Ingurumenaren Nazioarteko Eguna baliatuta egin zuen iragarpena Brasilgo presidente Luiz Inacio da Silva Lula-k. Euskal Herrian goizaldea zela aurkeztutako proposamenaren helburua da legez kanpoko basogabetzea amaitzea 2030erako. Duela bi urte Glasgowko goi bileran hartutako konpromisoekin bat dator egitasmoa. Araudi berriak zigor gogorragoak aurreikusten ditu legez kanpoko basogabetzearen aurka, eta aukera ematen dio gobernuari basogabetutako lurren %50 bahitzeko. Horrez gain, babestutako eremu gehiago ere sortuko lirateke, 30.000 kilometro koadro denera —Belgikaren neurriko eremua—.
«Brasilek berreskuratu egin du klima larrialdiaren aurkako borrokaren lidergoa, lau urtez ingurumena gutxiengo bat aberasteko baliabide gisa baliatu duen gobernu baten agintaldiaren ostean», esan du Lulak, Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batean. Herrialde aberatsei ere mezu argia helarazi die estatuburuak, ohartaraziz haiek ustiatu dutela basoetako aberastasuna.
Gobernuko hamabost ministeriok hartu dute parte egitasmoan. Besteak beste, proposamenak jasotzen du sateliteak gehiago erabiliko dituztela, hartara legez kanpoko zuhaitz mozketak, abeltzaintza eta meatzaritza atzemateko. Diru mugimenduei lotutako datu basea ere baliatuko dute Amazoniako oihanean egindako ustiaketen diru jarioei jarraitzeko. Aldi berean, sistema bat martxan jarriko dute egur eta nekazaritza produktuak nondik datozen jakiteko, ekosistema zaurgarrietatik ez datozela bermatzeko.
Zigorrekin lotuta ez dauden egitasmoak ere jasotzen ditu proposamenak: besteak beste, lurren jabetza tituluak eguneratzea eta «nekazaritza iraunkorra» sustatzea.
Agintera heltzearekin bat, Lulak irauli egin ditu Jair Bolsonarok presidente zela bultzatutako neurriak. Hala, basogabetzeak %61 egin zuen behera urteko lehen hilabetean, baina otsailean %62 egin zuen gora iazko garai berarekin alderatuta.
Nazioarteko elkarlana
Amazoniako herrialdeen goi bilera egitekoa dute datorren abuztuan, eta hura nazioarteko elkarlana bultzatzeko baliatzea da Lularen asmoa. «Egurrarekin, arrainekin, mearekin, drogekin eta pertsonekin trafikatzen duten sareak desegin behar dira. Ez dago inolako kontraesanik ekonomiaren garapenaren eta ingurumena babestearen artean. Brasilek 30 milioi hektarea hondatu dauzka, eta horiek leheneratu daitezke ekoizpenerako», esan du presidenteak.
Bide batez, Brasilgo estatuburuak gogorarazi du herrialde aberatsek 2009an konpromisoa hartu zutela garabidean direnei diruz laguntzeko, baina ez dutela bete: «Herrialde aberatsek, batzuetan, eman nahi ez dutena edo eman ezin dutena hitzematen dute; baina, aldi berean, milaka milioi dolar jartzen dituzte jendea hiltzen duten gatazketan. Horregatik, planeta zaintzea bada bakea sustatzea ere».
Hain zuzen ere, atzo bete zen urtea Dom Phillips kazetari britainiarra eta Bruno Pereira indigena hil zituztela, Amazonian lanean ari zirela. Pereira eta Philips iazko ekainaren 5ean desagertu ziren, Javari bailaratik Brasil, Kolonbia eta Peruko mugak bat egiten duten eremura zihoazela. Legez kanpoko arrantza ikertzen ari zirela desagertu ziren. Urtarrilean, Kolonbiako talde armatu bateko burua zigortu zuten hilketengatik.
Aurrez ere antzeko hilketa ugari gertatuak dira Amazonia inguruan; batez ere, legez kanpoko ustiaketa lanak egiten diren inguruetan. Iazko hilketak, ordea, nazioarteko arreta erakarri zuen eskualdera. Urteurrenean, horrela idatzi zuen Lulak sareetan: «Duela urtebete, [Pereira eta Philipsen] hilketak ezinegona eragin zuen nazioartean, eta Amazoniak legerik gabeko eremu baten irudia eman zuen. Orain, baina, itxaropena dugu etorkizunean».