Libanoko Hezbollah milizia xiita eta Israelgo armada ia etenik gabe aritu dira borrokan Israelek Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuenetik; asteon, ordea, tentsioak nabarmen egin du gora fronte horretan, eta kezka eragin du bi aldeen artean gerra ireki bat pizteko aukerak. Abagune horretan esan ditu hitzok, gaur, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak: «Mugimendu azkar batek, oker txiki batek, hondamendi bat eragin dezake, zeinak ondorioak izango lituzke muga horretatik harago ere». Eta gehitu du: «Ezin dugu utzi Libano beste Gaza bat bihurtzen».
Fronte horretako giroa gaiztotu egin da asteazkenean Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek X sare sozialean idatzitako txio baten harira. Katzek ohartarazi zuen armada «prest» dagoela milizia xiitarekin «erabateko gerra bat» hasteko. Handik ordu gutxira erantzun zuen Hezbollahko buru Hassan Nasrallahk; esan zuen ez dutela asmorik Israelen aurkako «gerra ireki bat» hasteko, baina jakinarazi zuen Libano «lehorrez, airez eta itsasoz» defendatuko luketela Israelek haien aurkako «erasoaldi bortitz bat» hasiko balu.
Eta urriaren 7az geroztik aurrenekoz, mehatxu egin zion Europako herrialde bati, Zipreri, argudiatuta herrialde horrek asmoa duela bere base militarrak eta aireportuak uzteko Israelgo armadari. Ziprek ere denbora gutxiren buruan erantzun zien Nasrallahren akusazioei: hango gobernuko bozeramaile Konstantinos Letimbiotisek herrialdearen «jarrera neutroa» nabarmendu zuen.
Gaur-gaurkoz, mehatxuak eta ohartarazpenak baino ez dira Hezbollahk eta Israelek elkarri egindakoak, eta, halere, baten eta bestearen alde lerratu dira AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Iran. Etxe Zurian lan egiten duen lekuko bat aipatuz CNN hedabideak kaleratu duenez, Washingtonek «erabateko babesa» emango lioke Israeli. Hain justu, asteon Tel Aviven izan dira AEBetako Segurtasun aholkulari Jake Sullivan eta Estatu idazkari Antony Blinken, Israelgo armadaren hurrengo «pauso estrategikoak» eztabaidatzeko.
Irango Gobernuak, bestalde, atzo argitaratutako prentsa ohar batean nabarmendu du Hezbollahk Libano defendatzeko «erabateko gaitasuna» duela. Are, dokumentu horren bidez, Teheranek Tel Avivi ohartarazi zion «erregimen sionista» izango litzatekeela «galtzailea» milizia xiitaren aurkako gerra ireki batean.
24 ordu krudel
Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik zortzi hilabete igaro diren honetan, Israelgo armadak zerrenda etengabe bonbardatzen jarraitzen du. Azken orduetan nabarmen gogortu dituzte Gaza iparraldearen aurkako erasoak, eta, horien ondorioz, ehun palestinar baino gehiago hil eta ia berrehun zauritu dituzte azken 24 orduetan, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.
Ministerio horren esanetan, azken orduetako bonbardaketen bidez soldadu israeldarrek «hiru masakre» egin dituzte: bat errefuxiatuentzako Al-Xati kanpalekuan, Gaza Hiriaren mendebaldean; beste bat al-Tuffah kanpalekuan, Gaza Hiriaren ekialdean; eta, hirugarrena, Gaza Hiriko Zeitun auzoan. Urriaren 7tik hona, Israelgo armadak 37.551 palestinar hil eta 85.900 baino gehiago zauritu ditu, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.
Horiek hala, zerrendan laguntza humanitarioa ematen duten elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute «egoera geroz eta krudelagoa» dela. Besteak beste, OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak gaur ohartarazi du «geroz eta arriskutsuagoa» dela zerrendan laguntza humanitarioa ematea; Israelen etengabeko bonbardaketez gain, «lapurretak eta erasoak» areagotzen ari direlako kalean. Bestalde, kritikak eragin ditu Israelgo armadak herenegun Gurutze Gorriaren bulegoaren aurka —22 pertsona hil zituzten— egindako erasoak. Horren harira, hauxe esan du Josep Borrell Europako Batasuneko goi mandatariak: «Zibilak babestea Genevako Adierazpenean jasotako eta gatazkako alde guztiek bete beharreko arau bat da».
KUBAK eta armeniak PAUSO BAT EMAN DUTE PALESTINAREN ALDE
Israel Gazako zerrendan egiten ari den sarraskia dela eta, geroz eta herrialde gehiago ari dira Palestinaren aldeko pausoak ematen. Kubako Gobernuak gaur iragarri duenez, erabaki du bat egingo duela Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian Israelen aurka jarritako salaketarekin: «genozidioa» leporatzen diote. Gaur-gaurkoz, Espainiak, Mexikok, Kolonbiak, Nikaraguak eta Libiak berretsi dute Hegoafrikak aurkeztutako salaketa.
Bestalde, Palestinako Estatua aitortu du Armeniak, hango Atzerri Ministerioak prentsa ohar baten bidez atzo jakinarazi zuenez. «Bi estatuen konponbidearen alde gaude, eta uste dugu hori egia bihurtzeko modu bakarra Palestinako Estatua aitortzea dela».