Andorrako ekintzaile feminista eta Stop Violencies elkarteko zuzendaria

Vanessa Mendoza Cortes: «Lortu dugu abortuaren debekua osasun publikoko arazo bat dela onartzea»

Abortuaren debekua salatzeagatik, Andorrako Gobernuak auzitara eraman zuen Mendoza. Haren aurkako prozesu judiziala printzerriko «misoginiaren» erakusle dela uste du.

(ID_13399083) ESPAÑA ANDORRA ABORTO
MARTA PEREZ / EFE
maddi iztueta olano
2024ko urtarrilaren 25a
05:05
Entzun

Andorrako Gobernuak eraman zuen auzitara Vanessa Mendoza Cortes (Andorra la Vella, 1980), 2019an NBE Nazio Batuen Erakundeko Emakumearen aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordearen aurrean egindako hitzaldi batengatik. Printzerrian abortuaren debekua eta emakumeen eskubideen urraketak salatzeagatik «difamazio» delitua egotzi zioten. Iragan astean absolbitu egin zuten.

Lau urteko prozesu judizialaren ondoren, harritu zintuen aldeko epai horrek?

Egia esan, bai. Ez nuen espero, eta ez nengoen prest horretarako. Konbentzituta nengoen epaiaren ondoren borrokan jarraitu beharko nuela. Trankil nago orain, baina etapa hau amaitu dela asimilatu behar dut oraindik ere. Etengabeko jazarpen judizialaren zurrunbilo horretan sartuta egon naiz lau urteotan, eta guztia amaitu dela ezin sinetsita nago oraindik.

Salaketa gobernuak jarri zuelako harritu zintuen epaiak?

Hein handi batean, bai. Halere, gobernua ez da zintzoa izan. Andorrako Gobernuko ordezkariak [Anna Vives Tarres] esan zuen gobernuak ez zuela nire aurkako salaketarik jarri; hori gezurra da. Gero, iragan abenduaren 15ean, aitortu zuen baietz, baina akats politiko bat izan zela. Oso arriskutsua da egindako okerrak onartu ez, eta, are, gero horiek zuzentzeko gai ez diren pertsonak agintean egotea.

Horregatik eskatu zenuen Andorrako lehen ministro Xavier Espot Zamoraren dimisioa?

Epaia nire aldekoa izan edo ez, berdin-berdin eskatuko nuke haren dimisioa. Zamorak nire aurkako salaketa jartzeko zituen motibazioak erabat pertsonalak ziren. Urteak eman ditugu haren eta bere taldearen kontra borrokan: Stop Violencies gobernuaren aurka. Baina hark borroka hori eremu pertsonalera eraman zuen.

Guztiz ezinezkoa da printzerrian haurdunaldia etetea?

Tira, legezko bideetatik, behintzat, bai. Andorrako La Seu ospitalean badituzte haurdunaldia eteteko pilulak, hor lan egiten duen ginekologo batek saltzen ditu. Berez, ezkutuan, baina denek dakiten sekretua da, bai herritarrok, bai gobernuak, baita Andorrako Gizarte Segurantzak ere. Prezioa egun horretan duen aldartearen araberakoa da: batzuetan 150 euro balio du pilula batek, besteetan 300 euro.

Hori bai, pilula hartu ondoren emakume batek arazorik badu, ginekologoa ez da horren kargu egiten, ezta Andorrako La Seu ospitalea bera ere. [Ginekologoak] Argi dio: «Arazorik baduzu, ez deitu, hurrengorako ikasiko duzu». 

Eta badago kirurgia bidezko abortu bat egiteko modurik?

Nik dakidala, ez. Operazio bidezko abortu bat egin ahal izateko Bartzelonara joan behar gara. Hiru orduko bidaia da kotxean, eta operazioak 300 eta 6.000 euro arteko kostua izan dezake, haurdunaldiaren egoeraren arabera.

«Operazio bidezko abortu bat egin ahal izateko Bartzelonara joan behar gara. Operazioak 300 eta 6.000 euro arteko kostua izan dezake».

VANESSA MENDOZAEkintzaile feminista
Printzerri txikia da Andorra, gobernuak izango du oztopo eta bidaia horien berri, ezta? 

Bai, baina berdin zaio. Berdin zaio ataka horretan dauden emakumeak gazteak edo helduak diren, baliabide ekonomikoak dituzten edo ez, haurdunaldiak emakumearen edo haurraren bizitzak arriskuan jartzen dituen edo ez. Kasu horietan, berdin-berdin erditu dezagula esaten digute, eta haurra hilik jaiotzen bada, ehorzteko. Hori da gobernuaren erantzuna.

Aspaldikoa da gobernuarekin duzuen tirabira, baina zein da elkartearen inguruan herritarrek duten iritzia?

Hainbat etapa izan ditugu. Langile klaseko jendearekin ez dugu inoiz arazorik izan, beti egin izan dute bat gure diskurtsoarekin. Halere, badago emakumeen eskubideen alde borroka egiten duen talde bat, feminismoa eta gure ekintzak arbuiatzen dituena.

Emakumeen eskubideen alde borrokatzea eta feminismoa arbuiatzea ez al da kontraesankorra?

Bai. Baina talde horiek… Tira, gobernuak sustatzen eta finantzatzen ditu, iruditeria hutsa dira. Urte asko daramatzate borrokan, baina ez dute inoiz feminismoa aldarrikatu, eta gobernuaren diskurtsoa berresten dute. Haien ustez, gu erradikalak gara, eta ni kaosa sustatu duen ero bat.

«Berdin-berdin erditu dezagula esaten digute, eta haurra hilik jaiotzen bada, ehorzteko. Hori da gobernuaren erantzuna».

VANESSA MENDOZAEkintzaile feminista
Prozesu judizialaren harira, iritzi hori aldatu da?

Bai, nabarmen. Uste dut prozesu judizial honek inflexio puntu bat markatu duela Andorrako gizartean. Orain arte, etengabeko despotismo eta beldur egoera batean bizitzera ohituta geunden Andorrako emakumeak. Nik egoera hori zalantzan jarri nuenean, kateak astintzeari utz niezaiola besterik ez zuten nahi, kate horiek gero eta ozenago entzuten zirelako. Hori bai, kanpotik etorri zirenean eta gure alde egin zutenean… jende askok iritziz aldatu du. 

Zuk esan duzu kanpotik etorri zirela: AI Amnesty International eta Europako Kontseiluaz ari zara?

Bai. Amnesty International gure alde lerratu zenean, adibidez, ordura arte ezer esan ez zuen hainbat herritar gure alde egiten hasi zen. Baina horren aurretik inor ez zen hitz egitera atrebitzen. Azkenean, lortu dugu abortuaren debekua osasun publikoko arazo bat dela onartzea. Halere, oraindik ere lan handia dago egiteko, herritar gutxik jartzen ditu zalantzan goikoak.

Oro har, nahiko pentsaera itxia du Andorrako gizarteak. Kasurako, oraindik ere indarrean dago XII. mendeko dokumentu bat, eta horrek asko baldintzatzen du guztia. Matxismo handia dago, misoginia handia, patriarkatuak indar handia du. Zamora eta haren taldeak ez dute emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako politikak bultzatzeko ez formakuntzarik, ez asmorik.

Birritan esan dut jendaurrean, eta berriz diot: gizon guzti hauek eman behar lukete dimisioa. Nola bermatuko eta babestuko dituzte emakumeen eskubideak, indarkeria bera gobernuaren estrukturan baldin badago?

Abortuaren legedia aldatzeko zirrikituren bat ireki du prozesuak?

Hariak mugitzen ari dira, oraindik ezer ez da ofiziala, baina zurrumurruak iritsi zaizkigu. Dena den, guk lanean jarraituko dugu, hau hasi besterik ez da egin. Belaunaldi gazteak ditugu Stop Violenciesen, eta sare handi bat osatu dugu nazioarteko hainbat elkarte feministarekin. Lorpen handia da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.