Libanoko Parlamentuak Mustafa Adib aukeratu du lehen ministro

Adib Libanoko enbaxadorea izan da Alemanian 2013. urtetik, eta babes zabala lortu du parlamentuko bozketan. Emmanuel Macron Frantziako presidentea herrialde hartara joatekoa da gaur iluntzean.

Mustafa Adib Libanoko lehen ministro berria kazetarien aurrean hitz egiten. NABIL MOUNZER / EFE
2020ko abuztuaren 31
14:04
Entzun

Hasan Diaben gobernuak batera dimisioa aurkeztu zuen duela hiru aste, Beiruteko portuan gertatu zen eztandaren ondorioz. Diaben ordezko, Libanoko Parlamentuak Mustafa Adib diplomazialaria aukeratu du gaur lehen ministroaren kargurako. «Ez dago hitzik emateko astirik: orain egiteko unea da», esan du, Baabda presidentearen jauregian Michel Aoun Libanoko presidentearekin eta Nabih Berri parlamentukoarekin elkartu ondoren.

Adib Libanoko enbaxadore izan da Alemaniain 2013. urtetik, eta azken bi hamarkadEtan Najib Mikati lehen ministro ohi dirudunaren aholkularia izan da. Parlamentuan egindako bozketan, 119 bototik 90 lortu ditu diplomazialariak, eta herrialdeko alderdi politiko nagusien babesa jaso du, hala nola Hezbollah eta haren aliatuena –xiitak dira–, baita Saad Hariri lehen ministro ohiaren Etorkizuneko Mugimendua alderdiarena ere —sunitak dira–. Parlamentuko hamahiru diputatuk ez dute bozketan parte hartu, beren karguari uko egin ondoren.

«Eskua eman eta esfortzua batera egiteko unea da, Libanoko herritarrek esperantza izan dezaten berriro», adierazi die Adibek kazetariei. Neurri ekonomikoak hartzeko gai izango diren profesionalak aukeratuko dituztela zehaztu du: «Espero dugu gobernua eratzean euren arloan profesionalak diren kideak aukeratzea; beharrezkoak diren finantza neurriak eta erabaki ekonomikoak hartzen trebeak izan behar dute».

Portuko leherketak areagotutako krisiari aurre egin beharko dio Adiben gobernuak. Munduko Bankuaren arabera, Libanok 506 eta 636 milioi euro artean beharko ditu 2020. urtea amaitu baino lehen.

Libanok lau erronka ditu egun: eztandaren ondoren leheneratze eta berreraikitze lanak egitea, leherketaren inguruko ikerketa egitea, finantza eta ekonomia erreformak aurrera eramatea, eta sistema politikoa bera berregituratzea, egun herrialdeak dituen arazo gehienen sortzailea baita.

Lehen ministroaren aukeraketa Emmanuel Macron Frantziako presidentea herrialde horretara helduko den egun berberean izan da. Beiruteko portuan eztanda egon zenetik Frantziako presidenteak herrialdera egiten duen bigarren bidaia da. Macronek eskatu die Libanoko politikariei elkar ulertzeko, eta erreformak egiteko, ustelkeriaz beteta egon diren azken hamarkadetako sistema aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.