Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk arbuiatu egin du Erresuma Batuak atzo hartutako erabakia. Israeli armak saltzeko 30 baimen bertan behera utzi ditu Londresek, behin-behinean. Netanyahuren bulegoak X sare sozialaren bidez argitaratutako mezuetan, Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerren gobernuari leporatu dio Hamasi «kemena» eman izana, iruditzen baitzaio hartutako erabakia «lotsagarria» dela. Atzo arte, guztira 350 lizentzia zeuden Erresuma Batuan Israelera armak esportatzeko. Arma esportaziorako 30 lizentzia etenda ere, Erresuma Batuak 320 ditu indarrean oraindik.
Lizentzia horiek eteteko erabakia jakinaraztean, Erresuma Batuak argudiatu zuen arma horiek Gazari eraso egiteko erabil zitzaketela –besteak beste, droneenak eta helikopteroenak—. Izan ere, Atzerri ministro David Lammyk nabarmendu zuenez, arma horiek bide eman diezaiokete «nazioarteko lege humanitarioa» urratzeari: «Israelera esportatutako objektuak nazioarteko lege humanitarioaren aurkako erasoak egiteko edo errazteko erabil daitezke». Are gehiago, bere burua «sionista liberal eta progresista» gisa definitu ostean, Lammyk adierazi zuen Palestinak «autodeterminaziorako eta segurtasunerako eskubide besterenezina» duela.
Netanyahuk bere burua defendatu du Londresen adierazpenak entzun ostean, eta adierazi «bidezko gerra bat» dutela helburu: «Israel bidezko gerra bat egiten ari da, bidezko baliabideak erabiliz. Aitzinetik sekula ezarri gabeko neurriak hartzen ditu zibilei ez kalte egiteko eta nazioarteko zuzenbidea erabat betetzeko». Are gehiago, Erresuma Batuak nazien aurka egindako erresistentziarekin parekatu du Israelen egungo jarrera: «Birtainiarrek nazien aurka erakutsitako erresistentzia heroikoaren pare [...] oroituko da Israelek Hamasen eta Iranen ardatzaren aurka izandako jarrera».
Uztailean laboristek Erresuma Batuko hauteskundeak irabazi eta Starmerrek gobernua osatu zuenetik, horixe izan da Israelen aurka hartutako aurreneko zuzeneko neurria. Hala ere, eta Lammyk atzo azpimarratu zuen gisan, Erresuma Batuko Gobernuak adierazi du lizentzia batzuk eteteak ez duela eraginik izango Israelen defentsa gaitasunean. Hala nabarmendu du gaur Defentsa ministro John Healeyk: «Legea betetzea dagokigu, baina horrek ez du eteten Israelen defentsa eskubidearekin dugun konpromiso hautsezina». Haleyk Erresuma Batuko Radio Times irratian adierazi duenez, erabakia Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallanti jakinarazi zion jendaurrean plazaratu aurretik.
Gallantek ez ezik, Israelgo Gobernuko beste kide batzuek ere kritikatu dute Erresuma Batuaren neurria. Israel Katz Atzerri ministroak ohar bidez adierazi du bi herrialdeen arteko «adiskidetasuna» kolokan jarri dutela. Israelgo Estatua nazioarteko legearen pean ari dela nabarmendu du, eta hori ziurtatzeko «sistema judizial independente eta agurgarria» dutela gaineratu: «Erresuma Batuak hura errespetatzea espero dugu».
Erresuma Batuko Komunen Ganberan ere izan dira kritikak. Thomas Tugendhat Segurtasun ministro ohiak (Alderdi Kontserbadorea) zalantzan jarri du gobernuak Israelekin duen jarrera: «Beren herritarren gorpuzkiak lurperatzen dituzten bitartean ez bagaude gure aliatuen alboan, zertarako balio du aliantzak?».
Salah al-Dini eutsiko diote
Palestinaren aurkako oldarraldiak bere hartan jarraitzen du. Gaur bederatzi lagun hil ditu Israelgo armadak, Jabaliako errefuxiatu esparruan (Gaza) ogia erosten ari zirela. UNRWA Nazio Batuen Erakundearen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren eskola batean zegoen okindegia. Israelgo armadak ez du asmorik zerrenda uzteko. Hala esan zuen atzo Netanyahuk, nabarmendu baitzien militarrak ez dituela aterako Gaza eta Egipto arteko Salah al-Din pasabidetik —egungo oldarraldiaren gorakadara arte ez zegoen Israelen esku, Egiptoren esku baizik—.
Prentsaurrekoa egin zuen atzo erabaki hori argudiatzeko. Netanyahuren aburuz, hura Tel Aviven esku egonda, «Gaza ez da terrorismoaren erresuma». Izan ere, lehen ministroak «Hamasen oxigeno hodi» gisa definitu zuen pasabidea: «Haren bitartez, berriz armatzen da, Iranen laguntzarekin». Gobernuko adar muturrenekoak erabakia txalotu du. Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben Gviren ustez, «segurtasunez bizi nahi duen edozein israeldarrek» ados egon beharko luke Netanyahuk esandakoarekin. «Ezin dugu zuhurtziagabeko akordio bat onartu eta Filadelfiako [arabieraz Salah al-Din] pasabidea utzi. Gu gailentzea ziurtatzen duten bestelako baliabideak ere ez ditugu utzi behar», gaineratu zuen ministroak.
158.992Polioaren aurkako txertoa jaso duten haurrak. Gazaren aurkako oldarraldiak jarraitzen duen bitartean, polioaren aurkako txertaketa kanpaina bide onean doa. Bi egun geratzen dira nazioarteko erakundeak zerrendara sartu eta umeak txertatu ahal izateko. Hasierako helburua zen 157.000 adingaberi aurreneko dosia jartzea, eta ia 159.000ri jarri diote jada, Gazako Segurtasun Ministerioaren datuen arabera.