Deskolonizazio prozesuko azken erreferendumerako bost hilabete falta direla, Kaledonia Berriak beste mugarri bat jarri du, lehen presidente independentista aukeratu baitu. UNI Independentziarako Batasun Nazionaleko Louis Mapouk hartu du kargua, otsailetik honako haren koalizioaren eta UC Kaledoniar Batasuna alderdiaren arteko negoziazioek arrakasta izan ostean.
Mapou ibilbide luzeko militante eta politikari ezkertiarra da, eta, egun, Palika alderdiaren eta independentistak biltzen dituen FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka koalizioaren bulego politikoko kidea ere bada; beti defendatu izan du Frantziatik ateratzearen aldekoen arteko batasuna eta adostasunetara heltzeko beharra, eta, hortaz, espero da ideia horietan oinarrituko dela haren agintaldiak iraun bitartean.
Kaledonia Berriko gobernuburua aukeratzeko atzoko bozketaren ostean, Ozeaniako uhartediko presidentea pozik agertu zen lehen adierazpenak egitean, eta adierazi zuen «ohorea eta ardura pisutsu bat» izango dela postu horretan aritzea: «Azken 30 urteetako garairik zailenera iristear gara. Nire gobernua gertutasunaren gobernua izango da».
Praktikan, Mapou ez da izango lehen gobernuburu kanak eta independentista: Jean-Marie Tjibaou buruzagi historikoa Kaledonia Berriko presidenteorde izan zen 1982tik 1984ra, baina gobernuburu lana egin zuen, garai hartan Frantziako Gobernuaren ordezkariak baitzuen presidente kargua. Hortaz, atzoko berritasuna izan zen independentistek lehen aldiz izango dutela kargurik garrantzitsuena: presidente postua.
Kargu hartze historiko horrez gain, 1998an Noumeako Akordioa sinatuz geroztik lehen aldiz, gehiengo independentistako gobernu bat ere izango dute Kaledonia Berrian, koalizioko 11 kideetatik sei baitira Frantziatik banantzearen aldekoak: UCko eta UNIko hiruna ministro.
Iragan otsailean egindako bozketan, azken horrek ezustekoa izan zuen, espero baino bi boto gehiago lortu baitzituen, eta, beraz, beste ordezkari bat lortu baitzuen gobernuan, EO Ozeaniako Esnaldiaren kalterako; Wallis eta Futunako komunitatea ordezkatzen duen alderdiak zerrenda bateratua aurkeztu zuen UCrekin, baina jokaldia gaizki atera zitzaion, eta ez du alderdikiderik izango lantalde berrian.
Berez, UCk eta EOk aurkezturiko zerrendaburu Samuel Hnepeune zen faboritoa Kaledonia Berriko presidente izateko, baina bozketan izandako ezusteko horrek planak aldatu, eta desadostasunak eragin ditu hilabeteotan alderdi independentisten artean.
Hnepeune lehen aldiz sartu da politikan, baina haren ibilbideak gutxi iraungo du, herenegun jakinarazi baitzuen «datozen egunetan» dimisioa emango duela, eta enpresa mundura itzuliko dela. UNIkoentzat, haren profila izan da negoziazioetako arazoa, Palika alderdiko eledun Charles Washetinek iragan martxoan azaldu zuenez: «Hnepeunerekin, alfonbra gorria jartzen diogu patronalari. [...] Ikuspegi historiko eta ideologiko batetik begiratuta, guretzat ezinezkoa da [haren alde bozkatzea]».
Atzoko bozketaren aurretik, eta Mapouk arrakasta izango zuela jakitun zegoela, EOk erabaki zuen UCrekin osatzen duen Kongresuko talde parlamentario bateratutik ateratzea, «indar orekak errespetatze» aldera. Hortaz, horrek iradokitzen du litekeena dela uhartediko parlamentuko presidentea aukeratzeko bozketan hautagai loialistaren alde egitea, orain arteko joerari eutsita: egoeraren arabera, alde bat edo bestea babestea.
Egun, Kaledonia Berriko Kongresuko presidentea Roch Wamytan independentista da, eta jada adierazia du berriz aurkeztuko dela kargu horretara. Hori bai, Wallis eta Futunako komunitatea ordezkatzen duen alderdiak hil honetan azaldu du prest legokeela independentista baten alde egiteko, betiere hautagaia adostua baldin bada —bozketa hilabete amaieran izango da—.
Azken galdeketa, abenduan
Kaledonia Berriko independentistak agintean daudela egingo dute deskolonizazio prozesuko hirugarren eta azken erreferenduma, abenduaren 12an. Aurreko bietan ezezkoak irabazi zuen, iaz eta 2018an egindakoetan.
Ozeaniako uharte multzoko independentistez eta loialistez osaturiko ordezkaritza bat Parisen izan zen iragan hilabetean, Frantziako Gobernuarekin hirugarren galdeketa negoziatzeko; besteak beste, Sebastien Lecornu Itsasoz Haraindiko ministroarekin, Jean Castex lehen ministroarekin eta Emmanuel Macron presidentearekin batzartu ziren, baiezkoaren garaipenaren eta ezezkoarenaren ondorioak ere argitze aldera.
Bilkura sorta horretan argitu behar zuten hirugarren independentzia erreferendumaren eguna, eta, adostasunik egon ez zen arren, Parisek aldebakarrez erabaki zuen abenduaren 12ko data finkatzea. Horrez gain, jakinarazi zuen Kaledonia Berria bi urteko trantsizio epean sartuko dela galdeketaren ondoren, emaitza edozein dela ere, bere estatus berria finkatzeko.
Erreferendumaren data datorren urtean egitekoak diren Frantziako presidentetzarako bozen arabera aukeratu dute; izan ere, independentistek galdeketa ahalik eta beranduen egin nahi zuten, hau da, datorren urteko urrian, eta loialistek eta Frantziako Estatuak aurten egin nahi zuten.
Louis Mapou bilakatu da Kaledonia Berriko lehen presidente independentista
UCk eta UNIk bost hilabete behar izan dituzte ados jartzeko. Gobernuburuak adierazi du «ohorea eta ardura pisutsu bat» izango dela kargu horretan aritzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu