NATOren iritziz, Muammar Gaddafiren erregimenak ez du etorkizunik Libian, eta «haustura argiak» dituela uste du. Aliantza militarreko bozeramaile Oana Lungescuk adierazi duenez, horren «baieztapena» da Libiako 120 ofizial eta soldaduk desertatu izana. Mike Bracken komandanteak, berriz, Gaddafiren indarrak herrialdearen zatirik gehienean gibelera egiten ari direla adierazi du. Desertatu duten hainbat ofizialek Erroman prentsaurrekoa eman zuten herenegun, eta, azaldu zutenez, Libiako armadaren indarren gaitasuna matxinada hasi zenean baino %80 murritzagoa da.
Erregimenak salatu du, baina, NATOk oraingoz 718 zibil hil dituela bonbardaketetan. Gobernuko bozeramaile Musa Ibrahimek jakinarazi duenez, zauritutakoak 4.000tik goiti dira. Aliantzaren erasoetan hildako soldaduen kopurua ez du eman.
Boterea uzteko asmorik ez
Hegoafrikako presidente Jacob Zumak egindako bidaia, berriz, atzo amaitu zen, Tripolin Gaddafirekin egindako bilkurarekin. Agintea utzi nahi ez duen arren, Gaddafik Zumari erran dio «su-etenaren eta irtenbide politikoa lortzeko libiarren arteko elkarrizketaren alde» dagoela. Gatazkari irtenbide negoziatua bilatzeko bidaiatu du Zumak Libiara, baina ez du konpromiso sendorik lortu gabe itzuli da Hegoafrikara.
Libiatik Siziliara (Italia) 900 etorkin zeramatzan ontzi bat ailegatu zen atzo. Lurrera ailegatu baino lehen atxiki zuten ontzia Italiako kosta zaindariek, eta Pozzalloko porturaino eraman zuten. Errefuxiatuetako 40 adingabeak dira, eta bi emakume haurdun daude.
Protestak herrialde arabiarretan
Libiako erregimenak «haustura argiak» dituela uste du NATOk
Tripoliko gobernuak adierazi du aliantza militarrak oraingoz 718 zibil hil dituela erasoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu