Libanoko Alderdi Komunistako Nazioarteko harremanetako arduraduna

Omar Deeb: «Libano espetxe handi bat da egun»

Libanoko egoera are gehiago gaiztotu da azken 24 orduetan. Herritarrak ihesean doaz, eta ospitaleak gainezka daude. Deeben ustez, «errefuxiatu krisia» dago herrialdean.

Omar Deeb. BERRIA
Omar Deeb. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 24a
15:10
Entzun

Libanoko Alderdi Komunistako Nazioarteko Harremanetako arduraduna da Omar Deeb (Sawfar, Libano, 1983). Herrialde barruko politikak, ordea, garrantzia galdu duela dio: «Gure arteko liskarrak alde batera utzi ditugu, eta bat egin dugu herritarrei laguntzeko». Izan ere, Israel Libanoko herritarren aurka «eraso basatia» egiten ari dela salatu du. Ez du uste Israelek Libano inbadituko duenik, baina egoera luze gabe okertuko dela uste du: «Libanoko herritar oro dago arriskuan»

Nolakoa da Libanon bizi zaretenon egoera gaur egun?

Azken 24 orduetan 500 martiri inguru hil dituzte Israelen erasoek, eta 1.600 zauritu baino gehiago eragin. 100.000 barne desplazatu baino gehiago daude bonbetatik ihesean; kopuru hori, gainera, momentu oro ari da handitzen, jendea beldur delako luze gabe zer etorriko den. Barne errefuxiatuen krisia dugu: atzo milaka pertsonak etxea utzi behar izan zuten, eta autoan lo egin. Erasoetatik doaz ihesi, baina ez daukate nora joan. Askok autoan egin dute lo. Eta hori autoa dutenek, hainbat kalean baitaude lotan.

Autoa hartu eta ihes egin duten horien argazkiak munduan zabaldu dira. Baina nora doaz? Libanon badago leku segururik?

Libanoko egitura sektarioa dela eta, zenbait eskualdetan Hezbollahk ez du ia presentziarik. Drusoak edota kristauak dauden eskualdeetan, adibidez. Xiitak gehiengoa diren eskualdeetatik horietara egiten dute ihes, uste dutelako Israelek ez diela eraso egingo. Eta hori egia izan daiteke. Baina Israelek lurralde osoari egin diezaioke eraso, ez du zertan ezberdindu. Jendeak ihes egiten du luze gabe egingo dituzten erasoetatik babesteko seguruagoak diren lekuetara; baina aste batzuk barru agian ez dira seguruak izango. Libanoko herritar oro dago arriskuan.

Eraso ikaragarria egin dute, Gazan azken hamaika hilabeteetan egin dituztenen antzekoa. Eta, dirudienez, eraso horiekin jarraituko dute; hala adierazi baitute Israelgo agintari militarrek. Baina ez da bakarrik atzoko erasoa. Joan den astean, gizartean izua hedatzeko erasoak egin zituzten: milaka bilagailuren aurkako zibererasoa egin zuten asteartean, esaterako. Jende asko hil zen hango hartan: zibilak, langileak, medikuak... Joan den asteko eraso horiek atzoko erasoa prest uzteko egin zituzten. Israelek bete-betean egin die eraso Libanoko herritarrei.

Jendeak Libanotik alde egin du?

Herrialdetik jende gutxik egin dezake ihes. Beste herrialdeetan etxebizitza bat, bigarren pasaporte bat edo epe luzerako bisak dituztenak gutxi dira. Eta beste herrialde batean denbora luzez bizitzeko adina diru dutenak ere bai. Hori egin ahal izan dutenek ihes egin dute jadanik. Gainera, jendeak ezin du eskualdeko beste herrialdeetara ihes egin. Libano espetxe handi bat da egun.

Eguneroko bizitza nola aldatu da? Erosketak egitea, adibidez.

Jendea izuak jota dago, eta ahal duen guztia erosten saiatzen da: ogia, zerealak, janari kontserbak eta gasolina, besteak beste. Dendak luze gabe itxiko dituztela uste dute. Aireportua eta portua ere itxiko ote dituzten beldur dira. Horregatik, herritarrak ahal duten beste metatzen ari dira. Hala ere, ez dugu jatekoa segurtatua izango. Agian, orain ez da arazo bat, baina astebete edo bi aste barru baliteke hala izatea. Inork ezin du ziurtatu denbora gutxi barru dendek beharrezko jaki denak izatea.

Elkarri laguntzeko nolabaiteko sarerik sortu da?

Elkartasun handia dago herritarren artean. Baita erakundeen eta alderdi politikoen aldetik ere. Denok ari gara nolabait antolatzen laguntza banatu ahal izateko eta desplazatutako jendeari babesa emateko. Guk, adibidez, hainbat ekintza ditugu osasunaren sektorean, eta anbulantziak mugiarazten ari gara lehen arreta erasoek kalte egindako guztiengana hel dadin. Bestetik, ekarpenak biltzen ditugu nazioartetik.

Nola daude ospitaleak?

Ospitaleak gainezka daude. Iragan astean 3.000 zauritu inguru zeuden, eta atzo, 1.600etik gora. Beraz, ospitaleetan ia ez dago lekurik. Atzo, Osasun Ministerioak erabaki zuen ezinbestekoak ez diren ebakuntzak etetea behin-behinean, ospitaleak kasu larrietarako baino ez erabiltzeko. Azken egunetan gertatutakoagatik izan da hori. Datozen asteetan, egoerak okerrera egingo du, eta baliabideak gero eta eskasagoak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.