Protestak herrialde arabiarretan

Libiako oposizioa Gaddafirekin negoziatzeko prest agertu da

Kontseilu Nazionaleko presidenteak dio diktadoreak alde egin eta erasoak geldituz gero ez dutela zigorrik eskatukoErregimenaren indarrek milizianoak estu hartu dituzte mendebaldean eta ekialdean

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Iragan astean hainbat iturrik argitaratu zuten Muammar Gaddafiren erregimena Libiako oposizioarekin negoziatzeko ahaleginetan ari zela, baina erreboltarien buruzagiek halakorik ukatu zuten, eta, berretsi, ez zeudela erregimenarekin elkarrizketa onartzeko prest. Atzo, ordea, oposizioaren Kontseilu Nazionalak lehenbiziko aldiz onartu zuen Gaddafirekin negoziatzeko prest dagoela, erakundeko presidentearen eta informazio batzordeko eledun baten ahotik. Geroago, baina, Kontseilu Nazionaleko bozeramaileak ukatu egin zuen elkarrizketan aritu direla.

Kontseilu Nazionaleko presidente Mustafa Abdeljalilek adierazi du Gaddafik herrialdea «72 ordutan» utzi eta erasoak eteten baditu, haren «krimenengatik» ez dutela zigor eskaririk eginen. Al Jazeerari egin dizkio adierazpen horiek. Gaddafiren «zeharkako» negoziatzaile batzuekin elkarrizketatu direla azaldu du Abdeljalilek. «Erregimenaren erantzunaren zain gaude». Abdeljalil Libiako Gobernuko Justizia ministroa zen; iragan otsailaren 21ean dimisioa eman zuen, protesten errepresioan erabilitako «indarkeriarekin» ados ez zegoelako.

Kontseilu Nazionaleko presidenteak ez ezik, informazio batzordeko kide Bara al Khatibek ere adierazi du diktadorearen irteera negoziatzen ari direla. Abdeljalilek aipatutako baldintza berberak azaldu ditu.

Informazio «zentzugabea»

Kontseilu Nazionaleko kide horien adierazpenen ondotik, ordea, Abdelhafiz Ghoga bozeramaileak ukatu egin du erregimenarekin elkarrizketan ari direla. Gaddafiren «irteera seguruari» buruz ere deus ez dagoela erran du. Bengaziko epaitegien enparantzan egin ditu solas horiek, harat bildutako jendetzaren aitzinean egindako hitzaldian. Bengazi da Libiako bigarren hiri handiena (ekialdean dago), eta Kontseilu Nazionala bertan ezarri da. «Ez dugu gibelera eginen, ez gara errendituko, ez dago elkarrizketarik», adierazi du Ghogak.

Libiako estatuko telebistak ere gobernuaren eta oposizioaren arteko hartu-eman oro ukatu du. Erregimenaren Atzerri Ministerioko bozeramaile batek berri horiek «erabat zentzugabeak» direla erran du, Al Jazeerak dioenez.

Shark al Asuat egunkariak herenegun argitaratu zuen ustezko harremanen berri. Bengaziko «iturri fidagarriak» aipatuz, Gaddafi boterea uzteko prest dagoela zioen egunkariak, koronelaren eta haren familiaren segurtasuna bermatzearen truke. Era berean, nazioartean inolako jazarpenik ez jasotzeko baldintzak nahi ditu Gaddafik. Shark al Asuat arabieraz idazten da, eta Londresen argitaratzen da —ingelesezko edizioa ere badu—.

Negoziazioen inguruko informazioak indartu diren arren, arlo militarrean ez da inolako meniarik egon. Borroken inguruko berriak lausoak dira zenbait eremutan, baina Gaddafiren indarrak oposizioari gain hartzen ari zaizkiola diote iturri gehienek. Ekialdean, Az Zauia hiria (Tripolitik 40 kilometro mendebaldera) noren eskuetan gelditu den ez dago hagitz argi. Erregimenak herenegun goizaldean jakinarazi zuen kontrolpean zuela, baina oposizioak dio hiriaren erdigunea beraiena dela oraindik. Libiako Gobernuko bozeramaile Mussa Ibrahimen arabera «soilik 30 edo 40» kideko miliziano taldea da erregimenari eusten ari dena. Herrialdeko hirugarren hiririk handiena, Misrata, oposizioaren esku dago oraindik, baina Gaddafiren indarrek setiatuta dute.

Oposizioaren eraso zapuztua

Ekialdean, berriz, Ras Lanufen dago gerra frontea (Tripolitik 700 kilometro ekialdera). Al Jazeeraren arabera, hiri horretako biztanle andanak alde egin du ekialderago, borroketatik ihesi. Oposizioko milizianoek Gaddafiren jaioterri Surtera jo nahi zuten, baina erregimenen indarren kontraerasoak asmo hori zapuztu die. Erregimenaren hegazkinek atzo ere Ras Lanuf bonbardatu zuten. Milizianoek nazioarteari eskatu diote Libiako aire eremua debekatzeko. «Koheteei eta tankeei aurre egin diezaiekegu, baina ez Gaddafiren aire indarrari».

EB Europako Batasunak Tripolira bidalitako «misio teknikoa», berriz, Bruselan da berriro. Libiako hiriburuan borroken zantzurik ez dutela ikusi adierazi dute, baina zehaztu dute soilik hiriaren zati bat ikusi dutela. Libiako egoera aztertzeko nazioarteko ikuskari talde bat bidaltzea aldarrikatu du misioak. EBk eta Arabiar Ligak etzi aztertuko dituzte erregimenaren aurka hartu beharreko neurriak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.