Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak eta Benny Gantz Urdina eta Zuria aliantzaren buruzagiak atzo jakinarazi zuten koalizio gobernuaren kargua zin egiteko ekitaldia atzeratu behar izan dutela, Netanyahuren Likud alderdiaren barne desadostasunen ondorioz.
Jarduneko lehen ministroak berak herenegun iluntzean iragarri zuen koalizio gobernua osatu zuela, eta atzo arratsaldean zen ministroen izen-abizenen berri ematekoa, ondoren kargua hartzeko ekitaldia egiteko; Gantzek ere emana zuen pausoa, legebiltzarreko presidente kargutik dimisioa emana baitzuen. Ordea, jarduneko Eskualdeko Lankidetza ministro Tzachi Hanegbik eta jarduneko Defentsa ministrorde Avi Dichterrek koalizio gobernuan kargurik ez izateak bien haserrea eragin du, eta atzoko konfiantza mozioa boikotatzeko mehatxua helarazi zuten. Ez hori bakarrik: Likudeko beste bi alderdikide ere kexu agertu ziren koalizio gobernuan izango zuten rolaz, eta, azkenean, horrek guztiak prozesua atzeratzera eragin zuen.
Testuinguru horretan, Netanyahuk egin zuen ekitaldia atzeratzeko eskaria, eta, Gantzek hasieran ezezkoa eman zion arren, gerora iritzia aldatu zuen. Bi agintariak ados jarri ziren dataren inguruan: etzi egingo dute karguaren zina, betiere exekutiboa osatzea lortzen badute. Asteon bigarrenez atzeratu behar izan dute ekitaldi hori; berez, herenegun ziren gobernuburu eta ministro karguak hartzekoak, baina jarduneko lehen ministroak egunbete atzeratzea erabaki zuen, orduan ere desadostasunak argudiatuta. Atzo gertaturikoaren ondorioz, Gantzek bertan behera utzi behar izan zuen asteotako dimisioa, eta parlamentuko presidente karguan jarraituko du.
Likuden barne desadostasunak publiko egin aurretik, Netanyahuk jakinarazi zuen 36 ministroz eta hamasei ministrordez osaturiko koalizio gobernu bat adostu zutela, inoizko gobernurik handiena. Akordio horrek, gainera, azken orduko aldaketak izan zituen: esaterako, eskuin muturreko Xas alderdiaren babesa eskuratze aldera, Urdina eta Zuriak bertan behera utzi zituen hauteskunde kanpainan iragarritako hainbat urrats, besteak beste LGTB komunitatearen aldeko arauak edota ezkontza zibilak.
Gainera, hasieran iragarri baino kide gutxiago izango ditu gobernu berriak, eskuin muturreko Yamina koalizioak uko egin baitio parte hartzeari, Naftali Bennetten alderdiak Osasun eta Garraio ministerioak eskatu baitzituen babesa ematearen truke. Atzo gauerako, denera 24 ministro kargu banatuta zeuden.
Auzitegietara so
Plan berria beteko balitz, ustelkeriagatik bere kontrako epaiketa hasi baino astebete lehenago egin du karguaren zina Netanyahul. Ustelkeria eta iruzurra egozten diote.Fiskal orokorrak iazko otsailean iragarri zuen jarduneko lehen ministroaren aurkako salaketak aurkeztuko zituela; hiru urteko ikerketak utzitako frogetan oinarritu zuen erabakia. Karguak, ordea, ez zituzten iazko azarora arte aurkeztu, eta epaiketa bera ere atzeratu egin zuten, osasun krisia zela eta.
Hiru ustelkeria kasutan nahasita egotea egozten diote jarduneko lehen ministroari: 1.000 kasuan, Netanyahuri eta haren familiari leporatu diote bederatzi urtez 230.000 euroren opariak onartu izana. Netanyahuk berak ez du inoiz ukatu opariak jaso izana, baina argudiatu du «lagun batek beste bati egindako opariak» zirela.
Bigarren kasuan, 2.000-n, agintariari egozten diote Yedioth Ahronoth egunkariko zuzendari Arnon Mozesekin adostu izana kazetaren aurkari zuzena den beste egunkari bat ahultzea, lehenak Netanyahuri tratu hobea ematearen truke. Eta hirugarren auzian, 4.000 deiturikoan, leporatzen diote Bezeq telefonia operadoreari lehen eskuko informazioa ematea, enpresak babesten duen komunikabide batek haren izena eta jardun ona goraipatzearen truke.
Bestalde, gaur aztertuko du Europako Batasunak Zisjordaniako kokagunean dauden eremuakanexionatzeko Israelgo Gobernuaren asmoa.
Likuden barne desadostasunek koalizioaren osaketa atzeratu dute
Ministro kargurik ez jasotzeagatik Netanyahuren bi alderdikidek egindako mehatxuek aldrebestu dute prozesua. Gantzek eta Israelgo jarduneko lehen ministroak etzirako nahi dute karguaren zina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu