Brasil

Lula: «Bolsonaroren erantzukizuna da, eta hari lagundu diotenena»

Estatuburu ohiaren 1.600 bat jarraitzaile atxilotu dituzte igandeko gertakariekin lotuta. Auzitegi Gorenak Brasiliako gobernadorea kargugabetu du 90 egunerako

Brasilgo Polizia, Jair Bolsonaro herrialdeko presidente ohiaren jarraitzaileak gobernuaren egoitzatik kanporatzeko esku hartzen, Brasilian. MARCELO CAMARGO / EFE.
Mikel O. Iribar - Igor Susaeta - Julen Otaegi
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
«Badakizue presidente ohiaren hainbat diskurtso daudela hori bultzatu dutenak. Haren erantzukizuna da, eta hari lagundu dioten alderdiena». Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak Jair Bolsonaro azken lau urteotan herrialdeko estatuburu izandakoari leporatu dio herenegun gertatutakoa. Izan ere, ultraeskuineko agintariaren milaka jarraitzailek herrialdeko Kongresuaren, presidentetzaren eta Auzitegi Gorenaren egoitzak hartu zituzten, indarrez, Brasilian.

Gorenak, atzo, herrialdeko armadari agindu zion desegin ditzala Brasilen dauden «kanpamentu bolsonarista» guztiak 24 orduko epean. Brasilgo armadak hiriburuan duen egoitza nagusiaren aurrean jarraitzaile ultrek ezarritako kanpalekua inguratu zuen Poliziak atzo, eta ordubeteko epea eman zien manifestariei duela bi hilabete eratutako kanpamentutik erretiratzeko; ohartarazi zien, gainera, atxilo hartuko zituela aginduari men egin ezean.

Brasilgo hedabideen arabera, kanpamentua desegiteko orduan ez zen istilurik izan, eta agenteak ez ziren oldartu Bolsonaroren aldekoen aurka. Hori bai, CNN telebista kateak Poliziaren iturriak aipatuz jakinarazi zuenez, gutxienez 1.200 lagun atxilotu zituzten militarren estatu kolpe bat hauspotu nahi zutenen artean. Herenegungo mobilizazioaren harira, bestalde, 400 bat pertsona hartu zituzten. Brasilgo Zigor Kodeak lau eta hamabi urte arteko espetxe zigorrak aurreikusten ditu legitimoki aukeratutako gobernu bat kentzen saiatzeagatik.

Ikusi gehiago:AEBetatik eta Twitter bidez, Bolsonarok ez ditu zuzenean kritikatu bere jarraitzaileak

Brasilgo botere legegilearen eta judizialaren buruak Lularekin batzartu ziren atzo, eta demokrazia «bakean» defendatzera eta «bare» egotera deitu zuten, elkarrekin kaleratutako ohar batean. «Herrialdeak normaltasuna, errespetua eta lana behar ditu».

Lulak igandean esan zuen «faxista basati batzuk» direla egoitzak indarrez hartu zituztenak, eta «deskubrituko» dutela azken bi hilabeteotako protestak nork finantzatu dituen. Lula ezkerrekoa Bolsonarori gailendu zitzaion hauteskundeen bigarren itzulian, urriaren amaieran, botoen %50,9 lortuta. Gobernu aldaketa, ordea, ez da eskuin muturrekoen gustukoa izan; Bolsonaroren porrotaz geroztik, kanpaldiak egin dituzte herrialdearen luze-zabalean, eta istiluak ere eragin izan dituzte. Esku hartze militar bat eskatzen zuten.

Alexandre de Moraes Goreneko magistratuak honela argudiatu zuen kanpamentuak hutsarazteko eman zuen agindua: «Ezerk ez du justifikatzen agintari zibilek eta militarrek finantzatutako terroristen kanpamentuak egotea, erabat modu subertsiboan eta Konstituzioa inola ere errespetatu gabe». Halaber, epaileak ohartarazi zuen justiziaren esku utziko dituela indar armatuetako komandanteak eta goi kargudunak, Polizia eta Defentsa Ministerioa baldin eta kanpaleku horiek kentzen ez badituzte.

Eta Auzitegi Gorenak kargutik kendu zuen Ibaneis Rocha Brasilia Barruti Federaleko gobernadorea, 90 egunerako; hain zuzen, De Moraesek berak hartu zuen erabaki hori ere. Epaileak Lularen eskaera bat aintzat hartu zuen, argudiatuta ezen hiru egoitzen aurkako erasoa «segurtasun publikoko eta zerbitzu sekretuetako agintari eskudunen adostasunarekin bakarrik» gerta zitekeela, baita «haien parte hartze eraginkorrarekin» ere. Era berean, azpimarratu zuen «nabarmena eta jakina» zela «ekintza kolpistak antolatzen» ari zirela, eta «Brasilgo prentsak haizatu» dituela.

Bada, Goreneko magistratuaren esanetan, Bolsonaroren jarraitzaileek «hiru botereen» aurka eraso egin baino lehenago, Brasiliako segurtasun agintariek Rocha gobernadoreari jakinarazi zioten manifestariekin «negoziatu» zutela, hiru egoitzen eremura «modu baketsuan» eta «antolatuan» bertaratzeko, Folha de Sao Paulo egunkariak eskuratutako agenteen audio grabazioen arabera. Segurtasun Idazkaritzako bigarrenak Rochari esan zion manifestariak Poliziaren «kontrolpean» jaisten ari zirela armadaren kuartel nagusiaren egoitzatik. Kongresuaren, presidentetzaren eta Auzitegi Gorenaren egoitzetara heldu zirenean, ordea, dena lehertu zen.

Horiek horrela, Gorenak Rocha egin du horren guztiaren erantzule; azken horrek, hain zuzen ere, kargugabetua izan baino ordu batzuk lehenago barkamena eskatu zien Lula presidenteari eta botere legegileko eta judizialeko buruzagiei, igande arratsaldeko gertakariengatik. Rochak, gainera, kargutik kendu zuen Segurtasun idazkari Anderson Torres; Bolsonaroren agintaldiko gobernuko Justizia ministro izan zen (2019-2022), eta agintari ohiaren oso gertukoa da.

Erantzukizunari itzuri egin dio Torresek, ordea, Twitterren idatzitako mezu batean. AEBetan zen bidaian, baina adierazi zuen ez zela hara joan Bolsonarorekin egotera. «Inoiz ez nuen ezagutu». Egoitzak indarrez hartu izana kritikatu zuen, eta «ekintzen koldarkeria» salatu. «Ez datoz bat Brasilgo politika indartzeko beharrezkotzat jotzen dudanarekin». Iruditzen zaio, bide batez, desberdintasun ideologikoak eta politikoak ezin direla erabili «eraso baterako» erregai gisa.

Selekzioaren erreakzioa

Herenegungo gertakariak aintzat hartuta, Brasiliako segurtasun eremuan esku hartzeko dekretua onartu du Lulak, eta datorren urtarrilaren 31ra arte da indarrean egotekoa. Beraz, eskualdeko Polizia gobernu zentralaren kontrolpean egongo da aldi horretan.

Eta Brasilgo Futbol Federazioak, bestalde, «irmo» gaitzetsi du selekzioaren kamiseta «ekintza antidemokratikoetan» erabiltzea. Izan ere, igandean botere exekutiboaren, legegilearen eta judizialaren egoitzak hartu zituztenetako askok futbol selekzioaren elastikoak zeramatzaten jantzita. Bolsonarok bere sinboloetako bat bihurtu zuen selekzioaren kamiseta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.