Romdhane Ben Amur. Ikertzailea

«Libiara deportatutako dozenaka lagun hil dira, eta EB konplizea da»

Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Tunisiako Forumeko kidearen esanetan, Europako buruzagientzat «bazkide» bilakatu da Saied presidentea, prest dagoelako migrazio lankidetza «gehiago sakontzeko».

RICARD GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Uztailean, EB Europako Batasunaren ordezkaritza batek akordio bat sinatu zuen Tunisiako presidente Kais Saiedekin, migrazio gaietan elkarlanean jarduteko; akordioa egiten zuten bitartean, ehunka migratzaile eta iheslari desertuan zeuden, oso egoera lazgarrian bizirik irauteko borrokan, Tunisiaren eta Libiaren arteko mugan harrapaturik. Tunisiako segurtasun indarrek deportatu zituzten hara 150 bat pertsona, uztailaren hasieran. Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Tunisiako Forumeko ikertzailea da Romdhane Ben Amur, eta migrazioan espezializatuta dago. Azaldu du zergatik hartu zuten Tunisiako agintariek halako erabaki «lotsagarria».

Badirudi EBk interes handia duela bat-batean Tunisiaren inguruan. Zergatik?

Iaztik, nabarmen handitu da Tunisia zeharkatzen duen migrazio bidea, eta beste bide batzuk ixteaz batera gertatu da hori: Kanarietakoa eta Balkanetakoa ixteaz batera, besteak beste. Baina, horretaz gainera, EB benetan kezkatuta dago Tunisiako krisi politiko, ekonomiko eta sozialak ez ote duen kolapsatuko hemengo segurtasun sistema. Hortaz, Europako buruzagiak deliberatuta daude egonkortasunari eustera, kontuan hartu gabe nork gobernatzen duen eta modu demokratikoan gobernatzen duen ala ez.

Buruzagi horientzat, Saied bazkide bat da orain, prest dagoena migrazio lankidetza are gehiago sakontzeko: esate baterako, tunisiarrak aberrira itzularaztea onartzeko. Saied prest zegoen prezio hori ordaintzeko, hartara modua izango baitzuen nazioarteak bera bakartzeari utz ziezaion.

Posible al da itsasoan erreskatatutako migratzaile guztien harreragune moduko bat bihurtzea Tunisia?

Horixe nahi luke EBk, baina Tunisiarentzat marra gorri bat da hori, baita Saiedentzat berarentzat ere.

Saied presidenteak diskurtso arrazista bat plazaratu zuen otsailean. Horren ondorioz handitu da alde egiten dutenen kopurua?

Bai. Inork ez zuen espero Saiedek otsailean egindako diskurtso hura, eta oso ondorio kaltegarriak izan ditu. Sare sozialetako diskurtso arrazistak beretu zituen, eta urrunago ere joan zen, oinarri harturik Europako eskuin muturrik erradikalenaren «ordezkatze handiaren» tesia. Gorroto diskurtso hura sareetatik kalera pasatu zen; Saharaz hegoaldeko jende ugari bota zuten etxetik, lanetik, eta kanporatutako askok, beraz, erabaki zuten pentsatu baino lehenago abiatzea Europara. Asko migrazio proiektu baten barruan iristen dira Tunisiara, baina hemen geratzen dira denboraldi batez; lan egiten dute, eta dirua aurreztu, bidaia ordaintzeko. Horren ondorioa da aurten jende gehiagok alde egin izana.

Tentsio horiengatik, uztailean liskarrak piztu ziren Sfaxen...

Bai. Tunisiako industriaren hiriburua da Sfax, eta, horregatik, han dago Saharaz hegoaldeko migratzaileen komunitaterik handiena. Egoera hartan, indarkeria onartuta zegoenez, sare kriminalek abagunea aprobetxatu zuten migratzaile haien etxean sarekadak egiteko eta dirua lapurtzeko, uste baitzuten dirua edukiko zutela etxean, emigratzeko aurreztuta. Mafia haien asmoa, berez, ez zen haiek jipoitzea, ezta haiek Tunisiatik botatzea ere; haiek dirua besterik ez zuten nahi. Jakina, migratzaileek beren burua defendatu zuten, eta liskarrak izan ziren. Halako borroka batean, tunisiar bat hil zen uztailaren hasieran, eta orduantxe jarri zen giroa bor-bor Sfaxeko kaleetan. Gobernuak erreakzionatu egin behar izan zuen ezinbestean, eta 1.200 lagun deportatu zituen desertura, Libiako mugara, eta beste bostehun Aljeriako mugara.

Zer-nolako jendea deportatu zuten?

Lehen egunetan, kalean aurkitutako beltz guztiak deportatu zituen Poliziak, umeak eta haurdun zeuden emakumeak barne. Bidegabea izan zen erabat. Asko legez bizi ziren hemen; ikasleak ziren, UNHCR-k iheslari estatusa onartutako errefuxiatuak... Tunisiar beltzak berak ere sartzen zituzten mugaranzko autobusetan, ezer esaten ez bazuten; halaxe aitortu zidan Poliziako iturri batek. Lehenik, Sfaxeko zentro batera eramaten zituzten; kanpoko munduarekin komunikatu ez zitezen, sakelako telefonoa konfiskatzen zieten, eta autobusean eramaten zituzten Libiako edo Aljeriako mugara. Mila pertsona baino gehiago eraman zituzten Libiako mugara; Aljeriara, berriz, ehunka, Aljeriak eta Tunisiak harreman estua baitute. Eta hantxe utzi zituzten, ez janik, ez urik, muturreko tenperaturetan.

Gutxi gorabehera zenbat daude oraindik han?

Aljerian, bakar bat ere ez; Libian, berriz, 150 bat. Deportazio masiboak egin eta astebetera, Tunisiako agintariek atzera egin zuten, eta Gurutze Gorriari agindu zioten estatuaren aterpe eta harrera zentroetara eramateko Aljeriako guztiak eta Libian abandonatuetatik seiehun bat. Han, inkomunikatuta daude orain, eta ez diete uzten irteten. Gainera, egunero jartzen dizkiete aurrean paper batzuk «borondatez itzultzea» sina dezaten: behin eta berriz esaten ari zaizkie ea jaioterrira itzuli nahi duten.

Zer lortu nahi du Tunisiak, politika horren guztiaren bidez?

Ba, «borondatez itzultzeko» eskaintza hori onar dezaten. Eta halako esperientzia gogorra izan dute, jakin gabe noiz utziko dieten irteten, ezin etorkizunik begiztatu... ezen, azkenerako, askok onartu egiten baitute.

Zenbateraino da EB erantzule?

Erabat, bai baitaki zer gertatzen ari den, bai baitaki nola ari diren giza eskubideak urratzen, eta ez baitu ezer esan. Libiako militarren iturrien arabera, hara deportatutako dozenaka lagun hil dira. Eta Aljerian ere, beste hogei bat hil dira otsailaz geroztik halako deportazio ilegalen ondorioz. Drama horien guztien konplizea da EB.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.