Ez da giro Downing Streeteko 10.eneko maizterraren egoitzan. Hari mehe baten gainean orekari eutsi ezinik dabil Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroa. Irailaren 6an agintari kargua hartu zuenetik bata bestearen atzetik hartu ditu kolpeak, bere Alderdi Kontserbadorearen barrutik hasita. Ekonomia ministro izendatu berri duten Jeremy Huntek, esaterako, guztiz baztertu zuen joan den asteburuan Trussek bultzatutako zerga jaitsieren asmoa, merkatuaren zurrunbiloa egonkortzeko helburuz. Bada, Huntek erabaki hori hartu ondotik, lehen ministroak barkamena eskatu zuen herenegun bere «hutsegiteengatik», BBC hedabideari emandako elkarrizketa batean. Hori bai, berretsi zuen agintean eta toryen lider izaten jarraituko duela hurrengo hauteskunde orokorrak egin arte.
Lehen ministroaren hitzetan, bere hilabete pasako agintaldia «ez da perfektua izan», baina gaineratu zuen okerrak «konpondu» dituela. Zerga jaitsieren asmoen inguruan, berriz, adierazi zuen herritarrek beren faktura energetikoak ordain zitzaten lagundu nahi zuela, baina «urrunegi eta azkarregi» joan zela. Hori dela eta, Hunt hautatu zuen Ekonomia ministro, «egonkortasun ekonomikoa berrezartzeko» helburuz. «Arduragabea izango zen norabidea ez aldatzea», azaldu zuen Trussek.
Alderdi Kontserbadoretik jasotako kritikei dagokienez —bost diputatuk eskatu diote kargua uzteko—, Trussek esan zuen «britainiarrentzat lan egiten» ari dela buru-belarri: «Erresuma Batuarentzat emaitza onak lortzeko aukeratu naute. Oso garai gogorrei aurre egin behar diegu. Ezin dugu denbora galdu Alderdi Kontserbadoreaz hitz egiten, lortu behar dugunaz solastatu beharrean. Hori da nire lankideei eman nahi diedan mezua».
Horiek horrela, hazkunde ekonomikoa sustatzeko lan egitearen alde azaldu zen lehen ministroa, baina aitortu zuen uste baino denbora gehiago beharko duela. «Horretan jarraitzen dut, baina beste era batera lortu beharko dugu». Hutsegiteak zuzentzeko «azkar» jardun duela behin baino gehiagotan esan ondoren, agintaldia amaitu arte gobernuaren buru izango dela berretsi zuen: «Kontserbadoreen buru izango naiz hurrengo hauteskunde orokorretan».
Ekonomia ministroak Trussek hartutako ia neurri fiskal guztiak zuzendu zituen egun berean zabaldu zuen BBC hedabideak lehen ministroaren elkarrizketa. Neurri horiek gobernu programaren zutarri nagusiak ziren.
Ekonomia ministroak aurreratu zuenez, bertan behera utziko du apiriletik aurrera errentaren gaineko zergaren oinarrizko bandaren %20tik %19rako jaitsiera plana. Halaber, hil horretan bertan amaituko dira enpresa eta etxeentzako energia faktura mugatzeko laguntzak ere. Hunten esanetan, aldaketa horien bitartez, «finantza egonkortasuna bermatu eta gobernuak diziplina fiskalarekin duen lotura sendotu» nahi dute.
Gehiengoa dimisio eske
Truss ataka estuan dagoen honetan, YouGov etxeak atzo kaleratutako inkesta baten arabera Alderdi Kontserbadoreko militante gehienek —%55— uste dute Trussek dimisioa eman beharko lukeela; %39, aldiz, hark karguan jarraitzearen alde daude. Kalean, berriz, Erresuma Batuko hamar herritarretik batek baino ez du lehen ministroaren aldeko iritzia. Halaber, bost heldutik lauk —%80—«modu desegokian» baloratzen dute lehen ministroa, eta %62k ez dute «batere gogoko» toryen politika.
Bestalde, lehen ministroak boto emaile kontserbadoreen artean izan duen ospe txarra ere behera egiten ari da; inkesta horren arabera, bostetik batek—%20— toryen buruaren «aldeko» ikuspegiari eusten dio; %71k, aldiz, «aurkako» iritzia dute orain. Urriaren 14tik 16ra egina da galdeketa.
Dena den, atzo bildu zen Downing Streeteko 10.ean Trussek zuzentzen duen gobernua, eta bilera amaitzean, bozeramaileak adierazi zuen kabineteko kide batek ere ez ziola lehen ministroari eskatu kargua uzteko.
Gaur biltzekoak dira ministro ez diren Komunen Ganberako diputatu kontserbadoreak, 1922 batzordean. Graham Brady da batzordeko presidentea, diputatuek eskatuta, uztailean Boris Johnson lehen ministro ohia dimisioa aurkeztera bultzatu zuena, alegia. Alderdi barruko krisiaz jardungo dute 1922 batzordean.
Oposizioak, berriz, hauteskundeetara deitzeko eskatu du. «Erresuma Batuak bozak behar ditu, Liz Trussekin edo gabe», esan zuen aurreko ostiralean Keir Starmer Alderdi Laboristako buruak. TUC Trades Union Congress Ingalaterrako eta Galesko sindikatu nagusiak biltzen dituen antolakundeak ere eskatu ditu bozak.
Trussek, ordea, esana du Erresuma Batuak «behar duen azken gauza» hauteskundeak direla. Herenegun argitaratutako inkesta baten arabera, hauteskundeak gaur egingo balituzte, Alderdi Laboristak eskuratuko luke gehiengo osoa, eta oposizioko buru ez litzateke Alderdi Kontserbadorea izango, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala baizik. Inkesta toryen krisi bete-betean egin dute.
Liz Trussek barkamena eskatu du bere «hutsegiteengatik»
Erresuma Batuko lehen ministroak aitortu du «urrunegi eta azkarregi» aritu dela zerga jaitsieren asmoen inguruan. Erantsi du ez duela kargua utziko eta toryen buru aurkeztuko dela hurrengo bozetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu