Liskarrak areagotu dira Kanakyn, atxilotutako 11 independentistatik zazpi Frantziako espetxeetara eraman ondoren

Kaledonia Berriko fiskalburuaren erabakiak haserrea eragin du uhartedian; zenbait eraikini su eman diete Noumean eta Dumbean. Lekualdaketak «deportazio politikotzat» jo ditu Kaledoniar Batasuna alderdi independentistako buru Daniel Goak.

Errepide bat blokeatuta, joan den maiatzean, Kaledonia Berriko Noumea hiriburuan. LUDOVIC MARIN / EFE
Errepide bat blokeatuta, joan den maiatzean, Kaledonia Berriko Noumea hiriburuan. LUDOVIC MARIN / EFE
maddi iztueta olano
2024ko ekainaren 24a
13:00
Entzun

Gutxi gorabehera 17.000 kilometro daude Frantziaren menpeko Pazifikoko uhartediaren, Kanakyren, eta Frantziaren artean; eta hango kartzeletara bidali dituzte, behin-behinean, Kaledonia Berrian iragan asteazkenean atxilotutako 11 independentistatik zazpi. Herenegun gauean eraman zituzten, uhartediko fiskalburu Yves Dupasek prentsa ohar baten bidez atzo jakinarazi zuenez, «espresuki operazio horretarako prestatutako hegazkin batean». Haren arabera, atxilotuak Frantziara eramatea erabaki dute «ikerketa kanpoko presiorik eta iruzur saiakerarik gabe egin ahal izateko». Kalean, baina, protestak hauspotu ditu erabakiak.

CCAT Lur Gaineko Ekintzak Koordinatzeko Taldeko kideak dira joan den asteazkenean atxilotutako guztiak. «Krimen antolatuko» sare bateko kideak izatea eta iragan maiatzeko protestetako liskarrak «sustatzea» leporatzen diete. Preso hartu ondoren, «kontrol judizialaren pean» utzi dituzte horietako bi, eta behin-behineko atxiloaldia ezarri diete gainontzekoei. Frantziara eraman ez dituzten bi atxilotuek agindu hori atzeratzeko eskatu zuten, euren defentsa prestatu ahal izateko, eta bihar dira egitekoak horien auzi saioak.

Larunbatetik hona nabarmen areagotu dira liskarrak uhartediko zenbait tokitan, hala nola Noumea —Kanakyko hiriburua da— iparraldean eta Dumbea herrian. Nouvelle-Caledonie La Premiere hedabidearen arabera, gaur goizean tiro hotsak entzun dira Dumbean, eta protestariek herriko zenbait errepide blokeatu dituzte. Are, bai hiriburuan, bai Dumbean, su eman diete hainbat eraikini, besteak beste polizia etxe bati.

Manifestariek «deportazio politikotzat» jo dute fiskalburuak hartutako neurria. Eta horixe bera salatu zuen atzo UC Kaledoniar Batasuna alderdi independentistako buru Daniel Goak. Prentsa ohar batean, auzitan jarri zuen Kaledonia Berriko botere juridikoaren «independentzia», eta Frantziako Gobernuak «kanaken aurka ezartzen dituen politika atzerakoiak, errepresiboak eta kolonialak» salatu zituen.

«Frantziako Gobernuak kanaken aurka ezartzen dituen politikak atzerakoiak, errepresiboak eta kolonialak dira».

 DANIEL GOAUC Kaledoniar Batasuna alderdiko burua.

Dupasek egotzi dizkien delituen artean daude, besteak beste, iragan maiatzeko protestetan «barrikadak antolatzea» eta «suteak eragitea»; «homizidio saiakera»; eta «lapurretak». Frantziako Gobernuak bultzatutako hautesle erroldaren erreformaren aurkako protesta horietan bederatzi hildako eta dozenaka zauritu izan ziren.

Izen esanguratsuak

Kanakyko mugimendu independentistako pertsona esanguratsuak dira preso hartu eta Frantziara eramandako batzuk, hala nola Christian Tein, CCATko burua. Haren abokatu Pierre Ortetek jakinarazi du helegite bat aurkeztu dutela Tein Frantziara eramateko aginduaren aurka. Halaber, zerrenda horretan daude Roch Wamytan Kanakyko Kongresuko presidentea, Frederique Muliava Kongresuko presidentearen kabineteko burua, eta Brenda Wanabo CCATko komunikazio arduraduna.

Teinek Mulhouseko kartzelan —Frantzia mendebaldean— igaroko du behin-behineko atxiloaldia; Muliavak, Riomgoan —Frantzia erdialdean—; eta Wanabok, Dijongoan —Frantzia ekialdean—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.