Lohia gorago iristen da behean zaudenean

Algemesi herriko Raval auzoan makinak ez ziren sartu bederatzi egun igaro ziren arte. Herrialde Katalanetako auzorik pobreenetakoa da. Asteburuan jende andana aritu da auzoa lehengoratzeko lanetan.

Zenbait boluntario, Algemesi herriko Raval auzoan lanean. BERRIA
Zenbait boluntario, Algemesi herriko Raval auzoan lanean. VICTOR YUSTRES
Iker Tubia.
Algemesi
2024ko azaroaren 11
15:00
Entzun

Asfaltorik ez zen ikusten. Karrika gehienak lohiaren azpian ezkutatuta zeuden Algemesi herriko Raval auzoan, uholdeak duela 11 egun izan baziren ere. Tonaka lokatz pilatuta zegoen bideetan eta bide bazterretan; tonaka tresna, altzari, arropa eta oroitzapen pilatuta zeuden karriketan. Zenbait bidetan lokatz bigunak uretako botak guztiz estaltzen zizkien han zirenei, gorago ere irits zitekeen batzuetan, eta zaila zen ibiltzea. Garajeak eta nabeak urez beteta zeuden oraindik; ura atera eta atera aritu ziren asteburu osoan. Kiratsa nazkagarria zen. Urak, zaborrak eta lokatzak ia bi aste zeramaten han, geldi, makinarik ez baitzen sartu joan den ostegunera arte. Larunbatean halaxe zegoen Herrialde Katalanetako auzorik pobreenetako bat.

Valentziatik 42 kilometrora dago Algemesi herria. Urriaren 29an, tanta hotzaren eraginez, Magro ibaiak gainezka egin, eta hondamendia eragin zuen han. Hondamendiak berak ez, baina haien ondorioak klasistak izaten dira. Klasistak, arrazistak, aporofoboak... Algemesin ageri-agerikoa da hori: Raval auzoa izan zen gehien kaltetua, eta laguntza jasotzen, azkena. Trenbideak marrazten duen marra lodiak argi eta garbi banatzen du Algemesi klasearen arabera. INE Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, Ravalen batez beste 20.042 euroko errenta dute urtean etxe bakoitzean; erdialdean, berriz, 47.932 eurokoa da.

Asteburuan jende andana joan zen Algemesi eta inguruko herrietara. Hegoalderago dauden herrietan laguntza gutxiago jaso izan baitute orain arte. Errepideetan ilara luzeak egin ziren larunbat goizean, erdian inprobisatutako bideetatik pasatzen ziren larrialdietako zerbitzuak. Bidean ikusgai zen herrietako egoeraren preludioa; auto kaltetuak eta denetariko hondakinak pilatuak ziren poligonoetan. Hainbeste ziren boluntario joandakoak, ezen herrietako sarreretan dauden poligonoetan utzi behar izan zituzten autoak, hala moduz. Auzokoek autoekin joan-etorriak egiten zituzten boluntarioak herrira ailegatu zitezen.

Algemesiko etxe batean Kataluniatik etorritako zenbait lagun bildu ziren goizean. Esker onez eskainitako kafea hartu, etxekoei egun hauetan gertatutakoa aditu, hara eramandako gauzak utzi –arropak, janaria, garbitzeko produktuak...– eta lohihartzekoak jantzita, lanera atera zen taldea. Lehenbizi herriko erdigunean barrena ibili ziren. Talde anitz zebiltzan karriketan gora eta behera. «Laguntza behar duzu?», zen gehien aditzen zen galdera; edo «dilista beroak ditut, nahi dituzue?», eguerdi partean. Errepide gehienetatik ibil zitekeen, baina oraindik lan handia zegoen egiteko. Parke bat garbitzea erabaki zuen taldeak, eta palekin lokatza kentzen hasi orduko, boluntario gehiago eta gehiago batu ziren. Bi orduren buruan haurrek jostatzeko parkea ageri zen berriz ere lokatza baizik ez zen lekuan.

Trenbideaz bestaldera

«Bazkalduko dugu? Edo zuzenean Ravalera joanen gara?». Boluntario taldeak ez zuen denbora askorik galdu nahi; Raval auzora ailegatzeko 20 minutuz ibili behar zen, eta ilundu aurretik itzultzea ezinbestekoa zen, han ez baita argirik. Galderari erantzuteko denborarik eman gabe, hiru boluntario agertu ziren, ezustean, panini-ak eta enpanadak eskuan. Mokadutxoa hartu, «gràcies!», eta aurrera; palak, otarreak, erratzak, lanbasak eta orgak haraino eraman behar izan zituzten, oinez.

Trenbidea pasatu eta han zen, parez pare, hondamendia. Boluntarioak lan eta lan ari ziren; batzuk jatekoak-eta banatzen, besteak lokatza eta ura ateratzen. Auzokoak eta leku guzietatik hara joandakoak elkarrekin, lanean. Lokatza eta ura, ura eta lokatza, eta gorputza minduta bukatu arren, deus ere egin ez izanaren sentsazio garratza. Lohia espaloietatik errepide erdira botatzen zuten, eta, dena pilatuta, makina handi batek eramaten zuen dena arrastaka. Egunaren bukaeran karrika gutxi batzuk hasi ziren lehengoratzen.

Kataluniako suhiltzaileak ere han ziren, jendez inguratuta. Ureztatzeko mahuka presio bizian piztu, eta atzetik dozena bat boluntario, erratzekin eta lanbasekin ura estoldetara bideratzen zuten. Inurri lana, dozenaka inurri auzoa lehengoratu nahian

Kataluniako suhiltzaileak ere han ziren, jendez inguratuta. Ureztatzeko mahuka presio bizian piztu, eta atzetik dozena bat boluntario, erratzekin eta lanbasekin ura estoldetara bideratzen zuten, lokatzeko curlingean arituko balira bezala. Inurri lana, dozenaka inurri auzoa lehengoratu nahian. Usain txarraren gainetik, kantu ijito bat. Gogo bizia, jendearen esker ona, eta auzokoen kronikak: «Gutxigatik libratu nintzen. Hor bizi naiz, eta autoan nengoen ura ailegatu zenean. Laster batean igo nintzen etxera, eta eskerrak!», kontatu zuen bizilagun batek.

«Berandu da, eta ilundu aurretik itzuli beharko genuke», taldeko boluntario batek zentzua paratu nahi zuen gogoaren gainetik. 17:30ak ziren, eta taldeko kideek azken minutuei hazka egin nahi zieten, suhiltzaileen atzetik erratza berriro herrestatuta. Profesionalak han gelditu ziren, lan handia zegoen oraindik: «Mila esker, benetan», boluntarioei. Palak eta tresna guziak hartu, eta buelta zentrora. Auzoan gelditzen zirenek lau otarre uzteko eskatu, eta eman. «Janari beroa nahi duzue?», bizilagun batek. «Lasai, hartu zuentzat; guk afaria prest dugu etxean», boluntarioak.

Goizean garbitutako parkean bi nerabe zeuden, bankuan eserita. Irriñoa atera zaie garbitu zutenei. Herriaren erdigunean ostatu batzuk irekita zeuden, hala moduz, baina garagardo bat hartzeko moduan. Patata poltsa ireki, eta mahaiaren bueltan eseri ziren boluntarioak, txikituta, baina biharamunean lanari berriz ekiteko gogoz. Iluntzearekin, bizilagun talde batzuk karrikan elkartzen dira jan-edanaren bueltan. Beste egun bat gehiago. Ravalen, baina, lokatza eta ura, ura eta lokatza. Atera eta atera, baina badirudi lan hori ez dela inoiz bukatuko. Eguzkia badoa, bihar itzuliko dira boluntarioak. Beharrik gorriena han gelditu da. Beti bezala, han beharra beti egon baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.