Ezinezkoa zirudiena gertatu da Kanadan. Duela bost hilabete, artean Justin Trudeau liberala lehen ministro zela (2015-2025), Alderdi Kontserbadoreak hogei punturen aldea ateratzen zion Alderdi Liberalari inkestetan. Legebiltzarrerako bozak beranduenez aurtengo urri amaieran ziren egitekoak. Baina, urte hasieran, Trudeauk dimisioa eman zuen; Donald Trumpek, aste batzuk geroago AEBetako presidente kargua hartu, eta gerra komertziala deklaratu zion iparraldeko bizilagunari; martxoan, Mark Carney ekonomialariak ordezkatu zuen Trudeau, eta erabaki zuen hala Trumpi amore ez ematea, nola Komunen Ganberarako bozak aurreratzea. Astelehenean egingo dituzte, eta jarduneko lehen ministroa buru duela, Alderdi Liberala da gailentzeko faboritoa.
Nanos Research etxeak atzo kaleratutako inkesta baten arabera, botoen %42,7 lortuko ditu, eta lau puntu baino gehiagoren aldea aterako die kontserbadoreei (%38,4); zundaketa hori aintzat hartuta, NDP Demokrata Berrien Alderdia sozialdemokratak (%8,3) eta BQ Bloke Quebectarra subiranistak (%5,9) ere ordezkaritza lortuko dute behe ganberan. Azkeneko ia bi hilabeteetako inkestetan jasotakoa betetzen bada, liberalek laugarrenez jarraian irabaziko dituzte bozak, eta gobernua osatzeko ardura edukiko dute. Ikusteko dago, ordea, aliatuen laguntzarik gabe gobernatu ahal izango ote duten; Komunen Ganberak 343 aulki ditu, eta 172 diputatu behar dira gehiengo osoa edukitzeko.
AEBekin tirabira betean direla egingo dituzte bozak, eta lehen ministro izateko hautagaiek Trumpen asmoen mamua haizatu dute kanpainan. Etxe Zuriko maizterrak esan izan du ez duela baztertzen Kanada anexionatzea. Mehatxu horren harira, alderdiek asteleheneko bozen garrantzia nabarmendu dute azkeneko asteetan. «Trumpek gure herrialdea txikitu nahi du, eta gutaz jabetu. Horixe dago jokoan», azpimarratu zuen Carneyk ostegunean, ekitaldi batean.
Trumpek %25eko muga zergak ezarri dizkie Kanadako altzairuari, aluminioari eta autoei, eta kontuan hartu behar da Kanadak AEBetara bidaltzen dituela esportazioen %77. Carneyren kabineteak, erantzun gisa %25 mugak zergak ezarri dizkie Usmca merkataritza itunak —AEBen, Mexikoren eta Kanadaren arteko akordioa— zehaztutakoa betetzen ez duten AEBetako auto inportatuei.
Herritarren kezka
Kezkatuta daude kanadarrak, zenbait ekonomialarik kalkulatu baitute gerra komertzialaren ondorioz 150.000 enplegu inguru galduko direla herrialdean. Asteartean, gainera, beste albiste txar bat eman zien NDF Nazioarteko Diru Funtsak: iragarri zuen Kanadako ekonomia %1,4 haziko dela aurten, hau da, urtarrilean aurreikusi baino %0,6 gutxiago.

Kontserbadoreek eta liberalek planteamendu desberdinak dituzte horri aurre egiteko. Pierre Poilievre kontserbadoreen hautagaiak iragarri du bozak irabazten badituzte zergak jaitsi egingo dituztela oro har; alegia, estatuaren egitekoa apaldu nahi duela. «Elite politikoen» aurkakoa da haren mezua, eta eliteek «ahaztutako» herritar horiek erakarri nahi ditu. 45 urte ditu, 2004tik da diputatu Komunen Ganberan, eta ministro izan zen Stephen Harper lehen ministroaren (2006-2015) azken gobernuan.
Carneyk adierazi du, ordea, estatuak ezinbesteko rola jokatu beharra daukala. 60 urte ditu, eta Kanadako Banku Zentralaren gobernadorea izan zen (2008-2013), baita Ingalaterrako Bankuaren burua ere (2013-2020), besteak beste. Hain zuzen, instituzio horietako lider moduan eskuratutako eskarmentua goratzen ahalegindu da kanpainan, herritarrei ikusarazi nahian bera dela hautagai egokiena.