Libian su-etena lortzeko helburuz, bitartekaritza lanean ari da Turkia

Italiak matxinoen Kontseilu Nazionala onartu du Libiako herriaren «legezko solaskide bakar»gisa

mikel rodriguez
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Libiako erregimena gatazkari «irtenbide politikoa» bilatzeko saiakera diplomatikoa egiten ari da nazioartean. Muammar Gaddafiren mandatari bat Europa hegoaldean Libiarekin harreman estuena duten herrialdeetako ordezkariekin ari da elkartzen, bertzeak bertze, su-etena erdiesteko helburuan lagun diezaioten. Atzerri ministrorde Abdul Ati al Obeidi herenegun Grezian izan zen, atzo Turkian, eta gaur, berriz, Maltara joatekoa da. Ankarak Libiako erregimenaren eta matxinoen artean su-etena lortzeko helburuz bitartekari lana eginen du. Atzerri ministro Ahmet Davutogluk jakinarazi duenez, Obeidiz gain, hurrengo egunetan matxinoekin elkartuko da. «Bilera horien ondotik Libiako herriaren arazoak konpontzeko bide orria diseinatuko dugu».

Mediterraneoko bira Grezian hasi zuen Obeidik. Giorgos Papandreu lehen ministroarekin egin zuen bilera. Han hitz egindakoari buruz argibide handirik ez du eman Greziak, baina Dimitris Droutsas Atzerri ministroak jakinarazi du erregimena gatazkari «irtenbidea» bilatu nahian ari dela. «Gustatuko litzaidake erratea irtenbide politikoa edo diplomatikoa lortzeko itxaropena badagoela, txikia bada ere». Al Jazeeraren arabera, Papandreu azken egunetan telefonoz mintzatu da Libiako, Qatarreko, Erresuma Batuko eta Turkiako agintariekin. Grezia ez da nazioartearen aire erasoetan parte hartzen ari, baina Frantziako ontziei Kretako uretan ibiltzen utzi die, eta NATOri eta AEBei ere bere lurraldean sartzeko baimena eman die.

Ankara eta NATOren bilera

Turkiak ere uko egin dio NATOren aire erasoetan parte hartzeari, eta horiek baimentzerako orduan trabarik gehien jarri duen kidea izan da aliantzan, Alemaniarekin batera. Armen bahimendua betearazteko lanetan, baina, parte hartzen ari da. Hain zuzen, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroa NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenekin elkartu zen atzo Ankaran. Erdoganek Libiako esku hartzea «ahal den laburrena» izateko eskatu dio NATOko buruari, eta zibilen hilketak eragozteko. Horrez gain, Libiaren «lurralde batasuna eta burujabetza» mantentzearen garrantzia nabarmendu du Erdoganek. Bileraren ondoren, Davutoglu Atzerri ministroak adierazi du Turkia ahaleginetan ari dela «Libiako herriaren interesen araberako irtenbidea» bilatzeko.

Gaddafirekin harremanak haustea erabaki duena, ordea, azken urteetan izan duen aliatu nagusienetakoa izan da, Italia metropoli ohia. Atzerri ministro Francesco Frattinik Obeidiren bilerak gutxietsi ditu, berak dioenez, Gaddafiren mandatariak ez duelako aipatu diktadoreak albo batera egiteko asmorik duenik. Frattinik adierazi du matxinoen Kontseilu Nazionalak ordezkatzen duela orain «Libia berria». Izan ere, Italiak erakunde hori onartu du «Libiako herriaren legezko solaskide bakar» gisa. Frattinik prentsari jakinarazi dio hori, Kontseilu Nazionalaren atzerri politikarako arduradun Ali al Isauirekin batera. Matxinoen behin behineko gobernu erakundea onartu duen hirugarren herrialdea da Italia, Frantziaren eta Qatarren ondotik.

Azken horrek, baina, haratago eraman nahi du Kontseilu Nazionalarekiko lankidetza. Gaddafiren aurkako nazioarteko koalizioan eztabaida sortu du matxinoei armak helarazteko auziak, eta erreboltariek jakinarazi dute Qatarrekin akordioa lortu dutela horren inguruan. Arma horiek Egiptoko mugatik sartu nahi dituzte, eta hori baimentzeko Kairorekin negoziatzen ari dira.

Misratako egoerak kezkatuta

Borroken egoerari dagokionez, egun batzuk badira ekialdeko frontea Bregatik mugitu ez dela. Matxinoek indar gehiago bidali zituzten atzo, erregimenaren aurka bertze erasoaldi bat egiteko. Al Jazeeraren arabera, herriaren erdigunean gotortu dira Gaddafiren soldaduak. Bertzetik, ekialdean eta hegoaldean matxinoen esku dauden bi petrolio hobi bonbardatu ditu erregimenak.

Fronteko egoeraz gain, mendebaldeko Misrata hiria da matxinoen kezka iturri nagusia. NATOren jardunarekin kexu dira, eta Bengazin manifestazioa egin dute mendebaldean bonbardaketa gehiago egin ditzan eskatzeko. Kontseilu Nazionaleko krisi batzordeko kide Haded Mohamed Ben Alik salatu du azken egunetan NATOk ez dituela Gaddafiren indarrak bonbardatu Misratan. Turkiak egunotan itsasontziak bidali ditu bertara, ehunka zauritu hiritik ateratzeko. NBE Nazio Batuen Erakundeak, berriz, kezka agertu du duela hamar egun Libiatik Italiarantz atera zen ontzi baten berririk ez dagoelako. 400 etorkin zeramatzan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.