zuen kalte handirik, baina ondoko etxe guztiak suntsituta zeuden. Beldurragatik, ihes egin eta babesleku honetara etortzea erabaki genuen».

Ilianaren ustez, «loteria bat da guda», eta kalera irtetea oso arriskutsua izan liteke. Guda hasi aurretik, jatetxe batean egin zuen lan Ilianak, eta, gerra hasi orduko, lanpostua utzi zuen, seme-alabak zaintzeko. «Orain, ikusi zelan bizi garen», dio, atsekabetuta: «Jasotzen dugun laguntza ekonomiko eskasa Donetskeko gobernuak ematen digu».

Ilianaren familia osoa bizi da bunker batean; 8 urteko Dima, 9 urteko Raja, eta iloba Pasha (4) eta Ulima (2). Baita horien ama ere. Haiek ematen diote alaitasun pitin bat leku ilun eta triste honi. «Umeak hemen pozik daude», dio amak, «egoeraren inguruan gauza handirik ulertzen ez badute ere». Halere, beste ume batzuekin elkartzen direnean,batera jolasten dira: «Etxean edo udalekuetan bezala sentitzen dira», dio Ilianak. Gudaren errealitate gordinetik at bizi dira haur xaloak. Munduko ume gehienen antzera, dauzkaten jostailuguztien artean tanke bat ere badago.

Familia osoaz galdetuta, Ilianak aitortu du senarraren faltan sumatzen duela. Familia laga eta herri milizietan izena eman zuen, «bere herria defendatzeko beharra sentitzen zuelako». Emakumeak argi utzi du guztiz babesten duela senarraren hautua: «Gu herri milizien alde gaude, haien parte sentitzen gara. Gure miresmen eta babesik handiena gu defenditzen ari diren heroiei», dio Ilianak, harro.

Errudun bila

Miliziak aipatu eta Iliana politikaz hizketan hasi da. Pertsona orok bezala, Ilianak ere bere kezka politikoak baditu, eta Ukrainan duten egoera politikoaren gatazkaren inguruan mintzatzeko beharra sentitu du. «Gure egoera amerikarrek sortu dute», dio donetsktar honek. Ilianaren ama ere solasaldira batu da, oso haserre: «Kieveko autoritateak eta Igor Kolomoiski elkarren artean borrokatzen ari dira orain. Ez dugu inolako penarik sentituko Kolomoiski gerran galtzen bada, hiltzaile hutsa baita».

Volonov familiak argi dauka nor ari zaion etxea eta auzoa bonbardatzen: «Kolomoiski da gure egoeraren erruduna; ez diogu barkatuko». Argi daukate Dmitri Jarox parlamentaria buru duen talde ultraeskuindarraren Dnipro-1 eta Pravi Sektor batailoiek egin dituztela Petrovski barrutiko bonbardaketak. Kolomoiski oligarka ukrainarrak finantzaturiko indar paramilitarrek, berriz, auzotik hiru kilometro eta erdira daukaten posiziotik egin ohi dituzte erasoak.

Ilianak aitortu du guda amaitzeko irrikan dagoela, bizitza horretaz «nekatuta» baitago. Haiek sortu ez duten guda baten biktimatzat jotzen du bere burua: «Ezin dugu ulertu zergatik ari zaigun hau guri pasatzen». Mendebaldeko kazetarien ezohiko presentzia baliatu nahi du Ilianak, topaketari amaiera emateko. «Ukrainar presidenteari ere mezu bat bidaltzea gustatuko litzaidake: gu gauden egoera berdinea egotea opa dizugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.