Libian hiru gobernu,edo lau

Gerra piztu zenetik bost urtera, botererik eza da nagusi Libian. Anabasaren aurrean, autogestioari eutsi diote amazigek; eskolak, egunkariak eta udalak eratu dituzte.

Amazig miliziaren kontrol postua Naluten, Libiako Nafusa mendikatean. KARLOS ZURUTUZA.
Jadu
2016ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Abuztuaren 30ean amazig banderaren eguna ospatzen da. Iazko ekitaldiarekin batera, ezohiko hauteskunde prozesu bat egin zen Libian: hamar amazig eskualdek beren ordezkariak hautatu zituzten AKG Amazig Kontseilu Gorenean; herri bakoitzeko bi, bat legez emakumea dela. Euren legez, jakina.

Zuwaran, kostaldeko amazig enklabe bakarrean, Sihamben Khalifa hautatu zuten. 40 urteko emakumeak oso argi du autogestioa bide bakarra dela Libian. «Arabiar nazionalista eta islamisten arteko gerra baino ez da Libiakoa, eta guk nahikoa denbora galdu genuen Gadafiren agintepean; ezin dugu itxaron egoera baretu arte gureari eusteko», azaldu dio BERRIAri Ben Khalifak, Zuwarako zerbitzu sekretuen antzinako eraikinetik. Gaur amazig aktibisten elkargune nagusia da: amazigerazko irratiaren programazioa ez ezik, eskola curriculuma ere pareta hauen artean adosten du boluntario andanak.

«Presidente bat dugu, eta 30 kidez osatutako exekutiboa», jarraitu du Ben Khalifak. Dioenez, kontseilukideak hilean behin elkartzen dira Tripolin, «batera eman beharreko pauso bakoitza adostearren».

Antolaketa eraginkor hori, baina, ez da fenomeno berria Libiako amazigen artean. Gerra 2011ko otsailean piztu bezain laster, herri honen lehen eskolak, egunkariak eta kultura nahiz hizkuntza adierazpenak egia bilakatu ziren herrialdean. Asko, dena zegoen egiteke. Gadafiren 1973ko kultur iraultza zela eta, bere liburu berdearekin bat ez zetorren ale oro debekatu eta deuseztatu zuen. Amazig hitzak gizon askea esan nahi du, hitzez hitz; baina agintari gorenarentzat, «Satanasen semeak» besterik ez ziren, edota «Libia zatitzeko kolonialismoaren tresna bat». Ez zen harritzekoa, beraz, zapaldutako herriak bat egitea altxamenduarekin. Baina berehala itzali zen hasierako itxaropen hura. Tripolin, 2011n, Sihamen anaia den Fathi ben Khalifa —matxinoen kontseiluko amazig kide bakarra— honako analisi hau helarazi zion BERRIAri: «2011ko abuztuan matxinoen organo nagusiekin harremanak moztea erabaki genuen, argi baitzegoen Libiako agintari berriek ez zutelako gu onartzeko inongo asmorik».

Amazig Kontseilu Gorenak 2011ko irailean ekin zion bere ibilbideari. Hizkuntza aldarrikapena izan zen haren lehen eskaeran. Aldi berean, lehen herri kontseiluak eratu ziren. Zuwara izan zen bere udala era demokratikoan hautatu zuen Libiako lehen herria.

Libiako bigarren gerra

Tunisian eta Egipton ez bezala, islamistek ez ziren nagusitu Libiako 2012ko hauteskundeetan, ez eta 2014koetan ere. Baina azken horietan sortu zen erabateko zatiketa: partaidetza %18ra iritsi ez zen arren, Nazio Batuen Erakundeak ontzat jo zuen irregulartasunez jositako prozesua. Libiako agintea bitan zatitu zen: Tripolin, mendebaldean, gobernu bat, eta ekialdean, Tobruk hirian, bestea. Turkiak eta Qatarrek babestu zuten lehengoa; Arabiar Emirerri Batuak, Egipto eta Saudi Arabia Tobruken aldean jarri ziren, bai eta Gadafiren jarraitzaile ohiak ere. Deigarria dirudien arren, antzinako egituraketa tribalaren ispilua zen, eta da, honako zatiketa. Prozesuan, Estatu Islamikoa izeneko eragile berri bat azaldu da.

«Bi gobernuek herrialde askoren babesa jasotzen dute; gu, ordea, bakarrik gaude», kexu da Kaire ben Taleb, Amazig Kontseilu Goreneko burua Nalut herrian, Libiako Nafusa mendikatean. Ordezkariak dio Tripoli eta Tobruken gutxitan eusten diotela diskurtso komunari. Amazig auzia omen da salbuespen bakarrenetako bat.

«Gure hauteskundeak zirela eta, biek 'herrialdea zatitzea' leporatu ziguten; traidoreak ginela behin eta berriz errepikatzen zuten euren telebistetan», dio Ben Talebek, «Gadafiren diskurtso bera» dela azpimarratuz.

Hizkuntzak eta kultur desberdinek ez ezik, erlijioak ere bereizten du herri hau bere bizilagunengandik. Libiako arabiarrak musulman suniak dira; amazigak, ordea, ibadiak. Xiita eta suniten arteko haustura baino lehenagokoa den sinesmena babestearren, AKGk batzorde bat eratu du eskola liburuak eta meskitetako sermoiak ikuskatzeko. Komiteko kide Ramadan Azuzaren ustez, «Saudi Arabia bezalako estatuek» bultzatu dute muturreko islamaren gorakada herrialdean.

Eta hirugarren gobernua

Iragan udazkenean jakin zen. The Guardian—i filtratutako mezu elektronikoek zera frogatzen zuten: NBEko Libiarako bitartekari Bernardino Leon Tobrukeko gobernuaren alde lanean ari zela. Espainiako diplomazialari ohiak kargua utzi, eta Dubaira jo zuen. Egun Arabiar Emirerri Batuetako Akademia Diplomatikoko burua da, hilean 50.000 euroren truk.

Ikerketa aurrera eraman ez ezik, Leonek abian jarritako programari eutsi zion NBEk. Abenduan akordio bat sinatu zen Marokon, Tripoliko eta Tobrukeko ustezko ordezkarien artean. Hurrengo pausoa urtarrilean eman zuten, NBEren babespean «batasun gobernu» bat sustatu zenean. NBEko Libiarako bitartekari Martin Koblerrek dio Tunisian egoitza duen Libiako hirugarren gobernua Tripoliren eta Tobruken ordezkariz osaturikoa dela, baina erakunde berriak ez du gobernuon aitorpena. Hainbat adituk diotenez, NATOk maila handiko beste esku hartze bat egin ahal izateko, Libiako Gobernuaren eskaera ofiziala beharko litzateke. Estatu Islamikoaren kontrako gerra aitzakiatzat hartuz, hauxe liteke NBEk babestutako gobernuaren lehen betekizuna. Egia ala ez, amazigak zuhur ageri dira.

«Tunisiako gobernua dela eta, ez gaude ez alde, eta ez kontra. Ez gintuzten gonbidatu Marokoko elkarrizketetara eta gu ordezkatzen gaituen erakunde bakarra, AKG, ez dute aitortu», zioen Jadu herriko ordezkari Hisham Ahmadik. Bazterketa sistematikoa pairatu arren, abokatua, milizianoa eta politikaria ere denak ez du etsi: «2011tik aurrerapauso itzelak eman ditugu: hizkuntzaren normalizaziotik kontseiluetara. Lorpen handiena, alabaina, gure herria batzea eta ilusioa berreskuratzea izan da. Gureari eusteko gai garela frogatu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.