Parlamenturako bozak egin zituzten Portugalen hilaren 10ean. AD Aliantza Demokratikoa koalizio eskuindarra gailendu zitzaion PS Alderdi Sozialistari. Bi alderdien arteko aldea oso txikia izan zen; bi eserlekurena, hain zuzen. Inork ez zuen lortu gobernatzeko gehiengo osorik, eta alderdien arteko akordioak lortzea zailtzat jotzen zuten bai eskuinean eta bai ezkerrean. Bi alderdiek, halere, hitz erdika esan zuten ADko Luis Montenegro izango zela lehen ministro. Eta Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidenteak gaur goizaldean izendatu du Montenegro kargu horretarako.
Presidenteak adierazi duenez, Pedro Nuno Santos PSko idazkari nagusiak oposizioko buru izango dela jakinarazi zuelako hartu zuen berak erabaki hori, besteak beste. Montenegrok gaur zortzi jakinaraziko du nola osatuko duen Portugalgo Gobernua, eta, datorren apirilaren 2an, kargua hartu eta lanean hasiko dira.
Bart heldu ziren atzerriko botoen emaitzak, eta bi alderdi nagusien arteko aldea bere horretan mantendu zen, eserleku bana gehitu baitzuten. AD 80 eserlekura heldu da, baina oraindik urruti dago gehiengoa osatzeko behar diren 116 diputatuetatik. Asanblea Nazionalean proiektua onartzeko negoziazio andana egin beharko du Montenegrok. Izan ere, lehen ministro izango denak behin eta berriz errepikatu izan du Chega eskuin muturreko alderdiarekin ez duela itunik egingo.
Montenegro lehen ministro izendatzearekin batera, amaiera emango diote ezkerreko gobernuen aroari. PSko Antonio Costa izan da gobernuburu 2015etik —jardunean dago iaz dimisioa eman zuenetik—. Costak berak Montenegro zoriondu du gaur X sare sozialaren bitartez, eta jakinarazi du gobernuen arteko trantsizioa erraztuko dutela: «Gobernuak, jakina, ahalik eta kolaboraziorik onena bermatuko du sailen trantsizioan eta 24. gobernua ezartzean».
Congratulei o Dr. Luís Montenegro pela sua indigitação, com votos do maior sucesso na governação, para bem de Portugal e dos portugueses.
— António Costa (@antoniocostapm) March 21, 2024
O governo naturalmente assegurará a melhor colaboração na transição de pastas e na instalação do XXIV governo constitucional.
Costak iragan urrian aurreratu zituen parlamenturako hauteskundeak. Buruzagi sozialistak dimisioa eman zuen, bera eta gobernuko beste zenbait kide litioa eta hidrogenoa ustiatzeko kontzesioen aferan ikerketapean zeudelako.
Eskuinera itzuli
Azken zortzi urteko ezkerreko gobernuen aurretik, Portugalek eskuineko gobernu kontserbadorea izan zuen. PSD Alderdi Sozialdemokratako Pedro Passos Coelho izan zen gobernuburua (2011-2015), kasurako. Montenegro PSDko buru da, eta AD koalizioaren barruan indar gehien duen alderdia da PSD. Hori, baina, ez da Portugalek eskuinera egin duen erakusle bakarra. Izan ere, azken hauteskundeek indarra eman diote Chega ultraeskuindarrari.
Alderdi horrek lehen zituen ordezkariak halako lau lortu ditu. Are gehiago, atzerriko bozkatzaileen artean babes gehien duen alderdia da eskuin muturrekoa: jokoan zeuden lau eserlekutatik bi bereganatu ditu. 50 eserlekura heldu da alderdia, eta hirugarren indarra bilakatu.