Erresuma Batua

Londresek esan du beste hegaldi bat prestatzen ari dela asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeko

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bertan behera utzi du Erresuma Batutik ateratzekoa zen lehen bidaia. Priti Patel Barne ministroak erantzun du «oraindik ere konprometituta» daudela plan horrekin.

Erresuma Batuko Gobernuaren deportazio planaren kontra egindako protesta bat, herenegun, Londresen. ANDY RAIN / EFE
ander perez zala
2022ko ekainaren 15a
11:51
Entzun

Erresuma Batuko Gobernua «harrituta eta etsituta» dago Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bertan behera utzi duelako atzo gauean asilo eskatzaileak Ruandara deportatzekoa zen lehen hegaldia, baina, halere, Priti Patel Barne ministroak jakinarazi du planari bere horretan eusteko asmoa dutela, eta jada hasi direla beste hegaldi bat prestatzen: «Konprometituta gaude oraindik ere. Auzitegiak ez du ebatzi legez kanpokoa denik».

Patel Komunen Ganberan mintzatu zaie diputatuei migrazioaren aferaz, eta erasokor agertu da, gobernuaren asmoa defendatzen aritu baita une oro. Besteak beste, «kezka» agertu du Estrasburgoko auzitegiaren erabakiaren «izaera opakoagatik», azken orduan eman zuelako agindua, eta argudiatu du asilo eskatzaileak Afrikako herrialde horretara bidaltzea «moralki arduratsua» eta egokia dela «legez kanpoko immigrazioari» aurre egiteko.

«Ez digute eragotziko egoki jokatzea. Erresuma Batuak eta Ruandak bide bat erakutsi dute immigrazioaren arazoari aurre egiteko», azaldu du Barne ministroak. Eta, hori egiteko, Patelen agerraldiaren aurretik, Therese Coffey Lan eta Pentsioen ministroak iradoki du gobernuak helegite bat aurkeztuko duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiaren kontra; Sky News telebista katean egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpenok, eta horretan ere adierazi du gobernuak «bide legal eta seguruak» sortu nahi dituela jendeak asiloa eska dezan.

Erresuma Batuko Gobernuaren migrazio planak eztabaida handia sortu du herrialdean eta nazioartean, helburutzat baitu Mantxako kanala gurutzatzen duten migratzaile batzuk —atzo 444 pasatu ziren— Ruandara bidaltzea, asiloa han eska dezaten Europako herrialdean eskatu beharrean. Horiek onartzearen truke, Londresek 138,2 milioi euro emango dizkio Kigaliri, eta Erresuma Batuko Gobernuak berak finantzatuko ditu bidaiak —576.000 euro balio zuen lehen hegaldiak—.

Lehena atzo gauean zen ateratzekoa, zazpi lagun eramateko —hasieran, 130—, baina oraingoz Erresuma Batuan geratu dira; halere, Patelek atzo gauean esan zuenez, haien «asmoa» da horiek hurrengo hegaldian bidaltzea Afrikako herrialde horretara.

Hori bai, ez Barne ministroak ez gobernuko inork ez du jakinarazi hurrengo bidaia noiz izango den, eta baliteke atzoko gauza bera gertatzea gainontzeko hegaldiekin migrazio planaren legezkotasunaz erabaki arte; Erresuma Batuko Auzitegi Gorena horretaz da eztabaidatzekoa, eta, printzipioz, uztailean eman beharko luke erabakiaren berri.

Asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzeko planak gobernuz kanpoko erakundeen, Eliza anglikanoaren eta oposizioko indarren haserrea eta kritikak eragin ditu. Esaterako, Komunen Ganberako gaurko saioan, Yvette Cooper laboristak gobernuari esan dio plana «hondamendi bat» dela, eta Ruandak ez duela ziurtatu asilo eskatzaileen eskubideak bermatuko dituenik.

Horren ordez, Cooperren ustetan, beharrezkoa da Erresuma Batuko asilo sistema hobetzea; besteak beste, batzuetan bost urte behar dituelako eskariei erantzuteko.

Kigali, lasai

Yolande Makolo Ruandako Gobernuaren bozeramaileak ez dio garrantzi handirik eman Estrasburgoko auzitegiaren erabakiari, eta «lankidetza» hori irtenbide gisa aurkeztu du berriz ere, «bizitzak salbatzeko» balioko duelakoan.

«Ruanda harrera lurralde bilakatu nahi dugu pertsona zaurgarrientzat. Eta denei eskatzen diegu aukera bat emateko proiektu honi, asilo sistema ahula baita. Trafikatzaileek erabiltzen dute, eta migratzaile klandestino askok bizitza arriskuan jartzen dute itsasoak igarota», argudiatu du Makolok.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiak kalte egin dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren autoritateari eta hark migrazioaren aferan dituen asmoei. Are gehiago kontuan harturik brexit-a sustatu zuela, besteak beste, Europako erakundeen «kontroletik ateratzeko».

Estrasburgoko auzitegia, baina, ez da Europako Batasuneko erakunde bat, eta, hortaz, Erresuma Batuak haren erabakiak errespetatu behar ditu. Atzo arratsaldean, erabakiaren berri izan aurretik, Johnsonek esan zuen aukera bat dela Giza Eskubideen Europako Ituneko sinadura kentzea eta, beraz, auzitegiaren eraginpetik irtetea; gobernuko zenbait ordezkarik eta Suella Braverman fiskal nagusiak gaur ere atea irekita utzi diote aukera horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.