Orduek aurrera egin ahala, gora baizik ez dute egiten Libia ipar-ekialdean hildakoen eta desagertuen kopuruek. Daniel zikloiaren ondorioz, Derna hiriaren inguruko bi urtegik gainezka egin zuten herenegun, eta horrek uholdeak eragin zituen. Dagoeneko 5.200dik gora dira hildakoak, eta 8.200 lagun inguru daude desagertuta, ekialdeko GSU Elkartasun Nazionaleko Gobernuaren eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioaren arabera. Egoera hori dela eta, nazioarteak aitortzen duen eta mendebaldean dagoen GNU Batasun Nazionaleko Gobernuak hondamendi eremu izendatu zuen atzo kalteturiko eremua.
GSUko lehen ministro Osama Hammadek herenegun adierazi zuen egoera «katastrofikoa» dela, eta auzo batzuk «erabat desagertu» direla; batez ere, Dernan —han gutxienez 7.000 desagertu zenbatu dituzte—. Gobernu horretako Abiazio Zibileko ministro Hitxem Txkiuat hiri horretan izan da, eta Reuters berri agentziari adierazi zion, atzo, Dernaren «%25 desagertu» dela. «Gorpuak daude nonahi».
Egoera larria da, gobernuz kanpoko erakundeek ere salatu dutenez, eta GNUko lehen ministro Abdul Hamid Dbeibehk atzo jakinarazi zuen konboiak mendebaldetik ekialdera bidean direla; hamalau tona laguntza eramaten ari dira. Eta, agerraldi batean, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioaren Libiarako mandatari Tamer Ramadanek esan zuen jende «asko» hil dela, eta espero dutela milara iritsiko dela kopurua datozen egunetan; «suntsituta» dago Libia ipar-ekialdea, haren arabera.
Erreskate taldeak, soldaduekin, boluntarioekin eta herritarrekin batera, suntsituriko eremuetan lanean ari dira gorpuak ateratzeko, ahal duten moduan. Batez ere, oraindik laguntza gutxi jaso dutelako, Dernan sartzea zaila baitago.
Hiri horretatik 80 kilometrora ere, Susa «ur azpian» dago, hango Larrialdi eta Anbulantzia Zerbitzuko zuzendari Hamdi al-Hasik azaldu zuenez; ez zuen, ordea, biktimei buruzko daturik eman. Baidan ere uholdeak izan dira, eta gutxienez 50 lagun hil dira; eta Marjen eta Xahaten ere izan dituzte zailtasunak herenegundik, lekualdaketak tarteko. Hiru herri horiek Jabal al-Akhdar eremuan daude; hor egiten du euri gehien urtero.
Nazioarteko laguntza
Aljeriak, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok, Tunisiak eta Turkiak laguntza bidaltzeko asmoa helarazi dute herenegundik; humanitarioa eta erreskate lanetarako sostengua. Ameriketako Estatu Batuak ere prest agertu dira, baina Nazio Batuen Erakundearekin eta GNUrekin hitz egiten ari dira laguntza nola koordinatu erabakitzeko.
Hain justu, Libiako Presidentetza Kontseiluko buru Mohamed Yunus al-Menfik atzo herrialdeei eskatu zien laguntza bidaltzeko, eta azaldu zuen Italiarekin eta Espainiarekin ere mintzatu zela. GNUko lehen ministroak herenegun esan zuen kalte ordainak emango dizkietela biktimei, eta hiru dolu egun ezarri zituen.
Europako Batzordeko Krisien Kudeaketarako komisario Janez Lenarcicek Marokon eta Libian gertaturikoa baliatu zuen atzo, oroitarazteko baliabide gehiago behar direla muturreko fenomenoen «normaltasun ikaragarriari» aurre egiteko.
Libia hondamendi eremu bihurtu dute uholdeek: 5.200dik gora dira hildakoak
'Daniel' zikloiaren ondorioz, 8.200 lagun baino gehiago desagertu dira, agintarien arabera. Derna jo du gogorren, eta Susa «ur azpian» dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu