Llarena epaileak berretsi du ez diola Puigdemonti amnistia legea aplikatuko

Epaileak erabaki du amnistiarik ez ezartzea dirua bidegabe erabiltzearen delitua egin dutenei. Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak gaur bildu dira Gorenak amnistia legeari jarritako helegitea tramiterako onartu edo ez erabakitzeko.

Carles Puigdemont, abuztuaren 8an, Bartzelonan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Carles Puigdemont, abuztuaren 8an, Bartzelonan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 10a
18:05
Entzun

Kataluniako Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemonten (2016-2017) kasua darama Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak, eta Puigdemontek jarritako helegitea baztertu zuen atzo. Generalitateko presidente ohiari diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua leporatzen diote, eta helegitean eskatzen zuen amnistia ezartzeko delitu horretan. Baina Llarenaren ustez, ez zaio amnistia aplikatu behar. Epaileak dio diru publikoa «norbanakoek haientzako mozkinak lortzeko» erabili duten kasuetan ez dela aplikatu behar amnistia, eta autoan argudiatu du horixe dela presidente ohiaren kasua. 

Goreneko epailearen ustez, gainera, egoera berdinean daude Kataluniako kontseilari ohi Lluis Puig —2017an Kultura kontseilaria izan zen— eta Antoni Comin ere —2016tik 2017ra Osasun kontseilaria izan zen—, eta beraz, bi haiei ere ez die aplikatu amnistia legea. Fiskaltzaren eta Espainiako Estatuaren Abokatuaren irizpidearen kontra hartu du erabakia, gainera, Llarenak. Bi haiek hiru politikari katalanak amnistiatzeko eskatu baitzuten.

Presidente ohiak zuzenean erabakiaren berri jaso ez izana gaitzetsi du X sare sozialean. Bertan argitaratutako mezu batean, salatu du «hedabideen bitartez» jakin duela Llarenak hartutako erabakia.

Puigdemont ez da Auzitegi Goreneko epailearen erabakiaren inguruan mintzatu den bakarra. ERC Esquerra Republicana alderdi subiranistako Espainiako Kongresuko diputatu Gabriel Rufianek «estatu kolpe judizial» gisa definitu du epailearen erabakia; hala adierazi die Kongresuan zeuden kazetariei.

Subiranistak ez direnek ere kritikatu dute Llarenaren erabakia. Kataluniako Gobernuko —PSC Kataluniako Alderdi Sozialista dago gobernuan— bozeramaile Silvia Panequek botere judizialari eskatu dio amnistia legea oso-osorik ezartzeko eta botere legegileak hartutako erabakiak «errespetatzeko». Are gehiago, esan du amnistia legea ezartzeak «Kataluniako normaltasun politikoa berreskuratuko eta hobetuko» duela.

Belgikan erbesteraturik dago Puigdemont Espainian zabalik dituen kasuengatik eta atxilotze aginduengatik. 2017ko urriaren 1eko Kataluniako independentzia erreferenduma egin eta herrialdetik ihes egin zuenetik, soilik behin itzuli da Kataluniara —Frantziako Estatuaren barruan dagoen Ipar Katalunian behin baino gehiagotan egon da azken urteetan—, aurtengo abuztuaren 8an, Salvador Illa Kataluniako presidente hautatzeko bozketa egunean, hain zuzen.

Konstituzionalak erabaki zain

Espainiako Auzitegi Konstituzionala, berriz, gaur bildu da erabakitzeko ea tramiterako onartuko duen Gorenak amnistia legearen aurka jarritako helegitea. Oraingoz, ebazpenik ez du kaleratu. Gorenaren ustez, konstituzioaren aurkakoa da Espainiako Gobernuak Kataluniako independentzia auzia dela medio egindako legea.

Gorenak Konstituzionalera jotzea erabaki zuen, legeak amnistia ezartzea aurreikusten dituen desordena publikoko kasuak direla eta. Joan den uztailean jarri zuen helegitea Gorenak, goreneko magistratuek iritzi baitiote «zalantzarik gabe» legea ez datorrela bat Espainiako Konstituzioak ezarritako zenbait eskubiderekin; besteak beste, herritar orok legearen aurrean berdina izateko eta, bereizkeriarik gabe, legezko babesa izateko eskubideekin.

Tramiterako onartzekoa duten helegitea, hala ere, ez da legeak Auzitegi Konstituzionalean aurre egin beharko dion helegite bakarra. Izan ere, irailaren 24an beste helegite bati buruz ebatzi beharko dute auzitegiko magistratuek: PPk jarritakoari buruz.

Gainera, badira Espainiako zenbait autonomia erkidegok aurkeztutakoak; besteak beste, Madrilek, Andaluziak, Aragoik eta Murtziak eginikoak. Atzo arte hamar erkidego ziren, baina, gaur, beste bost batu dira: Gaztela eta Leon, Errioxa, Balearrak, Extremadura eta Kantabria; beraz, guztira, hamabost dira. Amnistia legearen aurka egin duten erkidego guztiak ez daude PPren edo eskuineko alderdi politikoen esku. Esaterako, Gaztela-Mantxak ere helegitea jarri dio legeari, eta han PSCM Gaztela-Mantxako Alderdi Sozialistak gobernatzen du.

Espainiako hedabideek iturri juridikoak aipatuta kaleratu dutenaren arabera, Konstituzionalak lehentasuna emango dio Gorenaren helegiteari, eta horren inguruan erabakitakoa izango dute oinarritzat besteak ebazteko orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.