Fernando Lugo presidentea kargutik kendu du Paraguaiko Senatuak. Colorado alderdi eskuindarrak 61 urtez herrialdea gobernatu ondoren hartu zuen kargua gotzain izandakoak, 2008an, eta Colorado bera izan da, Lugoren alderdiko senatariekin batera gobernutik kanpo utzi dutenak. 39 senatarik eman dute hura botatzearen aldeko botoa, lauk kontra, eta bik ez dute parte hartu bozketan.
Krisiaren jatorria sei poliziaren eta 11 nekazariren heriotzan dago. Joan den ekainaren 15ean etxalde bat okupatu zuten nekazariek, eta hilketa horien ondoren, koalizioan Lugorekin aliantzan gobernatu duen alderdiko hainbat senatarik babesa kendu zioten, eta Coloradorekinelkartu ziren. Federico Franco alderdi horretako kideak ordezkatu du karguan. Konstituzioak onartzen du Lugoren kontra egindako maniobra, baina Latinoamerikako herrialdeetako ordezkariek estatu kolpearekin konparatu dute. Paraguaiko senatariek, berriz, muzin egin diote Unasur Hegoamerikako Nazioen Batasuneko Atzerri ministroek esandakoari. Brasil, Venezuela eta Ekuadorko buruzagiek, besteak beste, gogor gaitzetsi dute gertatutakoa.
Lugok sotana utzi zuen politikari izateko, eta eskuinaren etsai bilakatu zen bere ideia ezkertiarrengatik. Botoen %40arekin lortu zuen presidentetza baina eskuinak ez dio nahi beste aldaketarik egiten utzi. Lugori leporatu izan diote nekazarien okupazio ekintzak babestea, hain zuzen, nekazaritza erreforma erabatekoa egingo zuela agindu zuen kargua hartzerakoan, besteak beste, eta egoera errotikaldatzea lortu ez duen arren, politika egiteko modu bat ezarri du. Horregatik kendu dute boteretik.
Lugo Paraguaiko presidentea kargutik kendu dute senatariek
Latinoamerikako gobernuek gaitzetsi egin dute gertatutakoa, eta estatu kolpe batekin konparatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu