Libia. Saharaz hegoaldeko migratzaileak

Libia, etorkinaren amesgaiztoa

Milaka etorkin ahal bezala bizi dira atxilotze eremuetan, giza eskubide oinarrizkoenik ere gabe. Libian, aspaldikoa da egoera nahasia, eta horrek lehentasuna kentzen dio etorkinen arazoari.

Olowushima nigeriarra, Tripoliko zooko albaitaritza gelan, Saharaz hegoaldeko beste hainbat migratzailerekin. SERGI CABEZA.
Tripoli
2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Libia utzi eta bere herrialdera, Nigeriara itzuli nahi du Olowushimak; eta ahaztu zer-nolako amesgaiztoa den Libian bizitzea. «Poliziarekin arazoak izan ditut etengabe, 2012ko urrian iritsi nintzenetik», kontatu du. Hark ez du pentsatu ere egin nahi Mediterraneoa gurutzatu eta Europara joatean: ez du pertsonen trafikoaren biktima izan nahi berriro. Izan ere, halaxe ibili zen basamortuan sei asteko bidaia latza egin zuenean, hitzartu baino askoz ere gehiago ordainduta, gainera.

Muammar Gaddafiren erregimena erori zenetik, nahasia da Afrika iparraldeko herrialde horretako egoera, eta hori kontra bihurtu zaie Saharaz hegoaldeko etorkinei. Batetik, Tripoliko gobernuaren botere ahulak ezin ditu kontrolatu Libiak sei herrialderekin dituen mugetako 4.000 kilometroak, eta horrek bidea zabaltzen die etorkinei: Libiako atea zabalik dago iparralderantz. Bestetik, egoera nahasi horren eta legedi sendo baten faltaren ondorioz, etorkina batere babesik gabe dago, baliabiderik eta prestakuntzarik gabe, trafikatzaileen, milizien eta gobernuaren beraren mende askotan.

Petrolioa ugari dute Libian, eta hango sei bat milioi bizilagun eskasek ezinbesteko egiten dituzte langile atzerritarrak. Horregatik, goizero, Tripoliko kale askotan, ehunka etorkin batu ohi dira, taldetan, inork behin-behineko lanetarako noiz kontratatuko. Gremioka batu ohi dira: beharginak, pintoreak… Baita nazioka ere, Afrika erdialdeko eta iparraldeko ia herrialde guztietakoak. Horietatik guztietatik, Saharaz hegoaldetik etorritakoak dira kalteberenak.

Olowushimak bere istorioa kontatu du, agintariek harekin zer egin erabakitzen duten bitartean. «Atzo atxilotu ninduten, etxerakoan. Nigeriako enbaxadatik nentorren, sorterrira itzultzeko bidaia ziurtagiriaren eske joana nintzen-eta hara», kontatu du. Giltzapetuta daukate Tripoliko zooko albaitaritza gelan, hantxe baitu egoitza immigrazioaren kontrako brigadak. Saharaz hegoaldeko beste etorkin batzuk ere badaude Olowushimarekin: Ghanako hiru, Kamerungo bat eta Txadeko beste bat.

Hiriburuko zooko egoitzan, Barne Ministerioaren Immigrazio Poliziako buru da Saad Gharsala. Ez da talde oso espezializatua, 2012ko azarotik bakarrik baitihardu ofizialki, eta aurrez ez baitu izan inolako eskarmenturik. Lehendik, Tripoliko Libreen brigadakoak ziren Gharsala eta haren gizonak, Gaddafiren armadaren kontra borrokatutako errebeldeak, eta zooa babeste aldera sartu ziren han. «Etorkinekin elkarlanean ez ezik, zooa babesten ari gara; ezin dugu alde egin», esan du Gharsalak; haren gizonak polizia akademietan trebatzen hasiak dira.

Baina argi dago Libiako immigrazio polizia berria ez dagoela ongi entrenatua. Olowushimak kontatu duenez, patruila autoak garbiarazten dizkiete agenteek. «Ezin diegu ezetz esan», dio, «baina badugu trikimailu bat: autoak gaizki garbituz gero, gainerakoek ez digute halakorik agintzen».

Albaitaritza gelatik irtendakoan, Olowushimak artean bere patuari itxaroten dion bitartean, atxikitze zentroan aparkatutako autoetako bat garbitzen ari dira, hain zuzen, bi etorkin. Antza denez, immigrazio agenteak ez daude kezkatuta eszena hori grabatzen ari den kazetari saldoa dela eta.

Nolanahi ere, unitateko gizonek, Tripoliko Guduan errebelde gisa aritu ziren horiexek, hainbat sarekada egin ohi dituzte, aliritzira, hiriko zirkulazio handiko biribilgune batean. Han, etorkinen agiriak ikuskatzen dituzte, eta, arauak behar bezala beteak ez badituzte, zoora eramaten dituzte, banan-banan ikuskatzeko eta osasun azterketak egiteko. Sarri askotan, atxikiak libre uzten dituzte gero, baina beste batzuei bestelako patu bat egokituko zaie: atxilotze eremuetara bidaliko dituzte, herrialde osoan banatutako hogeietakoren batera.

Hor hasten da amesgaiztoa

Bigarren mailako errepide batean, norenik ez duen toki baten erdi-erdian, hantxe dago etorkinen atxilotze eremua, Gheryan hirian dauden bietatik bat, Tripolitik 80 kilometro hegoaldera. Adibide bakanetako bat da, oraindik ere tokiko milizia batek kontrolatzen duena, eta ez gobernuak. Herriko buruzagiekin eman dugu goiza, onartu egin baitigute atxilotze eremura bisitan joan izana.

Bitan banatua dute eremua. Batean, sarreran baitago, administrazio etxolak dituzte, zaintzaileen eta zerbitzuen kokaleku: adibidez, sukaldea. Bestean, beste segurtasun hesi bat igarota baitago, beste hamasei etxola dituzte; alde banatan zortzi, ateak kale nagusira begira dituztela. Etxola bakoitzaren atarian, klimatologiaren araberako ur-andel bat dago, eta huraxe dute etorkinek ur baliabide bakar; iturri bat ageri dute beheko aldean, eta tutu malgu bat, zeina nork bere ateko burdin saretik pasarazten baitu.

Oinutsik daude han atxikiak dituztenetako asko. «Arazo asko ditugu», esan du Abd el-Hakim Somaliakoak: «Ez digute ongi jaten ematen, ezta botikarik ere; torturatu egiten gaituzte, eta ez dugu ez lastairarik, ez burusirik». Mutilak, gazteak denak, etxoletako ate ondora atera dira piloan, kazetariari itxoitera; guztiek hitz egin nahi dute, nork bere egoera azaldu; guztiak ari dira garrasika, askatasun eske, eta erreguka, laguntza eske.

«Behin, lanera joan nintzen, eta, lanaldia amaitutakoan, kontratatu ninduen gizonak ez zidan ordaindu nahi izan. Poliziari deitu zion, eta, ezertxo ere galdetzeke, atxilotu egin ninduten», kontatu du nigeriarrak. «Gure familiakoek ez dakite tutik gutaz», esan du Simon eritrearrak, eskuak buruan dituela; adierazi duenez, 1.600 dolar eskatzen dizkiote aske uzteko (1.200 euro). Etxola berean, barruko guztiek banan-banan beren iritzia azaldu eta gero, beste mutil bat agertu da, mutiko itxurakoa: Aout du izena, 14 urte ditu, Eritreakoa da, eta lau hilabetean dute han atxikia.

Kazetariak han dauden bitartean, eremuaren erdian eseri da segurtasun zaintzaile bat. Aurrez aurre, erretratu bat marrazten ari zaio atxikietako bat. Beste aldean, zaintzaileak etxoletan atxikiak behartzen dabiltza; zakarrak jasoarazten dizkiete, garrasika eta mehatxuka. Samingarria da panorama, eta ez dirudi gaizkiaren eta ongiaren arrastorik dutenik eremuko arduradunek. Beste bi etxolatan kontatu digutenez, giltzapetu batzuk ihes egiten saiatu ziren astebete lehenago, baina tiroka atzeman zituzten, basamortuaren erdian.

Luze da, ia infinitua Gheryan eremuko giltzapetuen kexuen zerrenda. Batzuek gaixorik dirudite, indarrik gabe, eta ez dute ez dutxarik, ez osasun zerbitzurik. Kontatu digutenez, zuku bat, ogi puska bi eta ur-zopa moduko bat, arroza edo makarroiak besterik ez dute egunero bizirik irauteko. Batzuek bi hilabete daramatzate atxikitze eremuan; beste batzuek, sei, eta beste batzuek, urtebete. «Behar baino askoz ere luzaroago», nabarmendu du Emmanuel Cignac-ek, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Libian duen misioburuak.

Zergatik hainbeste denboran? «Nonbait, hainbat enpresarik langileak behar dituzte, eta etorkin atxilotuez baliatzen dira», kontatu du Cignacek, zeinaren arabera arazo bat baitute Libian: «Ez dute sistema bat» immigrazioaz arduratzeko, eta agintariek lehendik ere buruhauste handiak dituzte herrialdeko segurtasunari eusteko, immigrazioaren kontrako borroka alde batera eta baliabiderik gabe ere uzteraino.

Iheslarien estatutua

Gatazkak dituzten herrialdeetako etorkinek —Somalia, Eritrea, Siria eta Sudango alde batzuetakoek, hala nola Darfurkoek— ez dute 1951n Iheslarien Estatutuaren Nazioarteko Itunean jasotako babesa, Libiak ez baitzuen sinatu itun hori. Cignacek azaldu du agintariek ez dutela UNHCR lagundu nahi izaten: «Izan ere, horrek mezu okerra emango luke, jendeak pentsatuko bailuke Libiara etor daitekeela eta iheslari gisa onartua izan».

Hala, Libiako Gobernuak ez du dirurik jartzen etorkinak jatorrira itzul daitezen, eta ez da elkarlanean aritzen haien herrialdeekin eta nazioarteko erakundeekin. Orain arte, normalena hau zen: atxilotuak mugaz bestaldera eramatea errepidetik, Nigerrera edo Txadera, kontuan hartu gabe zein herritakoak diren. «Orain, amore eman dute, eta ez dute halakorik egiten, jendea itzuli egiten baitzen, jakina», azaldu du Cignacek.

Bestalde, Europako Batasunak nahiago du gobernuari mugak kontrolatzen lagundu —batez ere itsasokoak—, etorkinak Europara irits ez daitezen. Mugetako laguntzarako bi aldeko programan (EUBAM), 30 milioi euro dituzte Libiako armada trebatu, entrenatu eta aholkuak emateko. Nor bere herrialdera itzultzen laguntzeko funtsa, berriz, Migrazioaren Nazioarteko Erakundeak kudeatzen duena, 9,9 milioi da, hiru urterako. 2013an, erakunde horrek parte hartu zuen zortziehun lagun beren herrialdera bidaltzen, baina 8.000 baino gehiago dira atxilotze eremuetan atxikiriko etorkinak.

Nigeriaren enbaxadan berretsi dute Olowushima handik pasatu zela atxilotu zuten egunean bertan, bere herrialdera itzultzeko ziurtagiri bat eskatzeko. Era berean, baieztatu dute ezen Libiako agintariak ez direla berekin harremanetan jarri haren kasua aztertzeko, eta, gainera, ia sekula ez dutela horrelakorik egiten. Diotenez, saiatzen dira beren herritarrei laguntzen atxilotze eremuetan, baina ezin dute askorik egin. Webgunean ohar bat jarria dute: dokumentu egokirik gabe Libiara ez joatea gomendatzen dute.

Lehenengo bisita egin eta astebete geroago, zoora itzuli gara. Olowushimaren galdea egin diogu funtzionario bati: «Nigerian dago», moztu du, paperak begiratu ere gabe. Ez da fidatzekoa; seguru asko, atxilotze eremu batean edukiko dute, edo aske utziko zuten.

Joan-etorri asko egiten dira, eta funtzionarioak pasaporteak begiratzen ari zaizkie 30 bat etorkini, denak atxilotu berriak. Zootik atera garenean, beste etorkin bat ekarri dute auto batean. Hura, besteak ez bezala, ospitaleko arropak jantzita dago. Osasun zentroko medikuek bota egin dute, eta poliziek ez dakite zer egin. Gizona zorabiaturik dabil, eta ez die erantzun egin dizkioten galderei. Ez dakite zer izen duen; ez du paperik, ez dakite nongoa den, eta, dirudienez, gaitz arriskutsu bat du. Zooan ere ez dute ezer jakin nahi; beraz, autoan berriro sartu, eta ekarritako bide beretik eraman dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.