Libanoko gatazka amaitzeko «benetako aukera bat» dagoela uste du AEBetako bitartekariak

Etxe Zuriko ordezkari bat Beiruten da, Hezbollahren eta Israelen arteko menia negoziatzeko: «desadostasunak murriztu ditugu», ziurtatu du. Libanok esan du AEBen proposamena onartuko duela, baina zenbait iruzkin egin dizkio.

AEBetako ordezkari Amos Hochestein eta Libanoko Parlamentuko presidente Nabih Berri, gaur, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
AEBetako ordezkari Amos Hochestein eta Libanoko Parlamentuko presidente Nabih Berri, gaur, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko azaroaren 19a
14:34
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko ordezkari Amos Hochsteini iruditzen zaio «benetako aukera bat» dagoela Hezbollahren eta Israelen arteko gatazkarako su etena adosteko. Beirutera heldu da gaur, eta Nabih Berri Libanoko Parlamentuko presidentearekin batzartu ostean egin ditu adierazpen horiek. Gero, Najib Mikati herrialdeko lehen ministroarekin ere hitz egin du. Aurreko astean, Etxe Zuriak su eten proposamen bat egin zuen, eta, gaur, Hochsteinek Libanoren erantzuna jaso du. Halere, ez du negoziazioen inguruko xehetasunik eman, datozen egunetan bi aldeek meniaren inguruko erabaki bat hartzea espero duela baino ez du aurreratu.

Libanoko Gobernua eta Hezbollah talde xiita AEBen proposamena onartzeko prest daudela adierazi dio Libanoko Parlamentuko presidentearen aholkulari batek gaur Reuters berri agentziari. Atzo, Libanoko lehen ministroak jakinarazi zuen Beirutek egokitzat jo duela Etxe Zuriaren proposamena, baina Al-Araby telebista katean azaldu zuen zenbait puntu argitu behar dituztela.

Horretarako, gaur Hochsteinekin batzartu da. Mikatik Etxe Zuriko ordezkariari nabarmendu dio Beiruten asmoa dela menia bat adostea, Libanoren aurkako erasoak amaitzea, eta herrialdearen subiranotasuna mantentzea. Baldintza horiek betetzen dituen akordioak «lehentasuna» izango duela jakinarazi du Mikatik, bilkuraren ostean egindako adierazpenetan.

Berriren aholkulariak Beirutek AEBen proposamenari egindako iruzkinen berri eman dio Reutersi. Ziurtatu du iruzkin horiek NBE Nazio Batuen Erakundearen 1701. ebazpenarekin bat datozela. Ebazpen horrek Israelen eta Hezbollahren arteko gatazkaren amaiera ekarri zuen, 2006an. Haren arabera, Libanoko hegoaldean, Israelgo mugatik 30 kilometroko distantzian bi talde armatuk baino ez dute tokia: Libanoko armadak eta NBEren kasko urdinek. Libanoko Gobernuko iturri ofizial bat aipatuz, zenbait hedabidek jakinarazi dute Washingtonen proposamenak 60 eguneko menia bat jasotzen duela.

Israelek salatu izan du Hezbollahko kideak NBEren ebazpenak aipatzen duen gunean egon direla, eta, beraz, ebazpena ez dutela bete. Era berean, Beirutek ebazpena urratzea egotzi izan dio Tel Avivi, esaterako, Libanoko aire espazioan gerra hegazkinak sartuta. Bestalde, urriaren hasieratik, NBEren ebazpena etengabe urratu du Israelek: Libanori lurrez erasotzen hasi zen orduan.

Libanon sartzeko «askatasuna»

Libano hegoaldean lurrez ari da erasoak egiten, eta Beiruten, airez. Azken egunetan, Libanoko hiriburuan bonbardaketak ugaritu ditu Tel Avivek; gaur, gutxienez hiru pertsona hil dituzte eraso horietako batean. Bonbardaketa horiei erreferentzia eginez, Israel erasoak egiten ari den bitartean, negoziatu nahian dabilela gaitzetsi du Libanoko Parlamentuko presidentearen aholkulariak. Halere, Beirutek bere jarrera ez duela aldatuko ziurtatu du, eta gaineratu su etenaren akordioaren arrakasta Tel Aviven eskuetan dagoela.

Menia zaildu dezake Israelen eskaera batek: Israelgo armadak Libano hegoaldean sartu ahal izateko askatasuna edukitzea eskatzen du Tel Avivek, Hezbollahk su etena urratuz gero esku hartu ahal izateko. Hori, negoziatu ezin den baldintza bat dela adierazi zuen Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak, iragan astean Alderdi Sionista Erlijiosoaren bilkura batean. Israelgo Haaretz egunkariak jakinarazi duenez, AEBetako ordezkaria Israelera joango da Libanok su etenaren proposamenari egindako iruzkinak jaso ostean.

G20koen adierazpena

Rio de Janeiron (Brasil) batzartuta daude G20 taldekoak, eta, gaur goizaldean, adierazpen bateratu bat egin dute Libanoko, Gazako eta Ukrainako gatazken inguruan. Su etena eskatu dute Gazarako zein Libanorako, beren etxea utzi dutenak itzultzeko modua izan dezaten. Laguntza humanitarioaren sarbidea erraztu behar dela, eta zibilen babesa bermatu behar dela ere adierazi dute.

Norvegiak Nazioarteko Justizia Auzitegira eraman nahi du unrwaren auzia

Israelek UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren aurka hartutako neurrien inguruko iritzia emateko eskatu nahi dio Norvegiak Nazioarteko Justizia Auzitegiari. Norvegiako lehen ministro Jonas Gahr Storek adierazi du nazioarteak ezin duela onartu Israelek oztopoak jartzen jarraitzea laguntza humanitarioa ematen duten erakundeei. Nazioarteko Justizia Auzitegiari horren inguruko iritzia eskatzeko, ebazpen proiektu bat lantzen hasi da Oslo. NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak ebazpen hori onartu behar du, jarraian, Nazioarteko Justizia Auzitegiari iritzia eskatu ahal izateko.
Urriaren amaieran, Israelgo Parlamentuak bi lege onartu zituen UNRWAri Israelen jardutea debekatzeko. Lege horiek indarrean, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak ezingo luke Gazako laguntza humanitarioaz arduratu, ezta  Palestinako lurralde okupatuetan zerbitzurik eman ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.