Frantziako Asanblearako hauteskundeen bigarren itzuliaren emaitzak jakinarazi zirenean, uztailaren 7an, galdera bat zegoen airean: NFP Fronte Popular Berriak nor izendatuko du hautagai lehen ministro izateko? Galdera hori erantzunik gabe egon da azken asteotan. Are gehiago, hauteskundeetan boto gehien eskuratu zuen koalizioaren hautagaia nor izango zen jakin gabe osatu zuten Asanblea, aurreko ostegunean. Galderak, baina, erantzuna jaso du gaur: Lucie Castets izendatu du NFPk lehen ministro izateko hautagai.
Asanblearako hauteskundeak irabazi eta hamasei egunera heldu da akordioa. NFP osatzen duten alderdiek sinatutako oharrean kaleratu berri dutenez, Lucie Castets proposatuko diote Macroni Frantziako lehen ministro izenda dezan. 37 urte ditu Castetsek. Ekonomista da, eta Parisko udaletxean egiten du lan, finantzetako zuzendari gisa. Gure Zerbitzu Publikoak (Nos services publics) kolektiboaren bozeramaile eta sortzaileetako bat da. Gaur egun ez da NFP osatzen duten ezein alderdiren kide; hala ere, 2015ean Normandia eskualdeko hauteskundeetara aurkeztu zen PSren zerrendetan.
🔴 URGENT - Communiqué de presse du Nouveau Front populaire.
— La France insoumise 🔴 #NouveauFrontPopulaire (@FranceInsoumise) July 23, 2024
Le Nouveau Front Populaire présente au président de la République la proposition de nommer Première ministre Madame Lucie Castets.
Retrouvez notre communiqué commun.#NouveauFrontPopulairepic.twitter.com/ulYkMsM3Yr
Hautagaitza publiko egin eta minutu gutxira AFP Agence France-Press berri agentziari egindako adierazpenetan, Castetsek esan du erretreten erreforma indargabetzea izango dela bere xede nagusietako bat, NFPren programarekin bat eginez. Gainera, aurrera eraman nahiko lituzkeen beste zenbait neurriren inguruan mintzatu da: zerga erreforma «handi bat» egitea, «norbanakoek zein multinazionalek dagokiena ordaindu dezaten»; erosteko ahalmena «hobetzea», soldatak handituz eta gutxieneko sozialak areagotuz; eta Frantziako zerbitzu publikoek pairatu duten «atzerakada» amaitzea.
Hautagaia aukeratu izanak harrabotsa eragin du, Frantziako ezkerreko alderdien koalizioa ika-miketan murgildurik egon baita azken asteotan. Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoa negoziazioak behin-behinean etetera heldu zen, PS Frantziako Alderdi Sozialistari leporatuta Emmanuel Macron presidentearen gustukoa ez zen ezein hautagai «blokeatzea». Oraingoan, ordea, Castetsen hautagaitza txalotu du. X sare sozialean argitaratu duenez, Melenchonek uste du hautagaitzak berresten duela NFP gai dela «egoerak eskatzen duen maila emateko». Macroni zuzentzeko ere erabili du mezua: «Presidenteak ezin ditu gauzak gehiago atzeratu. [Lehen ministro] izendatu behar du [Castets], eta demokraziaren arauak errespetatu».
Macronek, ezezkoa
Frantzia Intsumisoko buruzagiak mezua argitaratu eta minutu gutxira hasi da Frantziako presidentearen elkarrizketa, France 2 telebistan eta Radio France irratian aldi berean. Macronek Castetsen hautagaitza baztertu du, baina, arazoa ezker koalizioan dagoela eta ez hautagaian argituz. Lehen ministro izateko, Macronen oniritzia behar du Castetsek, eta presidenteak iritzi dio NFPk ez duela gehiengorik: «Arazoa ez da alderdi politiko batek proposatutako izena; baizik eta Fronte Popular Berriak gehiengoa duela esatea gezurra litzatekeela». Asanblearako presidentearen hautaketa jarri du adibidetzat bere argudioa indartzeko. Izan ere, Asanblearako NFPren hautagai Andre Chassaignek bozak galdu zituen, Yael Barun-Pivet hautagai macronistaren mesedetan.
Macronek argudiatu du gaur-gaurkoz NFPk ezin duela Asanblean politikarik egin edota aurrekontuak onartu. Hala ere, ez du soilik NFPren aurka egin, onartu baitu orain arteko gobernuak —Macronen alderdia du buru, eta Gabriel Attal da lehen ministroa— ere ez duela «Frantzia aurrera eramateko» adina indarrik: «Gaur egun ez dago gehiengoa osatzeko gai den blokerik». Hori dela eta, Frantziako Asanblea osatzen duten alderdiei eskatu die alde batera utz ditzatela haien ezberdintasunak eta «akordio batera heltzeko ahaleginak» egin ditzatela.
Bestalde, behin-behinean diharduen gobernuak «abuztu erdialdera arte» bere horretan eutsiko diola nabarmendu du Macronek. Presidentearen ustez, gaur egun gobernuan aldaketak eginez gero, «anabasa» sortuko da: «Ez da gauzak aldatzeko garaia, anabasa sortuko litzateke eta». Larunbatean Parisen hasiko dira Olinpiar Jokoak, eta elkarrizketan adierazi du horiek amaitu arte ez duela inor izendatuko lehen ministro.