Badira hamar urte baino gehiago Greziako uharteak funtsezko pasaleku bilakatu zirela Mediterraneoan barrena EB Europako Batasunera sartzeko migrazio bideetan. Jendea bizi den Greziako 170 uharteen artean, Turkiako kostaldetik hurbilen daudenetan hartu dute migratzaile gehien, hala nola Lesbosen, Kiosen eta Samosen. Halarik ere, Bruselak eta Istanbulek milioka euroko akordio bat sinatu dutenez gero mugak arrunt hesteko, Turkiatik gero eta ontzi gutiago atera dira azken urteetan. Berriki, bertze migrazio bide bat agertu da Ekialdeko Mediterraneoko mapetan: Libian hasi, eta orain arte migratzaileen ibilbidetik kanpo gelditutako bi uhartetan bukatzen da, Kretan eta Gavdosen, hain zuzen ere.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren eta Greziako agintarien datuen arabera, bide hori iazko udan baliatu zen lehenbiziko aldiz, eta, ordutik, gero eta gehiago erabili da. Lehenago, tarteka bakarrik ailegatzen ziren migratzailez betetako ontziak Kretara eta Gavdosera, Italiako kostalderako bidean galdu zirelako edo ontzia matxuratu zitzaielako.
«Azkeneko datuak maiatzaren 26koak dira, eta, horien arabera, 1.685 lagun ailegatu dira Libiatik Kretara eta Gavdosera 2024an. Horietatik gehienek, 1.459 lagunek, Greziara ailegatu gogo zuten, eta gainerakoek, berriz, Italiara». Hala adierazi du Styliani Nanuk, UNCHRk Grezian duen bozeramaileak. Nazionalitateari erreparatuta, egiptoarrak, bangladeshtarrak eta pakistandarrak izaten dira migrante horietako gehienak, Libia ekialdetik abiatzen diren ontzietan ohikoa denez.
Aurtengo datua iazko bigarren seihilekoan erregistratutakoa halako bi da, guti goiti-beheiti, ordu hartan 817 lagun ailegatu baitziren hegoalderen dauden Greziako bi uharteetara. Hori bai, aurten ez bezala, orduan ailegatutako migrante gehien-gehienek —552k, hain zuzen— Italian bururatu gogo zuten bidaia, eta 265ek bakarrik zuten Grezia helmugatzat hasieratik.
Horiek hala, begi bistakoa da bertze migrazio bide bat agertu dela, helmuga Kretan eta Gavdosen duena. Edozein modutan, bide hori ez da gehien ibiltzen dena, inondik ere. Orain arte, Greziak 17.000 migratzaile hartu ditu aurten; oraindik ere, Turkiako kostaldetik ailegatuak dira gehienak, eta, haien gibeletik, Egiptotik iritsiak. Preseski, horrek modua ematen du ulertzeko zergatik diren Afganistangoak Greziako uharte nagusietako harrera zentroetan dauden migratzaile gehienak (%43), eta, haien ondotik, Siriakoak (%30). Izan ere, arrazoi geografikoak eta logistikoak direla medio, Turkia izan ohi da migrazio bideko katebegi nagusia afganiarrentzat eta siriarrentzat.
Nahiz eta migrazio bide berri hori baliatu dutenak ez diren anitz, migratzaile horiek ailegatzea erronka handia da Kretako eta Gavdoseko agintarientzat. «Kretan eta Gavdosen ez da harrera egiteko egitura formalik. Horregatik, hagitz garrantzitsua da ailegatu berriak eremu kontinentalera bideratzea lehenbailehen. Europako Batasunaren eta Greziako aginte zentralaren babesa ezinbertzekoa da», erran du Nanuk, eta gaineratu UNCHRk hartu duela bere gain migratzaileei tapakiak, higiene kitak eta lo zakuak emateko ardura.
«Kretan eta Gavdosen ez da harrera egiteko egitura formalik. Garrantzitsua da ailegatu berriak eremu kontinentalera bideratzea lehenbailehen»
STYLIANI NANUUNHCRren Greziako bozeramailea
Ekainaren hasieran, Greziako Gobernuak jakinarazi zuen 2,3 milioi euro gehiago paratuko zituela harrera zereginetan laguntzeko zenbait uhartetako bortz herriri, Gavdos ere tartean zela. Uharte txiki hori da Greziako uharteen artean hegoalderen dagoena, 70 biztanle finko baizik ez ditu, eta lehenbiziko aldia da Atenasen finantzaketa jaso duena harrera zereginetarako.
Teoriak
«Orain arte, ez gobernuak ez Alemaniaren enbaxadak ez ziguten sosik emana, nahiz eta bisitan etorriak zitzaizkigun», kexatu da Stavros, uharteko udal langile bakarra, eta zera gehitu du: «Egoera hagitz kaskarra da, ez baitugu azpiegiturarik migratzaileak hartzeko. Behin, 90 lagun sartu behar izan genituen etxe bakar batean, eta denen artean lagundu. Eta neguan, itsasoa harro dagoelako bakartuak gelditzen garelarik, oraindik gehiago zailtzen dira gauzak». Kreta, bertzalde, Greziako uharterik handiena da, milioi erdi lagun baino gehiago bizi dira han, eta agintariek baliabide gehiago dituzte egungo egoerari erantzuteko.
Grezian zenbait teoria zabaldu dira bertze migrazio bide bat ireki izana esplikatzeko. Teoria horietako baten arabera, baliteke Libia ekialdeko agintariek eta Italiako Gobernuak akordio ezkutu bat egin izana —Giorgia Meloni ultraeskuindarra migrazioaren aurkakoa denez gero—, migrazio bideak aldatu daitezen eta Grezia izan dadin migratzaileen ohiko helmuga hemendik aitzinera, Italia izan beharrean. Badira hamar urte Libia huts egindako estatu bat dela, bi gobernuren artean banatua: bat Tripolin dago, eta Libia mendebaldea kontrolatzen du; bertzea, berriz, Bengazin, eta ekialdea gobernatzen du, Khalifa Haftar jeneralaren gidaritzapean. Kaosa hainbertzekoa da Libian, ezen hangoak baitira Europara ailegatzen diren migratzaile gehienak.
«Uste dut nahiko zaila dela teoria hori zuzena izatea, Haftar Greziaren hagitz hurbilekoa baita, eta halako zerbait egitea zera litzateke, aliatu bat saltzea noren-eta Italiaren mesedetan, hau da, Libian esku hartzeko ohiturarik ez duen herrialde baten onerako»; halaxe iruditzen zaio politikan aditua den libiar bati. Nanuk, bertzalde, uste du bertze migrazio bide bat agertu izana faktore bat baino gehiagoren ondorio dela, segur aski: «Halako joera bat agertzeko arrazoiak konplexuak eta askotarikoak dira, eta lotura dute kontrabando bideen sareekin, migratzaile eta errefuxiatuen artean zabaldutako zurrumurruekin eta jatorriko eta tarteko herrialdeetako baldintzekin, bertzeak bertze. Arriskua gailendua da egun migratzaileen abiapuntu den eskualdean, eta garai hagitz aldakorra ere bada; gainera, Egiptoren bi auzo lurralde gatazka larrietan murgilduak daude: hegoaldean, Sudan, eta iparraldean, berriz, Gaza».