Lorea eta labana Mirafloresen

Nicolas Madurok gaur hartuko du Venezuelako presidente kargua. Oposizioak hautsak harrotuta eta bozen emaitzen zilegitasunaren zalantza hedatuta ailegatuko da ekitaldira, baina baita Hego Amerikako eta nazioarteko hainbat ordezkarik babestuta ere.

Pertsona bat Maduroren aldeko pintada baten aurretik pasatzen Caracasen, joan den abenduaren 15ean. EFE
Pertsona bat Maduroren aldeko pintada baten aurretik pasatzen Caracasen, joan den abenduaren 15ean. EFE
Maider Galardi F. Agirre - Zuriñe Rodriguez Lara
Caracas
2025eko urtarrilaren 10a
05:05
Entzun

Heldu da urtarrilaren 10a. Venezuelako Konstituzioak agintzen duenez, hauteskundeak irabazten dituen hautagaiak egun horretan hartzen du kargua, eta presidente berria izendatzen da horrela. Beraz, dena ondo bidean, joan den uztailaren 28an ofizialki bozak irabazita, Nicolas Maduro izango da hirugarrenez Venezuelako presidente, nahiz eta oposizioko PUD Plataforma Unitario Demokratikoko hautagai Edmundo Gonzalezek ere lehendakaritzat jotzen duen bere burua.

Ia urte erdia pasatu da hauteskundeak egin eta lehen egun horietan bozen fidagarritasunaren gainean harrabotsa sortu zenetik eta kaleko giroan tentsioa zabaldu zenetik, baina azken hilabeteetan behera egin du beroaldiak, Cira Pascual politologoaren arabera (Caracas, 1976). Gonzalez erbestean egon da, eta Bakerako Epaileen hauteskundeak egin dituzte aparteko arazorik gabe. Alegia, badirudi tenperatura epeldu egin dela Venezuelan, nahiz eta oposizioak azken unera arte eutsi dion Gonzalez inbestidura saiora agertuko den ideiari.

Hain zuzen ere, presidente gisa etxera itzultzeko bidea abiatu zuen Gonzalezek orain dela astebete —Espainian dago erbesteratuta, irailetik—, eta bere aliatuak izan daitezkeenei bisita egin die hainbat geldialditan. Besteak beste, Argentinan izan da Javier Milei hango presidentearekin indar erakustaldia egiten, eta Uruguaiko jarduneko presidente Luis Lacalle Pouekin ere bildu da, baita bideo dei bidez Paraguaiko Santiago Peñarekin ere. Hain justu, dei horren ostean, Venezuelak harremanak hautsi zituen Paraguairekin. AEBetan, berriz, Joe Bidenekin izan da, oraindik argitu gabe dagoela Donald Trumpek zer jarrera edukiko duen Venezuelarekin; AEBetako presidente izango denak ez du hartu oposizio burua, baina bai haren taldeko Mike Waltzek. Azken geldialdia Dominikar Errepublikan egin du Gonzalezek, Luis Abinader presidentearekin elkartuta.

Bitartean, Maria Corina Machado PUDeko liderrak jakinarazi du Panamako Gobernuaren banku zentralari eman dizkiola bere esku dauden hauteskunde akta guztiak, eta dei egin zien venezuelarrei atzoko egunez kaleak hartzeko. Gauza bera egin zuen atzo chavismoak, eta gobernuak iragarri zuen hamalau estatuburu, goi mailako 35 delegazio eta ehun herrialdetik gorako 2.500 gonbidatu berezi akreditatu dituela gaurko ekitaldirako.

Gonbidatu horietako asko Europako hainbat alderdi politikotako ordezkariak dira, nahiz eta Europan gaiarekin nahaspilatuta egon: Europako Parlamentuak Gonzalez sinbolikoki aitortu arren, ez dio formalki presidente izendapena eman, ez eta hauteskundeak ezeztatu ere. Edonola ere, ikusi beharko da zer zigor politika ezarriko dion Venezuelari.

«Bozak iruzurrean oinarritu diren ala ez, hori izan da eztabaidaren ardatza, eta ez segurtasuna bermatu ote den bozen prozesuan»

MOISES NINCOKolonbiako Senatuko aholkularia

Beraz, nazioarteko politika eta herrialde barrukoa nahastu egiten dira Venezuelan, hala dio Moises Ninco Kolonbiako Senatuko aholkulari eta Mexikon Kolonbiako enbaxadore izandakoak (Magdalena, Kolonbia, 1994): «Kezkaz begiratzen diot inguruko herrialdeetan gerta daitekeen kutsatze politikoari. Bozak iruzurrean oinarritu diren ala ez, hori izan da eztabaidaren ardatza, eta ez segurtasuna bermatu ote den bozen prozesuan, venezuelarrek aurre egin behar izan baitiote blokeo egoera bati, eta egoera horretan izan baitira hauteskundeak». Hortaz, haren kezka da Venezuelarekin mugakide diren eta progresistak diren herrialdeetan ere halako diskurtsoak hedatu ote daitezkeen eta eskuinak zigor ekonomikoak sustatu ditzakeen prozesu progresistak oztopatzeko.

Horixe da, hain zuzen, Kolonbiako presidente Gustavo Petrok eta Mexikoko Claudia Sheinbaumek eskatu dutena: zigor ekonomikoak deuseztatzeko, Venezuelak bozak modu librean egin ahal izan ditzan. Esan dutenez, bietako inor ez da izango Maduroren inbestidura saioan, baina jakinarazi dute gobernuko ordezkariak izango direla ekitaldian. Brasilek ere antzeko estrategia baliatu du. Hain zuzen, hiruko hori hizketagai izan du Nincok, eta azpimarratu du bere ustez hirurak direla gaur egun Hego Amerikako ardatz progresista, eta Venezuelako auziak indartu egin dituela harreman horiek. Baina ohar egin du: «Hiruko honen agendan ezin da Venezuela bakarrik egon. Aukera leiho bat izan behar da Trump Hego Amerikan sartzea eragozteko estrategia partekatzeko, kontinenteko ultraeskuina geldiarazteko aliantzak hedatzeko, eta Europaren esku sartze ekonomikoa eteteko».

Komunen rola

Horixe bera du kezka nagusi Pascualek. 2020aren aurretik zigor ekonomikoen bitartez herrialdea pobretu egin zela dio politologoak, baina bi aldaketa nagusi sumatu ditu azken urteetan. Lehena, komunalen indartzea eta hedatzea: «Hugo Chavezek utzitako legatu nagusietako bat zen, baina albo batera utzita zegoen. Azken urteetan beharragatik berregituratu dira, eta ikusi da etorkizunerako ezinbestekoak direla». Bigarrena, Venezuelako ekonomiaren gorakada: azken urteetan %8,7 egin du gora, eta inflazioa kontrolatzea lortu da. Munduko bosgarren petrolio esportatzaile ere bilakatu da. Pascualek, baina, zorrotz begiratu dio horri: «Egia da suspertze bat egon dela, eta herritarren ongizatea hobetu dela, baina suspertze kapitalista izan da. Ikusiko dugu ea agintaldi honetan abegikor eta erronkaz begiratzen zaien komunalei».

«Egia da suspertze bat egon dela, eta herritarren ongizatea hobetu dela, baina suspertze kapitalista izan da»

CIRA PASCUALPolitologoa

Horretarako, gaur Madurok presidente kargua hartu beharko du, eta datozen erronkei aurre egin. Pascualek, esaterako, azpimarratu du petrolioarekin hain estuki lotuta ez dagoen ekonomia bat sustatu behar dela, eta Nincok, berriz, ohartarazi du Venezuelarentzat ezinbestekoa izango dela lidergoa partekatzea inguruko herrialdeen proiektu progresisten bultzatzaileekin. Ifrentzuan, ikusteko dago oposizio nagusiak Gonzalez izendatuko duen presidente, eta hala bada zer-nolako gobernua osatuko duen atzerrian eta nola kudeatuko duen, jakinda atxilotze agindua emanda dagoela haren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.