Israelgo armadak Libanotik lurrez ihes egiteko pasabide bat suntsitu du gaur goizaldean. Libanoko ipar-ekialdean dagoen Qaa herria eta Jusiya (Siria) lotzen dituen igarobidea bonbardatu du Tel Avivek. Aurrez, urriaren 4an, Masnaako pasabideari egin zion eraso; bi herrialdeetako hiriburuak, Beirut eta Damasko, lotzen dituen igarobide nagusia zen hori. Gaur, Libanoko Garraio ministro Ali Hamiehek AFP agentziari jakinarazi dionez, bi pasabide horiek suntsituta, igarobide ofizial bakarra geratzen da erabilgarri Libanotik Siriara joateko.
Israelgo armadak, Telegram kanalean, bere gain hartu du ipar-ekialdeko igarobidea bonbardatu izana. Argudiatu du Hezbollahk pasabide hori erabiltzen zuela Libano eta Siria artean armak garraiatzeko. Libanok Mediterraneo itsasoa du mendebaldean, Israel hegoaldean eta Siriarekin egiten du muga iparraldean zein ekialdean. Beraz, bertako herritarrek, lurrez, Siriara baino ezin dute ihes egin. Eta, orain, ekialdeko eta ipar-ekialdeko pasabideetan Tel Aviven aire erasoek errepideak suntsitu dituzte.
UNHCR, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak mugako azpiegiturei egindako erasoak gaitzetsi ditu. Gonzalo Vargas Llosa UNHCR-ren Siriako ordezkariak mugako pasabideak bonbardatzeak sor ditzakeen ondorioen berri eman du, X sare sozialean: «Ihesbideen aurkako erasoak nahita ugaritzeak arriskuan jartzen ditu errugabeen bizitzak. Litekeena da ihes egin nahi dutenetako asko, orain, ikaratuegi egotea pasabide horiek erabiltzeko».
Libanoko Gobernuak emandako datuen arabera, milioi bat herritar baino gehiagok utzi dute beren etxea joan den irailean Israelek Libanon oldarraldia areagotu zuenetik. Gainera, UNHCR-ren arabera, 430.000 lagun inguruk egin dute ihes Libanotik Siriara.
Kazetarien aurka
Libano hegoaldean ere egin ditu erasoak gaur Israelgo armadak. Libanoko Berri Agentzia Nazionalak jakinarazi du horietako batean hiru kazetari hil dituztela. Hildakoetatik bi Al-Mayadeen telebista katekoak ziren, eta bestea, Al-Manar katekoa. Ziad Makari Libanoko Informazio ministroak hiru kazetarien hilketa «gerra krimen» gisa definitu du, X sare sozialean.
Israelgo armada oraindik ere erasoan ari da Gazan. Zerrendaren hegoaldean, Khan Yunis hiriko eraikin bonbardatu du gaur goizaldean Tel Avivek. Associated Press agentziak, iturri ofizialak aipatuz, jakinarazi du 38 lagun hil dituztela eraso horretan.
163Libanon azken urtean hil dituzten erreskate eta osasun langileak. Libanoko Osasun ministro Firass Abiadek jakinarazi duenez, 163 erreskate eta osasun langile hil dituzte aire erasoz, iazko urrian Hezbollahren eta Israelen arteko gatazka are eta gehiago gaiztotu zenetik.