Protestak herrialde arabiarretan. Leonor Massanet. Libian bizi izandako psikologo mallorcarra

«Libia historiako unerik hoberenean zegoen, bizi-kalitatea ona baitzen»

LEONOR MASSANET.
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Duela bost urte, psikologia ikasketak eginda, Leonor Massanetek (Mallorca, Herrialde Katalanak, 1952) Libia hautatu zuen umeen garapen prozesuaz doktoretza egiteko. Egonaldiak bizitza aldatu zion. Leinuen bizimodua ezagutzeko, familia batean bizi izan zen, eta segituan maitemindu zen herritarrez. Ordutik, Libian eta Mallorcan bizi da.

Zer aurkitu zenuen Libian?

Sekulako talka izan zen, erabat txunditu ninduen. Materialaren aurretik, pertsona eta familia lehenesten dute. Bizitza duina dute, behar duten guztia baitaukate.

Horrela izan da beti?

Libia oso herri txiroa izan zen.Aldi berean oso herri harroa da, eta Italiaren okupazioaren aurka borrokatu ziren. Gero, Idris erregeak hartu zuen boterea, eta petrolioaren %80 atzerritarrei saltzen hasi zenean leinuek eta armadak iraultza egin zuten. Gaddafi hautatu zuten iraultzaren buru. Ordutik, petrolioaren etekinak ospitaleak, errepideak eta eskolak eraikitzeko baliatzen dituzte. Dohainik da dena jendearentzat.

90eko hamarkada gogorra izan zen libiarrentzat, baina azken urteetan gauzak aldatzen hasi ziren, ezta?

Blokeo ekonomikoa egon zen, baina azken hamarkadan herrialdea erabat ireki da mundura, eta izugarri garatu da. Azpiegiturak, unibertsitate berriak, ospitaleak,eta etxeak ari dira eraikitzen. Erasoak hasi aurretik jendea oso pozik zegoen, ez zuen diruaren edo janariaren kezkarik. Txadetik, Egiptotik edota Tunisiatik datoz bertora lanera. Jendeak eskura du behar duena. Denak joan daitezke unibertsitatera. Libia bere historiaren unerik hoberenean zegoen, bizi-kalitatea ona baitzen.

Nolakoa da, bada, Gaddafiren gobernu sistema?

Herria auzoko batzarretan biltzen da. Bilera horietan ordezkariak hautatzen dituzte. Gero horiek hiri mailan biltzen dira eta handik ateratzen dira Tripolira joanen direnak. Horien artetik sortzen da gobernua. Aldi berean, boterea duten leinuak daude. Horrela, Gobernuak ezin du nahi duena egin. Herriak eta leinuek erabakitzen dute.

Kontrakoa dio, ordea, oposizioak.

Ezin dut sinetsi komunikabideek Gaddafiz diotena, ezin baitu nahi duena egin. Leinu bateko kideek oraintsu esan didate nahi balute Gaddafi gobernutik kenduko luketela. Arazoak daude, jakina, baina beste edozein herrialdetan legez. Duela lau urte, adibidez,leinuen arteko tentsioak amaitzeko, petrolioaren etekinen kudeaketa sistema aldatzea proposatu zuen Gaddafik, eta estatuaren esku egon ordez herriaren esku jartzea. Trukean unibertsitateen doakotasuna kendu nahi zuen. Aurka azaldu ziren batzuk, eta aldaketa ez zen gauzatu. Gobernuaren parte bat ere aldaketa horren aurka zegoen. Horiek dira Bengazin daudenak, petrolioaren negozio interesak dituztenak.

Hori al da matxinadaren sorburua?

Sortu dena kanpotik dator. Eztabaidak beti egon dira, bizitzaren parte dira. Jendea pozik dago gobernuarekin. Arazoak egon badaude, baina jendeak kritikatzen ditu. Libia osoko jendea ezagutzen dut: leinuak, abokatuak, kazetariak, jende xumea... eta horixe da ikusten dudana. Inork ez zuen espero etorri den hau. Egipton eta Tunisian gertatutakoa Libian ezin zela gertatu zioten.

Nola azal daiteke orduan Bengaziko biztanleen jarrera?

Bengaziko leinuak beti egon dira Gaddafiren aurka. Agian, erregearen lagunak zirelako; agian, kexu direlako inbertsioen banaketarekin. Gaddafik petrolioaren etekinak herriarekin partekatzea proposatu zuenean aurka azaldu ziren. Gazteek Europako paradisua ikusten dute telebistan, eta horixe nahi dute. Tunisiakoaren eta Egiptokoaren ostean eraikin publikoak erretzen hasi ziren, eta matxinada babestu zuten askok atzera egin zuten.

Zergatik?

Atzean beste zerbait zegoela ikusi zutelako. Agerian geratu zen Libia atzerriko indarrei saldu nahi zietela. Atzerriko indarrek bultzatu dute mugimendua. Herrialde osoa bonbardatzen ari dira matxinoei bidea zabaltzeko. Erabat artifiziala da mugimendu hori, eta libiarrak beldur dira ez dakitelako nor dagoen atzean. Herrialdea saltzen ari dira.

Nola ikusten duzu Mendebaldeko estatuen jarrera?

Ez zaizkie giza eskubideak axola. Pena handia ematen dit nire jendeak. Hedabideek gezurrak esaten dituzte etengabe. Libian gertatzen ari denaren jakitun direlakoan daude. Baina inork ez daki zer den Libia, eta ezta han zer gertatzen ari den ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.