Libanon su etena adostu arren, Israelek areagotu egin ditu Gaza iparraldearen aurkako erasoak

Gaza iparraldeko hainbat lekutan erasoak egin ditu Israelek. Arriskutsua izan daitekeela argudiatuta, Libano hegoaldeko hamar hirietan sartzea debekatu du.

Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuan bart egindako erasoa. MOHAMMAD SABER / EFE
Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuan bart egindako erasoa. MOHAMMAD SABER / EFE
Iratxe Muxika
2024ko azaroaren 28a
14:58
Entzun

Aste honetan sartu da indarrean Israelen eta Hezbollahren arteko su etena; hirurogei eguneko geldialdia, hain justu. Libano hegoaldeko herritar anitz etxera itzultzen ari dira, baina Gazan egoera bertzelakoa da, Israelek zerrendari eraso egiten jarraitzen baitu.

Gaur goizean, erraterako, Gaza iparraldeko Beit Lahia udalerrian bi eraikinen aurkako bonbardaketa bat egin du Israelgo armadak: gutxienez lau hildako eta bost zauritu izan dira, Palestinako Wafa berri agentziak iragarri duenez. Era berean, udalerri bereko eskola batean sarekada bat egin dute; Israelgo armadak adierazi duenez, «miliziano palestinarren» aurka. Gaza erdialdeko Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuan ere zazpi pertsona hil dituzte, eta jakiak banatzeko zentro baten aurka egin ondotik, gutxienez lau lagun zauritu.  

Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, gutxienez 33 palestinar hil eta 134 zauritu ziren atzo Israelen erasoen ondorioz; tartean dira desplazatuek aterpe hartzen duten bi eskolari egindako erasoetan hildako 23 lagun. 

OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak orain astebete egindako kalkuluen arabera, Gaza iparraldean setiatutako eremuan  —Jabalia, Beit Lahia eta Beit Hanun— 65.000-75.000 pertsona geratzen dira; 100.000tik gora pertsonak ihes egin ondotik. Eremu horretan, guztira, 2.300 palestinar baino gehiago hil dira, eta 50 bonbardaketa baino gehiago egin dituzte azken 50 egunetan. 

Bertzalde, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak salaketa bat egin du gaur, zeinetan argitzen duen urriaren 6tik 91 saiakera egin dituela Gazako iparraldera laguntza humanitarioa bidaltzeko, eta Israelek 82 alditan ukatu diola laguntza hori. «Nazio Batuen Erakundeak egindako 82 laguntza saiakera ukatu egin dituzte; eta bederatzi oztopatu», salatu du UNRWAk, komunikatu bidez. Agentziak baieztatu duenez, laguntza humanitarioaren oztopo horiek «larriagotu» egiten dituzte Gazako iparraldean bizirik irauteko baldintzak.

Negua iristear den honetan, gainera, NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi du Gazako iparraldean dirauten desplazatuen egoera arriskuan izanen dela euriteagatik eta hotzagatik. «Negua hurbildu ahala eta Gazan gerrak jarraitzen badu, desplazatutako palestinarrak geroz eta zaurgarriagoak izango dira. Eurite bortitza uholdeak eragiten ari da, eta haur askok ez dute ez zapatarik, ez berokirik ere». Horrenbestez, laguntza nahitaezkoa dela salatu du komunikatuan. 

Hamasen Gobernuak astelehenean jakinarazi zuenez, dagoeneko egoera larrian dira desplazatuen bizitokiak: %81 erabilgaitzak dira —135.000 dendetatik 110.000—, eguraldi txarrak eta denboraren joanak eraginda. 

Horiek horrela, Egiptoko negoziazio ordezkaritza bat bart Tel Avivera joan zen, Gazako zerrendan su etena lortzeko eta Hamasen esku dauden bahituak askatzeko negoziazioei berriro heltzeko, hala jakinarazi du gaur EFEk, negoziazioetan parte hartzen ari diren iturriak aipatuz. 

Menia, kolokan

Israelgo armadak gaur komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, Libano hegoaldean auto «susmagarri» batzuk atzeman dituzte, eta, horrek su etenaren baldintza batzuk urratzen dituela argudiatuta, eraso egin diete. Merkaba hirian izan da erasoa, eta, Libanoko Albiste Agentzia Nazionalak argitaratu duenez, gutxienez bi pertsona zauritu dituzte. 

Horrez gain, Israelgo armadak Libano hegoaldeko hamar hirietara sartzea debekatu du gaur. X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, Avichay Adraee Israelgo armadako bozeramaileak ohartarazi du «abisu eman» arte «debekatua» dutela herri horietara sartzea, argudiatuta arriskutsua dela muga hori zeharkatzea. Eta atzo bezala, etxeratze agindua ezarri dute bihar goizera arte, Litani ibaiaren hegoaldean.

Israel erasoak etetera behartzeko neurriak hartzeko deia egin du borrellek

EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrelek uste du EBk baduela Ekialde Hurbilean eragiteko ahalmena, baina ez duela erabili nahi. Eta gaineratu du ez dela nahikoa Israeli erasoak eteteko «erregutzea». Horregatik, eskaerez harago joateko deia egin du, eta Israel erasoak etetera behartzeko neurriak hartzeko eskatu die EBko estatu kideei. Borrelli iruditzen zaio Israelgo gizartean indarkeria eta muturreko ideiak zabaltzen ari direla, eta uste du horiek hedatzen dituzten «bakearen sabotatzaileak» identifikatu eta zigortu behar direla. Bi Estaturen Konponbidearen Aldeko Aliantza Globalaren konferentzia batean egin ditu adierazpen horiek, gaur, Bruselan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.